Enrique Maia ardatz peñen pankartetan

Iruñeko peñek larunbatean aterako dituzte pankartak karrikara. Iruñeko Peñen Federazioak eraso sexistarik ez onartzeko eta karrika «berreskuratzeko» deia egin du

Irrintzi. IRUÑEKO PEÑEN FEDERAZIOA.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Aurten gure pankartak dantzatu ahal izango ditugu Iruñeko kaleetan; giro onez eta festa onez beteko ditugu kaleak». Marta Aparizio Iruñeko Peñen Federazioko ordezkariak eta peñetako talde feministako kideak argi utzi du bestarako gogoz direla Iruñeko peñak. Sanferminak ate joka dira, eta hiriburuko bestetan dantzatuko dituzten oihalak plazara aterako dituzte larunbatean, aurtengo marrazki satirikoak jendaurrean aurkezteko. Aurten, Enrique Maia paratu dute peñek erdigunean.

Iruñeko alkateari egokitzen zaio normalean pankartetako ziriak eta kritikak jasotzea. Aurten nabarmena izan da salaketa. Badirudi agintaldi honetako jardunak ez duela inor epel utzi. Ez da hori izan pertsonaia nagusi bakarra, aitzitik. Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero Espainiako diputatuak ere pankarta askotan agertu dira. Navarra Suma koalizioa utzita, plataforma berri bat aurkeztu dute biek.

Mezu argia eman du Apariziok sanferminetarako: «Jaiak bai, baina errespetuz. Kaleaz disfrutatu, baina arreta jarriz». Emakumeek «zoritxarrez» bestaz ezin baitute «erabat gozatu», eta edozein jarrera edo eraso sexistaren harira «adi» egoteko eskatu die herritar guziei. «Inoren askatasunaren kontrako ekintza bat bera ere ez pasatzen uzteko eta ez onartzeko eskatzen dugu». Karrika ere aldarrikatu du: «Aurtengo sanferminak mugarri izatea nahi dugu, herritarrak eta kalea berreskuratuko dutenak», esan du. «Kalea da benetako jaia, eta kalea gurea da; hori transmititu nahi diegu hurrengo belaunaldiei».

Oihaletako marrazkietan ere ikus daitezke eraso matxisten kontrako aldarriak. Hala ere, gai nagusiak bestelakoak dira. Maiak hartu du erdigunea: Nafarroako bandera erraldoia, protagonismo gosea, arrazakeria, euskararen kontrako jarrera, debekuak eta aparkatzeagatik ordainaraztea, besteak beste. Bestelako gaiak ere ageri dira: toki nabarmena izanen dute oihaletan Amaiurko gudaren bosgarren mendeurrenak, pandemiak, prezioen igoerek, zezen plazaren ehungarren urteurrenak eta auzoetako arazoek ere. Horrekin batera, gerren eta eraso sexisten kontrako mezuak ere asko dira. Espainiako errege ohiaren ustelkeria ere aipatu dute zenbaitek.

Emakume gutxi

Emakumeen kontrako indarkeria asko aipatzen bada ere, emakumeek ez dute gizonek duten adinako tokirik aurtengo pankartetan. Ageri diren pertsonaien sexuari erreparatuz gero, nabarmen gehiago dira gizonak emakumeak baino. Agertzen direnen artean %71 dira gizonak, eta %29 emakumeak. Agertzen diren politikari gehienak gizonak dira, nahiz eta Nafarroako lehendakaria emakumea izan. Are, soilik bi pankartatan marraztu dute Maria Txibite. Pertsonaia anonimoetan ere, normalki, gizonak marrazteko hautua egin dute marrazkilariek.

Hizkuntzaren aldetik, euskara eta gaztelania erabili dituzte pankarten egileek. Aurten nahiko orekaturik daude bi hizkuntzak. Hala ere, gehiago dira gaztelaniaz idatzitako mezuak: %55. Bronce peña da pankarta euskara hutsez egin duen bakarra.

Guztiek gozatzeko bestak

Iruñean nabarmena da egun gutxi falta direla bestarako. Peñetako atarietan joan-etorriak dira nagusi egun hauetan. Dena ongi prestatu behar dute. Aurten, gainera, denbora gutxirekin, baina elbarrientzako egokitu nahi dituzte peñak. Iosu Santxez Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak eman ditu azalpenak: «Azken orduko apustua izan da: gurpil aulkian mugitu behar duen peñako kide batek eskatu zigun, eta garaiz ailegatuko gara elbarrientzako guneak prestatzeko. Eta, heldu den urtean, hobeki eginen dugu».

Bestalde, Iruñeko Udalak trabak paratu dizkie hiru peñari jarduera batzuk egiteko. Gehienak haurrentzat zirela azaldu du Santxezek. Hala ere, jakinarazi du tokiz aldatzea proposatu dietela, eta espero dutela baimenak garaiz jasoko dituztela jarduera horiek ere egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.