Parisen ere entzun dadin

5.000 lagun batu ditu Seaskak irakasle postuen eskean; horiek gabe, 400.000 euroko zuloa egin dezakete. Baxoa eta brebeta euskaratzeko aldarria ere, bizi. Bideoa albistearen barruan.

Jendetza, atzo, Seaskaren protestan Miarritzeko Hondartza Handia atzean utzita. GUILLAUME FAUVEAU.
arantxa iraola
Miarritze
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Horiek gara gu: 36 ikastola». Banan-banan zerrendatu zituen atzo Seaskako lehendakari Paxkal Indok Iparraldeko ikastolen sareko zentro guztiak, eta ikastetxe bakoitza aipatu orduko, burrunba ozena jaso zuen Miarritzeko (Lapurdi) Sainte Eugenie plazan batuta zegoen jendetzaren partetik: sentitua. Minutu batzuk lehenago emana zuten berria, zinetan aintzat hartzeko modukoa: «Poliziaren datuen arabera, 5.000 lagun izan gara». Hain justu, oso arrakastatsua izan zen irakasle postuen eskean egin zuten protesta. Festa giroan egin zuten: danborrada eder eta burrunbatsu batekin lotu zituzten Miarritzeko Hondartza Handia eta Sainte Eugenie plaza. Irria ezpainetan, baina aldarriak lehen lerroan jarrita. Gogora ekarri zuten 30 irakasle postu behar dituztela heldu den ikasturtea egoki hasteko, eta administrazioak horiek bermatu ezean, ia 400.000 euroko diru zuloa egin dezaketela. Ozen gogora ekarri zituzten brebeta eta baxoa egiteko aldarriak ere. Paxkal Indo lehendakariak hartu zuen hitza protestaren amaieran. «Euskaraz ikasi eta bizi nahi dugu», argudiatu zuen: «Hortik ateratzen da irakasle postuen beharra». Borrokan jarraitzeko deia egin zuen: plazak betetzekoa. «Hain zuzen ere, erdietsi ditugun guztiak beti borrokarekin lortu ditugu; ez ditugu behin ere zerutik eroritako gauzak ukan Seaskan; beraz, nik argi dut lortuko dugula».

Esan zuen erantzun egokirik ezean agorrilean berriz kalera irtengo direla. Bide batez, mobilizazioak iragarri zituen brebeta eta baxoa euskaraz egin ahal izateko aldarriak ozentzeko: ekainaren 17an eskatuko dute euskarazko baxoa, Bernat Etxepare lizeo parean, eta 27an brebeta euskalduntzeko protesta egingo dute. Manifestazioan ugariak izan ziren bi etsamin horiek euskaraz egiteko aldarriak; horren aldeko elastikoak zeramatzaten soinean ikasle askok eta usu plazaratu zituzten eskari horrekin leloak.

Ikasleak, irakasleak eta gurasoak; denen ahotsak hauspotu zuen manifestazioa. Makina bat euskaltzale ere izan zen, eta Ikastolen Elkartearen izenean, Koldo Tellitu joan zen. Frantziako administrazioaren jarrerari aurre egiteko prozesuan Iparraldeko ikastolak ez daudela «bakarrik» esan zuen: «Seaskaren hazkundea ziurtatu behar dugu». Hain zuzen ere, igaro urteotan aparteko gorakada izaten ari da Seaska: 3.865 ikasle izan ditu ikasturte honetan, eta %60 hazi da kopurua azken hamar urteetan. Loretan bete berri ditu 50 urte, eta martxa horri eutsi nahi diote; horretarako, ordea, babesa behar dute. Izan ere, iragarri dute datorren ikasturterako berrehun ikasle gehiago izango dituztela, eta kopurua emendatuz joango dela.

Irakasle postuekin lotutako auziek azken bi urteetan okerrera egin dutela nabarmendu zuen manifestazioaren hasieran Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak: «Batez ere, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroa denetik». Murgiltze eredua auzitan jarri izan ohi du publikoki, eta haren jokaera «jakobinoa» ikastolen garapenerako eragozpen dela uste dute. «Lehengo ikasturtean gaizki ibili ginen; postuak eskas izan ziren. Aurten ere bai. Iaz aurrekontu arazo bat atera ziguten, aurten ja uste dugu arazo politiko bat dela: gaur egun estatuaren gailurrean zentralistak daude, eta horiek Frantzia bat eta bakarra nahi dute». Izpi bat izan daitezke, hala ere, Emmanuel Macron Fantziako presidentearen eleak; izan ere, berriki adierazi du hark euskara «hobeki laguntzeko» asmoa. Gobernuko zein lerro gailentzen den ikusi beharko da.

Zer gerta ere, Parisen ere entzuteko erako burrunba egin zuten atzo. «Guk espero dugu ikasturtea hasi aurretik auzia konpontzea», esan zuen Gorostiagak. «Espero dugu jende zentzuduna izatea estatuaren gailurrean horretarako. Ea horrela den, eta eskola hasiera lasaia dugun». Falta zaizkien irakasle postuak hartzeko prozesua abian dute, eta horiek «defizitik» sortu gabe hartzeko asmoan irmo diraute. «Estatutik ez bada lortzen, ea hemengo agintariek zer egin dezaketen; finean, denon istorio bat da hau, ez Seskarena bakarrik. Herri batek hizkuntza batekiko duen atxikimenduaren istorioa da».

[youtube]https://youtu.be/44rsIPujKbo[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.