Julen Arburua. Kortariko gaztandegiko arduraduna

«Iruditzen zait gazta nahiko ondo aukeratu genuela»

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Ordizia
2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Lekarozko Kortariko gaztandegiaren (Nafarroa) Infernuko Gasnak eskuratu du Ordiziako Gazta Txapelketako lehen saria. «Familiako ogibidea dugu artzaintza, eta egunero ahalegintzen gara lan ona egiten gazta ona merkaturatzeko», esan du Julen Arburuak. Maddi Jimenez eta Antonio Arburua gurasoekin batera jaso du saria.

Pozik zaude lortutako sariarekin?

Bai, oso pozik, dudarik gabe. Laugarren urtea dugu gazta Ordiziako azoka berezian aurkezten, baina aurreneko aldia lehen saria lortzen, eta oso pozik gaude.

Zer esan nahi du Kortariko gaztandegiarentzat sari hau irabazteak?

Ez dakit, ikusiko dugu. Oraindik zeruan nago! Irabazi dugunlehen aldia da; Uharte Arakilen berriki irabazi dugu. Ordiziakoa handiena omen da, eta ikusiko dugu.

Espero zenuten irabaztea?

Beti etortzen gara gazta onenetako batekin, irabazteko asmoarekin, baina irabaztea ez da erraza izaten.

Gaur irabazi duen gazta erraz hautatu zenuten lehiaketara aurkezteko?

Erraz ez. Ibiltzen gara probatzen, eta bi onenetatik bat UharteArakilerako utzi genuen, eta bestea, Ordiziarako. Eta iruditzen zait nahiko ondo aukeratu genuela.

Zer ezaugarri ditu hemen aurkeztu duzuen gazta honek?

Gazta hau otsailaren 25ekoa da, ketua, gatzagi pixka batekin, eta oso orekatua. Pentsatzen dut orekatua izatea izan dela epaimahaiak gehien kontuan hartu duena. Ematen duenez, gustatu zaie!

Kortariko gaztandegiaren izena hedabide guztietan agertuko da. Horrek zer eragin dauka?

Hasi berriak garenez, Infernuko Gasnaren izena ezagutzea garrantzitsua da.

Zer egingo duzue sariarekin?

Ez dugu pentsatu. Oraingoz, ospatu egingo dugu, eta ikusiko dugu hemendik aurrera. Baina, orain, sariaz disfrutatuko dugu, ez da egunero hartzen eta.

Eta, orain, zer asmo?

Orain, artzain guztiek batera bazkalduko dugu, eta, gero, agian pilota partida ikusiko dugu. Gaur ez genuen espero, baina, agian, parranda egin beharko dugu, hau ospatu beharra dago!

Norbaiti eskaini nahi diozu sari hau?

Uharte Arakilen lehen saria lortzean arrebari eskaini nion, eta gaur ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.