Alaitz Arbilla. Trafiko istripu bateko biktima

«Guztiok izan behar dugu buruan hau: zero biktima errepideetan»

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Soilik lau urte zituela, auto istripu larri bat izan zuen Alaitz Arbillak (Iruñea, 1982), eta, istripuaren ondorioz, aulki gurpildunean gelditu zen. Gaur egun, trafikoaren inguruan prebentzioa eta kontzientziazioa lantzeko hitzaldiak ematen ditu, gazteentzat. Nabarmendu duenez, autoan «ahalik eta gehien» murriztu behar dira distrakzioak.

Noiz hasi zinen trafiko kontzientziazioaren inguruko hitzaldiak ematen?

Gutxi gorabehera, duela bost urte hasi nintzen hitzaldiak ematen. Eta uste dut gazteek ulertzen dutela transmititu nahi diedan mezua. Izan ere, beharrezkoa iruditzen zait errepidearen beste aurpegia erakustea. Nire hitzaldiak entzuten dituzten gazte asko etorkizunean gidariak izango dira; beraz, beharrezkoa da errepidearen alde ezkutua ezagutzea.

Zer behar dute gazteek esaten diezuna berenganatzeko?

Nire ustez, ez ditugu umeak bezala tratatu behar. Albo batera utzi behar ditugu zigorrak eta debekuak: hori da garrantzitsuena. Gazteak bere buruan pentsatu behar du, baina baita besteengan ere. Horrek esan nahi du oinez, bizikletan, autoan... ezin direla nahi duten moduan ibili. Elkarbizitza arauak errespetatu behar dituzte, baina ez bestela isun bat jaso dezaketelako, baizik eta bizikidetzaren mesedetan.

Errepidean elkarbizitzaren alde egiteko gomendiorik?

Guztiok izan behar dugu buruan hau: zero biktima errepideetan. Azken hogei urteotan asko jaitsi da errepideetako auto istripuen eta haiek eragindako hildakoen kopurua. Gauzak ondo egiten ari garen seinale da hori, baina oraindik hobeto egin behar ditugu. Errepidean hildako batek familia suntsitu bat dakar berekin. Umetan horregatik esaten ziguten gurasoek errepidean kontuz ibiltzeko, eta arrazoi zuten: gauzak ondo egin behar ditugu. Egia da errepidean milaka distrakzio daudela, sakelakoko mezu bat erantzutea, adibidez. Norberak zaindu behar du hori, eta distrakzioak ahalik eta gehien murriztu.

Aurrera begira, uste duzu halako kanpainek eragina izan dezaketela?

Gazteek formakuntza ona daukate, gero eta informatuago daude. Espero dut horrek gizartean gauzak hobetzeko balio izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.