«Beste erronka bat behar dut orain»

Dani Garciak ofizialki iragarri du Eibar utziko duela, orain bi aste BERRIAri aurreratu eta gero. Sei denboraldi osatu ditu, 2.B mailatik Lehen Mailara. Sasoi hau amaitzean esango du nora doan

Dani Garcia, negarrari eutsi ezinik, atzo, Ipuruan, agurreko prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta galdetu, bestela, Dani Garciari, Eibarreko jokalariari. «Duela bederatzi urte, Realeko gazte mailako taldeko aroa bukatu nuenean, inork ez ninduen fitxatu nahi, ez Bigarren B Mailan, ezta Hirugarrenean ere. Aukera bakarra Eibar B zen, baina Fran Garagarza kirol zuzendariak nire ordezkariari esan zion ez zuela behar zelai erdiko jokalari gehiago».

Kanpora joan behar izan zuen futbolari izaten segitzera, eta lehen nahi izan ez zutenek deitu zioten: Realak berreskuratu zuen Getafe B-tik duela sei denboraldi, 2012ko udan, eta Eibarri utzi zion. Gero, bi urte geroago, Realak ez zuen berreskuratzeko aukera baliatu, eta Eibarrek erosi zuen. Azkenean, sei urteren buruan, 222 partida jokatu ditu Eibarrekin, horietatik 135 Lehen Mailan. Badoala iragarri zuen atzo bertan, taldekide, klubeko langile, agintari eta kazetarien aurrean egindako agerraldian.

Hiru orrialdeko idatzia esku artean hartu, eta, hizketan hasi orduko negarrari eman bazion ere, lortu zuen irakurtzea, alboan, hasieran, Amaia Gorostiza presidentea zuela. Negar malkotan hasi orduko joan zitzaion laguntzera presidentea, eta Dani Garciak azkar esan zion: «Zuk irakurri». Baina ez, azkenean Eibarreko kapitainak berak irakurri zuen, eta aurreneko hitzetan duela bederatzi urteko egoera zaila ekarri zuen gogora: «Inork ez ninduen nahi izan...».

Orain bai, orain badu nork hartua, nahiz eta Dani Garciak ez zuen iragarri nora doan: «Beti eskatu izan diet taldekideei denboraldia amaitu arte taldea lehenesteko, eta nik neuk ere horixe bera egingo dut. Beraz, sasoia amaitu arte ez dut ezer esango».

Eskaera hori egin zuen testua irakurri eta gero, lasaitu zenean. Aurretik, idatzian zehar, hainbat jenderekin oroitu zen. Gaizka Garitanori «aita babeslea» deitu zion. Garitanoren agindupean lortu zituen Dani Garciak bi igoerak: 2013an Bigarren Mailara, eta urtebete geroago Lehen Mailara, klubaren historian aurreneko aldiz. Jose Luis Mendilibarrekin azkeneko hiru denboraldiak osatu ditu, eta «gertuko pertsona» gisa definitu zuen: «Erabat atxiki nau bere jokatzeko moduaren jarraitzaile moduan».

Entrenatzaileen aipamenaren ondoren, eskerrak eman zizkien klubeko agintariei, kirol arloko arduradunei eta, batez ere, laguntzaileei, lan isila eta zikina egiten duten horiei: «Denak dauzkat gogoan, baina, batez ere, Zapiko. Seguruenik, inoiz ez dizugu behar bezala eskertukoguregatik egiten duzun lan guztia».

«Itzuliko naiz, agian»

Taldekideak ere, nola ez, aipatu egin zituen: «Sei urte hauetan, pozak eta tristurak, denak izan ditugu elkarrekin. Ni banoa, baina talde esku onetan geratzen da; inor ez da ezinbestekoa». Eta Riesgok eta Ramisek kapitain lana egiteko emandako laguntza eskertu zuen. Zaleen inguruan, «bereziak» direla nabarmendu zuen: «Ezberdinak dira gure zaleak: badute aparteko zerbait».

Hiru orrialdeko testuarenak eginda gero, kazetarien galderei erantzun zien, eta, batean, Eibarrera itzuliko ote litzatekeen izan zuen aipagai: «Aho zapore onarekin noa, eta gustatuko litzaidake itzultzea. Baina jokalari moduan sasoiko egon beharko nuke, edozein moduz ez bainintzateke itzuliko».

Atzo kontatu zuenez, Eibarren jarraitzeko aukera eduki du: «Buruari buelta asko ematekoa naiz, eta, alde egiteko erabakia hartu eta gero ere, damutu izan naiz batzuetan». Txaloz agurtu zuten agerraldiko entzule guztiek. Txaloz agurtuko dute zaleek bihar Ipuruan, azken partidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.