Luis Mari Lopez Rekarte. Futbolari ohia

«Bartzelonak badaki dena eman beharko duela zerbait lortzeko»

Realaren sasoi hasiera onak ez du harritu Luis Mari Lopez Rekarte, uste baitu fitxaketa onak egin dituela. Haren arabera, kataluniarren aldarteak eragina izango du Bartzelonaren aurka jokatuko duen neurketan.

JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Alboko marrari itsatsita kilometro asko egindakoa da Luis Mari Lopez Rekarte (Arrasate, Gipuzkoa, 1962). Realeko eta Bartzelonako jokalari ohiak neurketa «polita» espero du bere talde ohien artean (16:00, Anoeta). Halere, aitortu du futbola ez duela askorik segitzen egun. Orain, Alpeetako glaziarretan, Dolomitetan eta bestelako mendietan egiten ditu kilometroak.

Realak eta Bartzelonak elkarren aurka jokatuko dute gaur, Anoetan. Nolako partida espero duzu?

Ikusteko eta jokatzeko polita izango da. Ez dakit zer gertatuko den. Bartzelona nola iristen den, Realak irabazi ahalko du. Bartzelonak badaki ehuneko ehuna eman beharko duela hemen zerbait lortzeko; bestela ez du ezer eskuratuko. Gozatzeko partida bat espero dut.

Realak nola egin diezaioke min Kataluniako taldeari?

Esandakoa: ikusi beharko da Bartzelona nola iristen den. Badakigu jokalari onenak nola dabiltzan: [Lionel] Messi, [Frenkie] De Jong, [Luis] Suarez, [Antoine] Griezmann... Haien asmoen araberakoa izango da. Hortik aurrera, Realak ere egin ditzake bere gauzak. Gero, badakigu kontua zer den; Bartzelona, Bartzelona da. Denek esaten dute gaizki ari dela, baina hortxe dago, lehen postuan.

Sasoi hasieran espero zenuenReala sailkapenean hor goian ikustea?

Ez da ezustekoa izan. Nire ustez, Realak asmatu egin du fitxaketekin, eta beteranoek ere aurreranzko urrats bat egin dute. Gauzak ondo ateratzen ari zaizkie, baina hau hasi besterik ez da egin. Otsailetik aurrera ikusten da ea nola egin dituzun gauzak, eta nolako taldea duzun benetan.

Realak orain artean jokoan egin dituen gauzetatik zer gustatu zaizu gehien?

Esan bezala, fitxaketak. Gero, ondo ari dira [Natxo Monreal eta Joseba Zaldua] hegaletako atzelariak, eta zelai erdian aurrerapausoa egin dute Martin Odegaardekin. Aurrean, [Mikel] Oiartzabal ezin hobeto ari da, eta [Cristian] Portuk ere lan handia egiten du. Hori igarri egiten da; taldea konfiantzaz ari da jokatzen, eta horregatik ez da ezustekoa laugarren egotea.

Imanol Alguacil entrenatzaile denetik, Realak datu onak ditu. Nola ikusten duzu Oriokoaren lana?

Hark konfiantza eta ilusioa izango ditu orain. Esan dizut, ez dakit nola amaituko den denboraldia, baina proiektu polita dago, eta konfiantza du bere taldearengan. Hori ikusten dut gehienbat; garai onean daude.

2010ean Lehen Mailara itzuli zenetik, Realak emaitza hauek eskuratu ditu Bartzelonaren aurka: bost garaipen, bi berdinketa eta bi porrot. Estatistika onak dira.

Bai. Bartzelonak badaki Donostiara nola etorri behar duen; konfiantzaz, eta, ehuneko-ehunean ez bada, jai du. Hiruzpalau urtean Bartzelonari egokitu zaio Anoetan aritzea bere jokalariak selekzioekin egon eta gero, eta handikap handia da hori, bai baitakite partida gogorra izango dela.

Aste honetan ere Txapeldunen Ligan aritzetik datoz. Eragina izan dezake horrek?

Ohituta daude horretara. Ez dut uste garai honetan kalterik egingo dionik; gero agian bai, baina orain ez.

Gaur Bartzelona menderatzea oso urrats garrantzitsua litzateke Realarentzat, ezta?

Hori, ziur. Irabaziz gero, sekulako aurrerapausoa emango du, eta beste taldeek esango dute: «Hor dago Reala, eta begira zer egin dezakeen Bartzelonaren aurka». Ez dakit Bartzelonak zenbat partida daramatzan galdu gabe, eta bihar Realak irabazten badu urrats handia egingo du.

Zein izan daitezke txuri-urdinen aurkaririk gogorrenak ligan?

Valentzia, agian. Halere, hiru lehiaketetan dago, eta Txapeldunen Ligak izugarrizko mina egiten du; Bartzelona eta Real Madrilentzat soilik da hori. Besteek asko sufritzen dute. Uste dut Valentziak otsailetik aurrera sufritu dezakeela. Ea Athletic nola ibiltzen den; Atletico Madrilek gora egingo du, Getafe ere talde gogorra da, eta Betisek talde polita du, nahiz eta jokoarekin soilik ez den ezer lortzen. Hiru edo lau talde ariko dira Realarekin lehian.

Zu Bartzelonan aritu zinen 1988tik 1991ra. Distantziatik begiratuta, klubak bere horretan segitzen duela uste duzu?

Klubak ziur baietz; emaitzek, ez, ordea. Hori aldatu egin da. Orain, dena irabazteko dinamikan daude. Oso polita da, baina, koska horretatik jaitsiz gero, arazoak hasten dira. Uste dut ezberdin dagoela, baina Bartzelona beti da Bartzelona.

Mantentzen duzu harremanik?

Bai, Realean baino gehiago. Delegatuaren oso laguna naiz.

Behin utzita, nola ikusten duzu futbola?

Ez dut askorik ikusten; beste dinamika batean nago orain. Mendira joaten naiz kuadrillakoekin; etxean egokitzen bazait, ikusten dut, baina ez naiz horretarako geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.