Bidea jakinekoa da

Athleticek Sanchez Pizjuanen jokatuta hasiko du urtea. Sevilla aurkari gogorra da, baina talde zuri-gorriak berriro erakutsi nahi du lehiakorra dela

Athleticeko jokalariak, Santiago Bernabeura joandako zaleei babesa eskertzen, partida amaieran. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
haritz gallastegi
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Athleticek irteera gaitza izan zuen urtea amaitzeko, eta urte berriari ekiteko egin behar duen bidaia ere ez da askoz erosoagoa. Zuri-gorriek Santiago Bernabeura eginiko bisitaren ondoren hartu zituzten Gabonetako oporrak. Golik gabeko berdinketari esker irabazitako puntuak aho zapore ona utzi zuen. Bada, urte hasierako lehen erronka ez da askoz errazagoa izango. Sanchez Pizjuanen Sevilla dauka zain. Hau da, Espainiako Ligako bigarrenaren etxean jokatzetik hirugarrenaren etxea bisitatzera pasatuko da. Ez zelai batean ezta bestean ere ezin zaio Athletici eskatu garaipena eskuratzeko. Real Madril zein Sevilla baliabide gehiago dituzten taldeak dira, hobeak. Ez litzateke ezustekoa galtzea. Baina horrek ez du esan gura Athleticentzat ezinezkoa denik gaur punturen bat eskuratzea. Bernabeun emaitza ona lortzeko kapaz den taldeak beste edozein lekutan ere lor dezake.

Hala ere, Athletici ez zaio eskatzen irabaztea, lehiakorra izatea eta nor gehiago aritzea baizik. Sevillari aurre egiteko eta ahal den neurrian estu hartzeko. Hori lortzen badu, inork ez dio ezer leporatuko, eta, gainera, emaitza ona lortzetik gertu egongo da.

Plaza gaiztoa

Gaizka Garitanok entrenatzaile karguan daraman urtebete pasatxoko lorpen nagusia talde lehiakorra osatzea izan da. Athleticek ez du ikusgarrijokatzen, ez da harmailan edo telebistaz futbol ikuskizun aparta eskaintzeko kapaz; besteak beste, ez duelako jarraitzaileek gehien maite duten futbol landua eskaintzeko jokalaririk. Baina Athleticek irabazten ikasi du. Athleticek ia partida guztietan izaten du gutxienez puntu bat irabazteko aukera. Ez da talde ahula. Eta hori asko da geroz eta lehiakortasun gehiago dagoen futbol honetan.

Sevilla da Espainiako Ligak lortu duen maila azaltzen lagun dezakeen talderik aproposena. Azken bi hamarkadetan ikaragarri hazi da. Bost aldiz irabazi du Europa liga. Haren aurrekontuak gora egin du, eta urtetik urtera talde indartsuagoak osatu ditu. Hala ere, kosta egiten zaio Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Sasoi honetan, helburu hori lortzeko, goitik behera aldatu du taldea. Dozena bat jokalari baino gehiago fitxatu ditu, eta Julen Lopetegiri eman dio taldea zuzentzeko ardura. Oraingoz, bide onetik doa. Lan erdietara ailegatzear, hirugarren da. Bartzelona liderra bost puntura baino ez du, baina gertu du Reala ere, hirura, bosgarren postuan. Zelaiaren leku bakoitzerako gutxienez jokalari bi ditu. Ondorioz, ondo ari da hiru lehiaketetan. Gaur, entrenatzaile asteasuarrak onenak zelairatuko ditu, liga baitu lehentasuna. Gainera, zaleen babesa izango du, eta Athleticentzat ez da inoiz zelai samurra izan. Sevilla egun baino askoz apalagoa zenean ere asko kostatzen zitzaion han puntuak eskuratzea.

Horren kontra borrokatzeko, Ander Capa berreskuratuko du Garitanok. Aritz Aduriz eta Iker Muniain hasi dira taldearekin entrenatzen, baina oraindik goiz da. Oscar de Marcos, berriz, luzaroan egongo da jokatu ezinik. Gaizka Larrazabal ere ez da ariko, sukarra baitu. Bestalde, baliteke Garitanok hiru erdiko atzelarirekin jokatzea berriz. Derioztarra gustura egon ez arren jokoaren zenbait arlorekin, balio izan zuen taldeak Madrilen puntu bat lortzeko.

SEVILLA-ATHLETIC

Sevilla. Vaclik; Navas, Carriço, Diego Carlos, Escudero; Jordan, Fernando, Banega; Ocampos,De Jong eta Munir.

Athletic. Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Yeray Alvarez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia; Vesga, Raul Garcia; Williams eta Kodro.

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. Sanchez Pizjuan(43.883 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.