BERRIA berritzen. Aurkezpena

«Elkarrekin etorkizunari begiratzera»

Jendea erruz bildu da BERRIAren eskutik datorren eskaintza berria ikustera; agintariak eta kulturaren arloko jendea. Erreparatu diete gehienek egin diren aldaketei, eta «ikusminez» daude, zer gehiago etorriko.

Erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak bildu ziren ekitaldira, eta kultur arloan aritzen diren hainbat lagun ere bai. JON URBE - JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Arantxa Iraola / Urtzi Urkizu
Donostia
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Anjel Lertxundi idazlea izan zen aurrenetarikoa festara heltzen. Pozik: «Ondo pasatzeko asmoarekin gatoz». Dotore, ohi bezain zehatz hitzetan: «Elkarrekin etorkizunari begiratzeko aukera aprobetxatuko dugu». Ondoan, Bea Zabalondo, BERRIA Taldeko lehendakaria. BERRIA eta Badok.info —«biak ala biak»— «oinarrizkoak» direla ohartarazi zuen, eta garrantzitsua dela aurrera begira ari direla ikustea: «Aurrera egin behar da».

Ikusmin handiz, jendea erruz hurbildu zen atzoko ekitaldira; agintariak zein kulturaren arloko eragileak. Castillo Suarez idazlea horien artean. «Esan dute iraultzalea izango dela», zioen. «Espero dugu zerbait berria. Ohiko formatuetarako baditugu beste egunkariak». Erabateko konfiantzarekin hurbildu ziren asko. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, esaterako. «BERRIArekin beti dugu guk itxaropen handia», azaldu zuen. «Eta gero eta indar handiagoa izatea; horixe da espero duguna». Ez zen hurbildu zen agintari bakarra izan. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Patxi Baztarrika. Badok.info aski tresna boteretsua iruditzen zaio. «Oso berritzailea da, eta euskararen bidez balio erantsia dauka, eta eskaintza espezifiko bat. Interesgarria da gazteentzat, gazteengan jarri behar baita indarra; euskaldun proportzio handiena hor da». Badok.info euskararekin lotutako «gozamenarekin» lotzen du Baztarrikak, eta hor ikusten dio erakargarritasunik handiena. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailetik, berriz, Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarreta joan zen atzoko festara kultur arduradunen ordezkari.

Kutxa Gizarte Ekintzak Badok.info diruz lagundu du, eta bertatik bertara babesa eman nahi izan zioten atzo erakundeko buruek egitasmo berrituari. Onintza Urbieta pozarren mintzatu zen: «Badok.info oso proiektu ederra eta aberasgarria da; euskal kantagintzan dauden musikariei zabalkundea emando die».

Aparteko hunkiduraz hurbildu zen Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendari berria. Urte asko egin zituen Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn. Ondo erreparatu dio egunkariaren webgune berriari. Pozik. «Askoz ere argiagoa da», azaldu zuen. «Europako egunkari handien eredua» ikusten du egindako bidean. BERRIA Taldea buruan dituen egunkari horietako asko baino askoz ere txikiagoa denez, «meritu» handia ikusten dio egindako lanari. «Esfortzua, saiatzea, inteligentzia eta ausardia ikusten ditut aldaketaren atzean». Badok.info ere zinez txalotzekoa iruditzen zaio, batez ere, lehengoaren «hutsuneak» ase, eta orain musika entzuteko aukera eskaintzen duelako.

Iritzi on gehiago ere baziren. Maren Belastegi, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria: «Webgunea asko gustatu zait, erraz topatu ditut gauzak». Elkarretik, Joxemari Sors joan zen. Badok.info-rekin oso pozik hura ere. «Espero dut euskal musika munduan erreferentzialtasuna izatea. Internet baso bat da, gauzak aurkitzea zaila izaten da; orain euskal musika hor aurkituko da». Euskal Hedabideen Elkarte Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranen arabera ere, oso «argia» da webgune berria. «Jauzi» handia ikusi du egindako aldaketaren atzean. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, berriz, ilusio handiz, parte harteko aukera handiagoa eskaintzen duelako orain. «Irakurleoi dagokigu dinamizatzea

Hedabideetako eta kulturako kide gehiago ere, hantxe. Ikusminez. «Etorkizunari begiratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.