Koronabirusa

%3,2 da positiboen ehunekoa Hego Euskal Herrian

2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Birusaren transmisioari buruzko datuak eman zituzten atzo Hego Euskal Herriko agintariek, eta horiek erakusten dute aurreko egunetako goranzko joeraren ondotik herenegun behera egin zuela egun bakarrean zenbatutako positibo kopuruak: zehazki, beste 368 kasu positibo atzeman zituzten asteazkenean egindako diagnostiko testetan. Guztira, 11.247 diagnostiko proba egin ziren Hegoaldean, eta, beraz, %3,2 izan zen positiboen portzentajea. Hain zuzen ere, OME Osasunaren Munduko Erakundeak gehienezko mugarritzat ezarria duen langatik beherakoa da. Osakidetzak egindakoetan %3,3 izan da datua, eta Osasunbideak egindakoetan, berriz, %3.

Hegoaldeko lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian 158 positibo atzeman ziren herenegun; Gipuzkoan 91 izan ziren zenbatutakoak; Nafarroan, 67, eta Araban, 41.

Ospitaleei begira, Hego Euskal Herrian COVID-19ak jota ospitaleraturik direnen kurbak maldan behera jarraitzen du apurka-apurka. Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, herenegun beste 41 lagun erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta, eta guztira 292 paziente dira birusarekin ospitaleratuak, bezperan baino bat gutxiago. Horietako 188 gela arruntetan daude, eta 104, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino bi gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.