Albistea entzun

Plastikoa, erregaien iturri

Gero eta zabor elektroniko gehiago dago teknologien gizartean. Arazoa onura bihur daiteke, ordea. Hondakinak berrerabiliz, hidrogeno garbia eskuratzeko sistemak garatzen ari dira.
Hondakin elektronikoak tratatzeko planta bat, Tenerifen (Espainia); berotegi efektua duten gasen %99 garbitzea lortu dute.
Hondakin elektronikoak tratatzeko planta bat, Tenerifen (Espainia); berotegi efektua duten gasen %99 garbitzea lortu dute. DAVID BUSTABAD / EFE

Arkaitz Almortza Muro -

2015eko martxoak 22

Gizarte kontsumistaren ondorio dira zabortegietako hondakin mendiak. Denborak aurrera egin ahala, gero eta handiagoak dira, eta alarma gorriak pizten hasiak dira. Izan ere, hainbat herritan zaborra metatzeko leku faltan daude, eta horrek kezka eragin du. Arazoa konpontzeko, hainbat neurri hartzen hasi dira herritarrak, hala nola zaborra gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Eta fruitu interesgarriak ematen ari da bide hori. EHUko ikertzaile Andoni Salbidegoitiak (Bilbo, 1984) zaborretako plaka elektronikoetatik hidrogeno garbia lortzeko sistema bat garatu du, adibidez, erregai gisa erabili ahal izateko.

Azken urteotan, hamaika eztabaiden iturri bilakatu da zaborren afera. Baina hiri hondakinak ez ezik, zabor elektronikoak ere ekarri ditu teknologien aroak XXI. mendean. Salbidegoitia ikertzaile gazteak ongi ezagutzen du errealitatea: «Egun, zabor elektronikoa hirugarren mundura ari gara bidaltzen, eta han ez dituzte baliabideak hondakin horiek birziklatzeko; gainera, dagoeneko debekaturik dago garatze bidean dauden herrietara zaborra igortzea. Hori dela eta, gure ardura da zabor hori kudeatzea».

Arazoari irtenbideak bilatzeko erronkan, plastiko hondarrak behar bezala aprobetxatuz eskura daitezkeen onurak ikertzen ari dira Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Sailean; Ingurumenaren Iraunkortasunerako Teknologia Kimikoei buruzko ikerketa taldeko kidea da Salbidegoitia: «Plastikoa petroliotik eskuratzen da. Horrenbestez, atzerako prozesua erabiliz, hidrogenoa edota erregai likidoa eskura daiteke». Horretarako, tratamendu bat edo beste erabiltzen dute, plastikoaren arabera. «Sakelako telefonoek, ordenagailu eramangarriek, tabletek... txipak, plastikoak edota metal asko izan ditzakete. Behar bezalako tratamendua erabiliz, plastikoaren lehengaia eskura genezake, hots, hidrokarburoak. Aldi berean, hondakinek dituzten metalak berreskura daitezke berriro erabili ahal izateko».

Plastikotik erregaietara

Japoniak urteak daramatza buru-belarri arazoari aurre egin nahian. Bilboko ikertzaileak urte erdi eman zuen Japoniako National Institute of Advanced Industrial Science and Technology zentroan, han martxan dituzten ikerketa lanak ezagutzeko helburuarekin —patente bat sortu duen ikerketa batean parte hartu zuen—. «Teknologien alorrean, mundu osoan Japonia izango da gehien garaturiko herria; aldiz, ez dute sortzen duten zaborra biltzeko lekurik. Horrenbestez, neurriak hartzeko unea heldu zaie».

Hondakinetatik energia garbia eskuratzeko, zaborra gasifikazio prozesu batean murgildu beharra dagoela azaldu du. «Hondakinak ur lurrunarekin tratatzen dira, metalek jarduten dute, eta baldintza zehatzetan, hidrogeno gasa lortzen da». Eguzki atera berriaren inperioan hainbat tratamendu planta dituzte jada, gasifikazioaren bitartez erregaia lortzeko. «Oso bitxia da Japoniako prozesua. Adibidez, DVDetatik plastikoa eskuratzen dute, gasolinaren antzeko erregaia lortzeko. Ondoren, gasolinarekin nahasten dute, eta traktoreetan erabiltzen dute normal-normal».

Gaur egun, Euskal Herrian ez da gasifikazio plantarik. Bilboko ikertzailearen esanetan, uste baino garbiagoak dira tankera horretako guneak; zaborren arazoari irtenbidea bilatzeko modu egokia izan daitekeela deritzo, hondakinak birziklatzeko eta petrolioaren amaierari egunak luzatzeko aukera emanen baitu, haren ustez. Dena den, garaian garaiko gizarteak adostuko ditu erabili beharreko neurriak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregia. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Irregulartasunak sumatu dituzte lan eskaintza publiko batean, Bizkaian

Gotzon Hermosilla

Foru Aldundiak albaitariak kontratatzeko azterketetan izan da. Bederatzi hautagaitan bakarrak asmatu zituen kasu praktiko baten erantzun zuzenak. Salaketa bat jarri dute Fiskaltzaren aurrean

Hezkuntza batzordea bilduta, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Ikastetxe publikoetan ikasten dute atzerrian jaiotako ikasleen %69k

Irati Urdalleta Lete

Emaitza okerragoak dituzte A eta B eredu publikoko ikasleek: erdiek ikasturteren bat errepikatu dute

Durangoko kaleak —Bizkaia— erdi hutsik, iazko urrian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Konstituzionalak legez kanpokotzat jo du bigarren alarma egoera ere

Edurne Begiristain

Alarma egoera luzatzea eta eskumenak erkidegoen esku uztea legez kontrakotzat jo ditute. Urkulluk eta Txibitek «harridura» azaldu dute

Rcardo Etxepare (eskuinean), Noam Chomsky hizkuntzalaria agurtzen, 2006an. ©Imanol Otegi / Foku

EHUko udako ikastaroetako zuzendari ohi Ricardo Etxepare zendu da

Gotzon Hermosilla

Bizitza unibertsitateari lotua eman zuen, baina politikan ere aritu zen, eta Irungo alkatea izan zen bolada labur batez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.