Txema Abendaño

Kanpoan zaildu, etxean gozatu

Hemeretzi urte daramatza Abendan?ok gurpil aulkiko saskibaloian; azken zortziak, Bilboko Bidaideak taldean. «Harro» dago egiten ari den ibilbideaz. Ez du garaipenak lortzeko gosea galdu.

BIDAIDEAK.
pettan uralde
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Eskuin hankako femurrik gabe jaio zen Txema Abendaño (Bilbo, Bizkaia, 1988). Baina horrek ez dio eragotzi saskibaloian bidea egitea, bere kirolik gogokoenean. Zuharrak taldean hasi zen, eta Bartzelonan, Toledon eta Vigon bederatzi urteko bidea egin ondoren, 2016an etxera itzuli zen, Bilbora. Ordutik gauza handiak lortu ditu, baina anbizioak berekin jarraitzen du, eta beti du buruan hobetzea. Haren taldeak, Bidaideakek, bi aste garrantzitsu eta erakargarri ditu aurretik, Espainiako Kopako eta Euroligako azken faseak jokatuko baititu.

Abendañok txikitatik zuen gustuko saskibaloia, eta, kasualitatez izan bazen ere, bidea egitea lortu zuen. «Maristetan ikasi nuen. Saskibaloian tradizio handia duen eskola da, eta beti egon naiz saskibaloiari lotuta. Nire elbarritasunarengatik ezin nuen nire klase kideekin lehiatu; beraz, igeriketa egokituan hasi nintzen».

Baina 16 urterekin saskibaloian jokatzeko urratsa egin zuen, Zuhurrak taldean —egun Bidaideak—. «Denbora-pasa bezala hasi zena zerbait serioa bilakatu zen lehen eskaintzak jasotzen hasi nintzenean. Garai hartan, Zuharrak Bigarren Mailan zegoen, eta 19 urterekin etxetik kanpo probatu nahi izan nuen. Bi urte egin nituen Bartzelonan, gero Toledora joan nintzen beste bi urtez, eta ostean Vigora. Urtebete egoteko asmoa nuen Vigon, baina bost urte egin nituen, bikotekidea aurkitu nuelako. 2016an Bilbora itzuli nintzen».

Beti izan zuen argi Bilbora itzuliko zela. «Oso etxekoa naiz, eta itzuli egin nahi nuen. Vigon nengoela, Bidaideak bere bidea egiten ari zen, eta proiektua nola hazten ari zen ikusten nuen. Zortea izan nuen deitu nindutelako, eta itzultzeko nuen gogoaren eta egin zidaten eskaintza ona kontuan hartuta, itzuli egin nintzen».

Baina Abendaño ez da saskibaloitik bizi. Egunero egiten du lan Bilboko Kale Nagusian. ONCEren kupoiak saltzen ditu bertan. Erraza ez den arren, lana, familia eta saskibaloia batzeko modua aurkitu du. «Goizeko zortzietatik lauetara egiten dut lan. Gero, etxera iristen naiz, eta denbora aprobetxatzen dut semeekin egoteko, eta zortziak aldera Txurdinagako kiroldegira joaten naiz entrenatzera. Hori izaten da astelehenetik ostiralerako plana. Astea luzea egiten bada ere, nire gogoekin eta emaztearen babesarekin eramangarriagoa egiten da dena».

Asteburu hau eta hurrengoak beteak izango dira Bidaideakentzat. Lehenik, Kopa izango dute, eta, ondoren, Euroliga. Denboraldiko fase erabakigarrienean daude sartuta bete-betean. «Niretzat denboraldiko unerik politena da. Liga hirugarren postuan amaitu ondoren, bi aste ditugu Kopako eta Euroligako azken faseak jokatzeko. Taldea une onean dago. Garaikurrak jokoan daudenean, motibazio gehiago dugu, eta txapelketa horiei heltzeko gogo handia dugu».

Iragan denboraldian Bilboko taldeak ustekabea eman zuen Kopan, eta garaikurra lortu zuten. Denboraldi honetan «iazko helburuekin» doaz, Abendañok azaldu duenez: «Presiorik gabe goaz, eta lehiakor izatera. Hori da nire ustez gakoa. Arantza kendu genuen iragan urteko Koparekin, final batzuk galduta genituelako. Baina, era berean, gogotsu gaude oraingoan ere. Lehen partidan faboritoak gara, Malagaren aurka, eta irabazten badiegu, Ilunionen aurkako finalerdia jokatuko dugu. Oso aurkari gogorra izango litzateke».

Europan ere zeresana emango dute. Txapeldunen Ligatik kanporatuak izan ondoren, Euroligako azken fasean izango dira. 2019an Euroligako titulua jasotzea lortu zuten, txapelketa itzela egin ondoren, eta aurten errepikatzen saiatuko dira. «Errealistak izanda, baliteke Txapeldunen Liga koska bat gorago egotea guretzat. Batez ere arlo ekonomikoan, beste egoera batean gaude. Oso zaila da beste herrialde batzuetako taldeen aurka lehiatzea. Lehenengo fasean saiatu ginen, baina ez zen posible izan. Euroliga gehiago egokitzen da gure mailara, eta hori erakutsi nahi dugu». Baikor da: «Txapelketa motzetan ondo moldatzen gara. Gakoa izango da bi aste hauetan egin behar dugun ahaleginari ondo eustea».

Hainbeste urtetan kirolean murgilduta egon ondoren, gutxik dakite hark baino hobeto zein den gurpil aulkiko saskibaloiaren egoera. Egiteko «asko» dagoela dioen arren, Abendañok hausnarketa hau egin du: «Egungo egoera hobea da. Lehen, aulkiek 100 kilo pisatzen zuten, eta, orain, 10 kilo baino gutxiago. Taldeak ere harrobia lantzen hasi dira, eta gero eta diru gehiago inbertitzen ari dira. Gainera, kirol egokituak gero eta ikusgaitasun handiagoa du, eta honetatik bizi ezin bagara ere, profesionalak gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.