'Ibar auziaz' informazioa jasotako epaimahaikidea galdekatu du epaileak

Epaia edota auzia baliogabetzea ebatz dezake. Defentsa abokatuek ezingo dute elkarrizketatu atzera egindako beste epaimahaikidea

Pablo Ibar, atzoko auzi saioan. GIORGIO VIERA / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Pablo Ibar euskal jatorriko estatubatuarraren aurkako auzian aldaketa handiak izan daitezke datozen egunotan. 1994an hiru pertsona hiltzeaz errudun jo zuen Brodar Countyko (Florida, AEB) auzitegiak iragan larunbatean, baina ordutik epaimahaikideekin izandako gorabeherek zalantzan jarri dute auzia. Izan ere, ordezko epaimahaikide batek jakinarazi du kasuari buruzko informazioa jaso zuela auzitegitik kanpo; hura galdekatzeko auzi saio bat egin zuten atzo.

Epaitegiko langile batzuen arteko solasaldi bat entzun zuen ordezko epaimahaikide horrek, baina epaimahaia osatzen dutenek guztiz debekatua dute epaitzen ari diren kasuari buruzko informaziorik jasotzea, epaian eragitea saihesteko. Baita ordezkoek ere, auzi osoa jarraitu behar baitute, deliberazioa izan ezik. Beraz, Ibarren abokatuek auzi saio bat eskatu zuten, epaimahaikide horri galdetzeko solasaldi hartan zer entzun zuen eta beste epaimahaikideei ezer esan ote zien.

Prozesuan okerrak izan direla uste izanez gero, epaileaksententzia baliogabetzea erabaki dezake, edo auzi osoa bertan behera uztea. Atzo, Euskal Herrian 21:00ak zirela hasi zen saioa; lerro hauek idaztean ez zegoen epailearen erabakiaren berririk. Halere, aurrera segitzearen alde ere egin dezake; hala gertatuz gero, otsailaren 25ean ebatzi beharko luke Ibarri zein zigor ezarri: bizi guztiko kartzela ala heriotza.

Atzo bertan, defentsaren beste lan ildo bat itxi zuen epaileak. Asteazkenean epaimahaiko kide batek adierazi zuen ez zegoela ados ebazpenarekin —aho batez hartu beharrekoa da—. Ibarren abokatuek epaimahaikide hori galdekatzea eskatu zuten, baina epaileak ez zien baimenik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.