Katalunia 0. Euskal selekzioa 1

Lehiatuz, ofizialtasun eske

Adurizen gol bati esker, euskal selekzioak irabazi egin dio Kataluniari Camp Noun, eta merezita lortu du Mendeurrenaren Kopa.Jokalariek ez dute pankartarik atera ofizialtasuna eskatzeko

Iker Muniain, Aleix Vidalekin lehian, atzo, Camp Noun. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
jon eskudero
Bartzelona
2015eko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Katalunia. Pau Lopez; Sergi Roberto, Bartra, Pique, Jordi Alba; Verdu, Sergio, Garcia, Victor Ruiz; Aleix Vidal eta Piti. Jokalari hauek ere jokatu zuten: Masip, Montoya, Didac Vila, Alvaro, Marquez, Victor Alvarez, De la Bella; Keita, Gerard, David Lopez eta Jordan.

Euskal selekzioa. Iraizoz; Boveda, Ansotegi, Iñigo, Yuri; San Jose, Illarramendi, Xabi Prieto, Muniain; Toquero eta Aduriz. Jokalari hauek ere jokatu zuten: Riesgo, Balentziaga, Carlos Martinez, Agirretxe, Capa, Markel, Etxeita, Rico, Roberto Torres, Aurtenetxe eta Eraso.

Golak. 0-1. Adurizek (40. min.).

Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horia Kataluniako Didac Vilari.

Bestelakoak. 51.220 ikusle Camp Noun. Palkoan ziren, besteak beste, Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Ofizialtasuna aldarrikatzeko erarik onena topatu zuen atzo euskal selekzioak Camp Noun, Kataluniaren aurkako partidan. Bi taldeen aurkezpenean ez zen egon ofizialtasunaren aldeko pankartarik, baina euskal jokalariek zelaian erakutsi zuten badutela motiborik txapelketa ofizialetan parte hartzeko. Izan ere, neurketa serioa jokatuta, mendean hartu zuten Katalunia, eta merezita eskuratu Mendeurrenaren Kopa. Aritz Aduriz izan zen protagonista, hark egin baitzuen gol bakarra. Jarrera eredugarria azaldu zuten jokalari guztiek eta, beste behin ere, argi geratu zen ofizialtasun gosez daudela bi selekzioak.

Lehenengo minututik bertatik nagusitu zen festa giroa. Bat eginda egon ziren bi taldeetako zaleak harmailetan, eta jokalariek ikuskizuna eskaini zuten zelaian. Partida bizi-bizi hasi zen. Baloia oinetan Kataluniak izan zuen, baina kontraerasoan min egin zuen euskal selekzioak. Illarramendi gidari hartuta, burutsu jokatu zuen, eta Adurizek buruhauste franko sortu zuen etxekoen defentsako lerroan. Muniain ere bizi aritu zen lerro artean.

Gol aukerarik garbienak ere euskal selekzioak izan zituen lehen zatian. Muniainek izan zuen lehena, eta Adurizek bigarrena. Pau Lopez etxekoen atezaina bikain aritu zen. Hura izendatu zuten partidako jokalari onena. Halere, 40. minutuan etsi behar izan zuen. Illarramendiren pase zoragarria baliatuta, 0-1ekoa egin baitzuen Adurizek.

Bigarren zatian, eustera

Hala, bigarren zatiari abantailarekin ekin zion euskal selekzioak. Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri hautatzaileek goitik behera aldatu zuten hamaikakoa, eta ez zuten hutsik egin. Distira gutxiago izan zuen taldeak, baina emaitzari eusten jakin izan zuen. Agirretxek ere izan zuen bigarrena egiteko aukerarik. Katalunia ere behin baino gehiagotan egon zen berdinketatik hurbil, baina ez zuen halakorik lortu, eta euskal selekzioak merezita irabazi zuen.

Amaitutakoan, pozez jaso zuten jokalariek Mendeurrenaren Kopa. Ez da gutxiagorako. Katalunia gainditzea meritu handiko lorpena baita. Euskal selekzioak badu maila txapelketa ofizialetan jokatzeko. Aukera eske ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.