ASOBAL LIGA. Jacobo Cuetara. Bidasoa Irun taldeko entrenatzailea

«Guztiagatik borrokatu nahi dugu, marra gorririk gabe»

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Jacobo Cuetarak (Ribadesella, Espainia, 1980) zazpigarren denboraldia du Bidasoa Irunen aulkian. Haren aginduetara, sekulako jauzia egin du taldeak. Bide horri eutsi nahi dio sasoi honetan.

Zer moduz dago taldea?

Ondo. Ohi baino denboraldiaurre laburragoa diseinatu genuen, eta, halakoetan, arriskua egon ohi da hasieran: lesioak-eta. Baina, zorionez, ez dugu izan ezusterik, eta horrek mesede egin digu lehiaketa erritmoa hartzeko. Gainera, lehen taldeko hamalau jokalariez gain, zazpi gazte ditugu jokatzeko prest. 21 dira guztira, eta hori izugarri eskertzen da, entrenatzeko, jokatzeko eta lehiakortasunak gora egiteko. Lan handia genuen egiteko, eta oso ondo egin dugu. Ez dugu galdu. Ez zen helburua, baina neurgailu ona da.

Lau jokalari fitxatu dituzue: Jakub Skrzyniarz eta Mehdi Harbaoui atezainak, eta Mihajlo Mitic eta Asier Nieto albokoak. Zer moduz egokitu dira?

Ondo, baina hori hala izateko mesede handia egin digu jokalari askok jada gure jokamoldea menderatzeak. Gainera, fitxatu ditugun bi jokalari atezainak dira; horrek erraztu egiten du lana. Bagenekien laurak ondo egokitu zitezkeela, baina denbora behar dute oraindik. Pazientzia izan behar dugu. Baina ziur naiz behetik gora egingo dutela.

Zer espero duzue haiengandik?

Atezain ezberdinak dira Jakub eta Medhi. Gazteak dira biak, 1996. urtean jaiotakoak, baina Jakub txikiagoa da (1,89 metro), eta Medhi, garaiagoa (1,96 metro). Zaila zen Xoan [Ledo] eta Sierra ordezkatzea, eta bi atezain on fitxatzea, baina uste dut lortu dugula. Kauldiri [Odriozola], ordea, ez diogu ordezkorik bilatu, ordezkaezina baita. Caveroren alde egin dugu, gorakada handia izan baitu. Gainera, Tao Gey-Enparan eta Julen Mujika gazteak daude. Hori kontuan hartuta fitxatu dugu Mitic. Eskuin alboko petoa da: urrutitik jaurtitzeko gai da; ondo defenditzen du, alboan eta erdian. Asier Nietori dagokionez, berriz, kontuan hartzekoa da bizkaitarra dela, eta hori garrantzitsua dela guretzat. Oso ondo egokitu daiteke gure jokamoldera: erasoan, batetik bestera dabil, urrutitik jaurti dezake, eta oso iaioa da banakako jokaldietan; defentsan, berriz, oso ondo moldatzen da, eta postu ezberdinetan aritu daiteke.

Zein da denboraldiko helburua?

Lehiaketa guztietan ahalik eta urrutiena iristea. Ez diogu geure buruari lerro gorririk jarriko, edozer gerta baitaiteke. Garrantzitsuena da goian eustea, guztiagatik borrokatzea, eta anbizioa izatea. Gu anbizioz aritzen gara beti; final bat balira bezala jokatzen ditugu partida guztiak. Azken urteetan, lortu dugu lehiaketa guztietan borrokatzea, eta, sasoi honetan ere, hori egin nahi dugu.

Zer itxura hartzen diozu ligari?

Lehiak jarriko du bakoitza bere tokian, baina, itxuraz, azken denboraldietako traza izango du: oso berdindua. Talde batzuk indartu egin dira, baina beste batzuek jokalariak galdu dituzte, eta, halakoetan, batzuetan, beste batzuek hartzen dute erantzukizuna, eta gora egiten dute. Ohikoa da ligan: batzuk joan, eta beste batzuk nabarmendu egiten dira. Taldeetan formakuntzan egiten den lan onaren erakusgarri da hori. Nire ustez, betikoak ibiliko gara Europako postuetan, eta baliteke baten bat ere gehitzea, aurreko denboraldian Benidormek egin zuen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.