Musika kontzertu bat auto ilaren aurrean

Belako taldeak kontzertu bira bat eginen du auto zinemetan. Beste toki batzuetan ere egin dituzte: Mads Langerrek, adibidez, Danimarkan. Kontzertuak eskaintzeko bide berriak jorratzen hasi dira musika taldeak.

Mads Langer musikaria, auto zinema batean kontzertua jotzen. @MADSLANGER.
Iker Tubia.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Soinu proba egiteko oholtza gainera igo zenean, zirrara txiki bat sentitu zuen Mads Langer abeslariak. Aurrean, Tangkrogen parkeko orube huts handi bat zuen. Horraino dena normal. Mezu bat idatzi zuen sare sozialetan: «Huts egiten badut, izan pazientzia nirekin; ez dakit honetarako nola prestatu». Azkenik, ezohiko egoera: bere begiradapean zuen orubea ez zuen elkar ukitzen eta elkarrekin dantzatzen zuen jende saldo batek bete, auto ilarek baizik. Aarhus hirian izan zen, Danimarkan, eta pandemia garaietako kontzertu alternatiba bat aurkeztu zuen jendaurrean.

Gehiago ere izan dira, eta izanen dira. Euskal Herrian ere bai. Bizkaiko Belako taldeak kontzertu bira eginen du ekainean edo uztailean betiere osasun egoeraren arabera hiru auto zinematan: Getxon (Bizkaia), Madrilen eta Denian (Herrialde Katalanak). Lander Zalakain taldekideak uste du ez zaiela hain arrotza eginen; izan ere, zinema zaleak dira, eta, halako kontzerturik eman ez duten arren, Bilborocken zinema eta musika uztartzen zituen ikuskizuna aurkeztu zuten 2015eko azaroaren 19an: Zelako. Zinebi jaialdiko ekitaldi bat izan zen. «Jaialdi askotan atera gara oholtzara pantailekin, 1970-1980ko hamarkadako retro kutsuarekin», gaineratu du.

Taldekideen lagun batek eman zien ideia: kontzertuak, orain arteko gisan, 2021era arte behintzat itzuliko ez zirela pentsatuta, Getxoko auto zineman aritu zitezkeela bota zien. «Pixka bat erokeria moduan hartu genuen. Baina hasi ginen pentsatzen: Getxon bat zegoen eta [Espainiako] estatuan sei edo zazpi; gainera, nazioartean ere horrelakoak egiten ari zirela ikusirik, horrek motibatu gintuen», azaldu du Zalakainek. «Ez da bakarrik auto zinema; gauza ezberdinak egiteko jarrera edukitzea da, leku ezberdinetara egokitzekoa».

Zerbait egiteko beharra sentitu dute musikari askok konfinamendu garaian, eta askotarikoak izan dira musikarien erantzunak egoera berriaren aurrean. Belakok berdin egin du. Konfinamenduaren hasieran kontzertuak bertan behera nola geratzen ziren hasi ziren ikusten. Pixkanaka jabetu ziren udakoak ere ez zituztela eginen, eta disko berria kaleratzeko data atzeratu behar izan zuten. «Momentu batean apalago eta tristeago geunden, eta hasi ginen egoerara moldatzen, mundu guztiak egin duen bezala sare sozialetara gauza pila bat igotzen, eta elkarrengandik urruti entseatzen. Hori oso zaila izan da».

Kontua da egoera hori ezin dela asko luzatu. Hala uste dute Belakokoek. Musika taldeek kontzertuak behar dituzte: «Gu zuzeneko musikaz bizi gara. Zuzenekoak behar ditugu, eta egoera zaila da; beraz, pixkanaka hasi ginen gauza berriak pentsatzen». Horrela, egoera onartuz eta egoerara moldatuz pentsatu dute auto zinemen bira egitea: «Nik uste dut hau dena normalizatzen joango dela; joango dira agertzen gauza berriak eta kontzertuak emateko aukera berriak; ez bakarrik auto zinemetan. Agian streaming bidezko kontzertuak, baina ordainduak».

Egoera berria iragankorra izateko esperantzarekin bide eman nahi diote musikari. Auto zinemako oholtza «hotzagoa» izanen dela uste du Zalakainek, haiek areto kontzertuetan gozatzen baitute gehien. Baina moldatuko dira: «Jaialdi askotan jotzen dugu, eta halakoetan jendea oso urruti dago askotan. Beraz, ez da hain arraroa izango». Bizikletan edo garraio publikoan joateko aukera ere eman nahi dute, eta tokia guzientzat egokitu. Eta gero, musika: «Saiatuko gara jendeak gu gertu senti gaitzan, eta guk ere haiek gertu senti ditzagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.