Pastor
DARWIN ETA GU

Titi eroriak

2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hogei urte inguruko neska agertu da pantailan, jantzi estua soinean. Begira dauden bi mutiletako batek bota du: «Titi eroriak ditu». Ez ditu 18 urte izango, baina titilogian graduatua da. Aditua.

20 urteko zenbat bular biluzi izan ditu begien aurrean mutil horrek, titiak eroriak diren edo ez jakiteko? Zenbat ukitu ditu? Bular handi puztu gehiago ikusi ditu Interneten, ustez perfektuak. Horretara ohitu da; jadanik ez daki 20 urteko bular bat nolakoa den, inoiz jakin badu. Zer distortsio bizitzen ari gara, neska gazte batek, ama izan ez denak, umerik ez duenak, bularra eman ez duenak, urteen zama ez daramanak, titi eroriak dituela esateko? Zergatik hori? Neskak mutilaren masturbazioen jabearen globoak ez dituelako?

Hainbat gizonen buruan bular erraldoia da estandarra orain. Fake tits. «Oso titi handiak eta oso bihotz txikia», dio Alexis Ravelok Hildakoa ipuinean, porno-gorputza duten pertsonak gogoan. Sukar exhibizionistak errealitatea desitxuratzera eraman gaitu. Presioa edonon dago. Batez ere, andreen gainean. Joan den udan, gaztetxo parea Donostian, paseatzen. Zelulitisa aipatu du neskak. «Zer da hori?». «Emakume guztiok dugu izterretan, baina nik oraindik ez dut ezer ematen». Hamabost urte, eta jada zelulitisak kezkatuta.

Aurten, 25 urte izango dira Before Sunrise filma estreinatu zenetik. Urteurrena aprobetxatu du The New York Times-ek Ethan Hawke eta Julie Delpy aktoreak eta Richard Linklater zuzendaria elkarrizketatzeko. Filma berriz ikusteko aitzakia izan da: mutil estatubatuarrak eta neska frantsesak elkar ezagutu dute Vienara doan trenean. Egun bat igaroko dute han, inoiz ahaztuko ez dutena.

Diktadura digitalaren aurreko azken filmetako bat izan zen Before Sunrise. Lanean ez da sakelako telefonorik ageri. Bat ere ez. Hitzak, begiradak, irribarreak, isiluneak dira nagusi, telefonoak eraginiko eten edo deskuidurik gabe. Eta musika: Beethoven, Vivaldi, Strauss —Vienan gaude— eta Bach. Eta Kath Bloom-en Come Here: «No, I'm not impossible to touch». Sedukzio geldo baina geldiezina, komunikazio sakona. Hawkek azaldu du elkarrizketan: «Digitalki beti presente, eskura egoteak badauka zerbait, momentuan bertan ez egotea ahalbidetzen dizuna». Telefono adimentsuek tontotu egin gaituzte?

Pelikulako eszena gogoangarrienetako bat: Jesse (Ethan Hawke) eta Céline (Julie Delpy) kafetegi batean daude. Neskak joko bat proposatu dio mutilari. Bakoitzak alegiazko dei bat egingo dio bere lagun onenari, bizitzen ari dena azaltzeko. Riiiing soinua egin du Célinek, telefonoa imitatzen duen eskua belarrian jarriz. Fikziozko deian maitasun adierazpena egingo diote elkarri, zeharka. «Bere begiak nigan sentitzea maite dut, nik begiratzen ez diodanean», esan du neskak Jesseri begira, lagun onenarekin hizketan ari balitz bezala. «Zurekin txoratuta dagoela uste dut», erantzun dio Jessek, haren lagun hurkoaren rolean. Gaur balitz, komunera joango lirateke biak. Telefonoa atera eta Tinderren begiratuko lukete, mutil edo neska itxuraz hobea bilatzeko. Gero, mahaira itzuli eta: «Ondoezik nago». Eta etxera joango lirateke, atarian komuneko klandestinitatean lortutako haragi puskarekin elkartzeko.

Haragi puska, bai. Batzuetan, errazago esango dizu gazte batek urliak nolako titiak dituen edo sandiak nolako zakila, begietako kolorea zein duten baino. Hori bai, presente egotea. Zenbaitetan dena ikusi diote elkarri, lehen aldiz elkar ikusi baino lehen. Non dago bestearen aurrez aurreko aurkikuntza, non bizipen berezi horren magia? Apple-k eta Huawei-k lapurtu digute.

1989an Filadelfian ezagututako neska batek inspiratu zuen Richard Linklater, Before Sunrise filmaren historia sortzeko. Amy Lehrhaupt-ek «energia bizi eder zoragarria» zuen. Neska pelikula estreinatu baino lehen hil zen moto istripu batean, baina Linklaterri ez zioten ezer esan 2010era arte. Julie Delpyk 24 urte zituen 1994ko udan Before Sunrise filmatu zenean. Titi eroriak zituen ordurako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.