Koronabirusa

Heriotzen kopuruak beherantz jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Zortzi lagun hil dira COVID-19agatik hilaren 14tik 20ra. Asteartean 246 positibo atzeman ziren

Herritar talde bat, Donostian, maskara jantzita. GORKA RUBIO / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun

Birusaren transmisioari buruzko datuetan ez ezik, azken egunotan heriotzei buruzko zenbakietan ere argi islatzen ari da laugarren olatu deitutakoaren beherakada. Izan ere, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak argitaratutako datuen arabera, ekainaren 14tik 20ra zortzi lagun hil ziren COVID-19 gaitzagatik Hegoaldean. Horietatik bat Nafarroan zendu da. Gainerako zazpiak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagozkie. Ipar Euskal Herriko datuei dagokienez, oroitu beharra dago osasun agintariek ez dituztela eskaintzen lurraldeka.

Oraingo datuei erreparatuta, urruti geratu dira urte honen hasieran izandako kopuruak, eta baita izurriaren lehen hilabeteetakoak ere. Kasurako, urtarrilaren 18tik 24ra bitartean, 136 lagun zendu ziren gaitzak jota, eta hildakoen kopurua 148ra iritsi zen otsaileko lehen zazpi egunetan. Are urrutiago daude iazko datu lazgarriak, izurria bete-betean zenekoak: asteko hildakoen kopurua 400 lagunen langara iristear egon zen. Orotara, iazko apirilean 1.247 lagun hil ziren gaitzarekin, pandemiaren hilabeterik saminenean. Oro har, iazko datuak hain izan ziren larriak, ezen eragina izan baitzuten datu demografiko orokorretan: 2020a inoizko heriotza gehieneko urtea bilakatu zen. Zortzi heriotzatik bat bederen COVID-19ari lotuta egon zen.

Egunotako kopuruak, berriz, hurbiltzen ari dira iazko uztaileko baloreetara. Data horien bueltan, zenbait astetan bi edo hiru lagun besterik ez zen zendu Hego Euskal Herrian gaitzarekin. Gogoratu beharra dago, baina, iazko abuztuan hildakoen kopuruek berriro gora jo zutela, eta 2020ko azaroan izan zutela punturik gorena.

Orain, txertaketa kanpainan jarrita daude itxaropenak. Jakina da txertaketak ez duela bermatzen transmisioa erabat etetea, baina ahalbidetzen du ondoriorik larrienak ez nozitzea. Gauzak ondo bidean, txertaketa kanpainak aurrera egin ahala, espero izatekoa da horrek ere isla izatea heriotzen kopuruetan.

Eskura dauden azken datuei helduta, Hegoaldeko biztanleen %35ek osatua dute pauta osoa. Milioi bat lagunek hartu dute immunitatea ahalbidetzen duen pauta. Bestalde, milioi eta erdi pertsonak baino gehiagok hartua du jada dosiren bat, populazioaren %53k, hain justu.

Adin tarteetan ere, aurrera doaz bi osasun sistemak. Izan ere, bai Osasunbidea eta bai Osakidetza hasiak dira deitzen 40 urtetik beherakoei, txertoaren lehen dosia har dezaten.

Positiboak, gorantz

Koronabirusa atzemateko probei dagokienez, herenegungo datuek txarrera jo dute. Izan ere, asteartean Hegoaldeko osasun zerbitzuek 8.362 diagnostiko proba egin zituzten, eta horietatik 246k positibo eman zuten. Alderatzeko, igandean eta astelehenean atzemandako positiboak 119 eta 184 izan ziren, hurrenez hurren. Lurraldeka, Bizkaian 77 positibo detektatu ziren; Gipuzkoan, 70; eta Nafarroan, 59. Hortaz, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan gora egin dute positiboek.

Erietxeetako datuei dagokienez, onerako bidea mantentzen dute. Asteartean 133 lagun zeuden ospitaleetan, eta, horietatik 48 ZIUetan zeuden. Zenbaki guztiek hobera egin duten arren, bereziki nabarmentzekoa da ZIUetako egoera. Izan ere, aspaldiko partez ez da hain txikia izan okupazioa. Ekainaren hasieran, esaterako, 106 lagun zeuden zainketa intentsiboetako geletan, eta kopuruak behera baino ez du egin. Atzerago joanda, hobekuntza are nabarmenagoa da: maiatzaren hasieran, ohikoa izan zen ZIUetako okupazioa 200etik gora mantentzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.