DARWIN ETA GU

'Bilbao'

Jose Mari Pastor -

2018ko uztailak 28

Santiago Arrospide Sarasola abuztuaren 5ean kartzelatik aterako dela jakinarazi dugu egunotan. Arrospide atzeman zutenetik 30 urte baino gehiago igaro direnez, atxiloketa non izan zen gogorarazi digute ETBko Teleberri albistegian: Frantzian. Parisen? Lyonen? Bordelen? Ez, Lasartetik askoz ere hurbilago. Akizen? Ezta ere. Are gertuago. Beherago joan, eta bai, hortxe: Angelun. «Desde que en 1987 fue detenido en la localidad francesa de Anglet...». Frantziako herria da Angelu. Bai ote? Hain zaila zen «en la localidad labortana de Anglet» esatea? Belarri unionistak hala gozatzen ibili beharra dago? Gero, Bilbo Espainia dela entzun, eta haserre gure autonomistak.

Arrospide libre datorren astean. Erne pitz eta putz litekeen udako sugeari eta zenbait biktimaren senideen erreakzioari. Haien ondoan egongo da Pablo Casado. PPko buru berria zakar mintzatu da euskal presoen familiei buruz, alderdiaren kongresuan. «Presoen senideek ez didate penarik ematen». Beroaldia, ahokada? Ezetz esango nuke. Gizonak ondo neurtzen du non bota bere amorruaren hitz pozoitsuak, non adur likitsaren tanta bakoitza. Berdin dio presoen senideak edo frankistek fusilatu eta hobietan lurperatutako biktimak diren.

Pablo Casadok ez die begirunerik preso politikoen senideei. Haren hitzek ez dute ezer onik adierazten pertsonaiari buruz. Ez dio penarik ematen Puerton duten presoaren amonak edo Murtzian dagoenaren ume txikiak. Espetxerako bidaian zerbait gertatzen bazaie, istripurik edo, hor konpon. Izorra bitez presoen familiak. Astelehenean Toni Cominen anaia zendu zen Belgikan. Gaixotasun terminala zuen. ERCko politikaria bertan erbesteraturik dagoenez, Pere Cominek Lovainan elkartu zituen etxeko guztiak, haien ondoan hiltzeko. Casadoren zitalkeriak ez du sufrimendu horretaz ulertzen. Zer giza ezaugarri du halako pertsona batek? Zer soslai psikologiko?

Katalunia berriro konkistatu nahi duela eman du aditzera politikari eskuindarrak. Eskertzekoa da hain argi hitz egitea. Izan ere, Kataluniaz berriz jabetzeko nahia, berreskuratzearen ideia, Katalunia oraindik guztiz menpe ez duten eta behin, antzina, konkistatu zuten seinale da.

Esentzia espainiarren defendatzaile dugu Casado. Xavier Diez historiagile katalanak hain ondo deskribatzen duen identitate espainiarra gorpuzten du Palentziako gurutzatuak: «Espainiaren identitatea intrantsigentzia eta intolerantzia sentimenduan oinarritzen da. Sentimendu hori supremazismo castellanista batetik eta disidentzia erlijiosoa kanporatzetik sortu zen. 1898tik ez du garrantzi geopolitikorik izan, eta kohesio nazionalerako tresna bihurtu du katalanofobia. Aniztasunak nazka ematen dio; autoritarismo elementu batzuk ditu, caudillo baten presentzia magikoan agertzen direnak (frankismoa edo monarkia), eta tribalismo mota baten trazak ere baditu, zentzu freudiano batetik landismo-an hain ongi adierazten den gutxiagotasun-konplexua azaleratzen duena. Prozesu independentistak modu jasanezinean tenkatu du Espainiaren identitatea, eta mamu zaharrak atera ditu armairutik: autoritarismoa, intolerantzia, atzerakoikeria eta goi kulturari dion mespretxua».

Errekonkista hasi nahi du postfrankisten buruzagiak. Penintsulan egun Espainiaren maparen diseinua kolokan jar dezakeen herri bakarraren kontra egin eta hura menderatzeko prest dugu. Izan ere, Espainiaren batasun sakratua, inoiz inon apurtzekotan, Katalunian apurtuko da. Euskal Herrian supremazista espainiarrek oraindik ez dute halako arriskurik sentitzen. Ondo lotuta dute kontua. Eta halaxe izango da independentzia nahiak sendo errotu arte. Benetan, Pazko-igandean EAEko alderdi nagusiak urtero en la localidad española de Bilbao errepikatzen dituen ohiko leloetatik haratago.

Bigas Luna katalanak 1978an zuzendu zuen Bilbao filma. Striptease dantzaria eta prostituta da Bilbao. Neskarekin zoro moduan obsesionatzen da morroi bat. Hartaz jabetzeko bahitu egingo du. Leo psikopata bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna