Sanjoanak Arbizun

Pilota tantoa bestetan

Bihar abiatuko dira bestak Arbizun, eta ekainaren 29an bukatu. Joseba Ezkurdia pilotari arbizuarrari omenaldia eginen diote, eta San Fermin torneoko partida bat jokatuko dute

Arbizuko haurrak puzgarrietan jostatzen, duela bi urteko bestetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Suaren argitan egiten dituzte bestak Arbizun (Nafarroa), Euskal Herriko hamaika txokotan bezala. Bihar hasiko dira sanjoanak, udaletxeko langile batek suziria piztearekin batera. Ondoren, txarangak, dantzaldiak eta auzateak izanen dira ekainaren 29ra bitarte. Urte berezia dute herrian, Joseba Ezkurdiak Binakako Txapelketa irabazi baitzuen, eta bestetan ere omenaldia eginen diote herritarrek.

Sanjoanak dira Arbizuk dituen besta handi bakarrak, Monika Etxeberria kultura zinegotziak azaldu duenez; beraz, ongi aprobetxatu behar izaten dituzte egunak. Horregatik saiatzen dira jendeak besten antolakuntzan ere parte har dezan, baina hori ez da hain erraza izaten. «Batzorde bat osatzen saiatu gara, baina jendea ez dago prest». Dena den, gazteen esku dago asteazkeneko egitaraua, haien egunekoa, alegia. Bestalde, erretiratuei ere galdetu zieten ea zer nahi zuten bestetarako, baita haiek argi erantzun ere: «Mariatxiak». Bada, astelehenean, erretiratuen egunean, Puro Relajo taldeak joko du.

Berritasunik ere izanen da; orain arte Arbizun antolatzen ez zen ekitaldi bat: pilota partida profesionala. Etzi, San Fermin torneoko lau eta erdiko txapelketako partida jokatuko da herrian. «San Joan eguna denez, egun handia izango da», dio Etxeberriak. Hori ez ezik, Ezkurdiari omenaldia egiteko ere aprobetxatuko dute. «Aurten omenaldia egin behar genion, derrigor, txapela irabazita... Ezkurdia Arbizun jokatzen ikustea torneoko partida batean gauza berezia da. Profesionalen mailako partidarik aspaldi ez da izan Arbizun, eta merezi zuen».

Pilotari loturik, baina profesionalen kiroletik urruti, beste egitasmo bat izanen da astelehenean: pilota erakustaldia. Urtero daniar talde bat izaten da Arbizuko kanpinean, eta, dagoeneko, bestetan ohikoak bihurtu dira. Orain arte sokatiran aritu dira arbizuarren kontra lehiatzen. Aurten, pilotan ikasi nahi zutela eta, erakustaldia antolatu du Aldabide kirol taldeak haientzat. «Badugu harremana; beti geratzen dira gero askaria hartzen plazan. Beti problema izaten da hizkuntza, ingelesez aritzen direlako; orduan, ingelesez dakitenek harreman handiagoa dute haiekin», azaldu du kultura zinegotziak.

Pilotan bakarrik ez, jan eta edanean ere arituko dira arbizuarrak bihartik aurrera. Egunero bi auzate edo askari izanen dituzte, baita herritarrak biltzeko otorduak ere. Haietako bat berezia izanen da: «Iaz, hainbat herrialdetako janaria dastatu genuen. Aurten, errefuxiatuen gaian jarri nahi genuen arreta». Horregatik, Iruñean bizi den sukaldari siriar bat gonbidatu dute Arbizura, hango jakiak prestatzen irakasteko.

Jende anitz espero dute

Asteburuan espero dute jende gehien Arbizun. San Joan suak larunbatarekin izateak jende asko erakarriko duela pentsatzen du Etxeberriak. «Asteburuan jende asko etorriko da, bezpera larunbata delako. Bezpera da egunik politena, suekin eta, beraz, egun horretan jende asko egongo da». Gauza bera etzi, bestetako egun handian. Egun horretan familia arteko bazkariak izaten dira herrian, eta egitarau luzeeneko eguna ere bada. Tio Teronen Semeak taldearen dantza ikuskizuna ere egun horretan izanen da, jende gehiago izanen dela aurreikusirik: «Merezi du zerbait berezia prestatzea». Aste tartean apalduko da jende kopurua, eta etxekoak egonen dira, batik bat.

Gauero dantzaldia izanen da Arbizun, eta txosna pare bat ere paratuko dituzte herrian. Presoen aldeko mugimenduak jarriko du horietako bat; ikastolak bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.