Pastor
DARWIN ETA GU

Ehiza geltokian

2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Okzitaniako Tolosan 100 euroko isuna jarri diote mutil bati, besoetan ume txiki bat zuen emakume bati 70 zentimo emateagatik. Asteazkenean gertatu zen, Toulouse-Matabiau tren geltokian, Le Figaro egunkariak azaldu duenez: eskaleak jateko zerbait emateko esan dio gazteari. Bi geltoki-polizia hurbildu dira. Leku publikoan eskatzea debekatua dago; dirua emanez gero, legea urratuko du mutilak. Gaztea ez da kikildu eta 70 zentimo luzatu dizkio andrazkoari. Poliziek isuna jarri diote. Albistea bolo-bolo zabaldu da. Azkenean, SNCFk indarrik gabe utzi du zigorra.

Mota askotako jendearen bilgune dira geltokiak. Gure gizartean zer dagoen, huraxe aurkituko dugu bertan. Alta, baztertuak hortik kanpo nahi dituzte. Paisaia garbia zikintzen dute, antza. Haien ehizan dabil Polizia. Itxuraz pobreak eta «hemengoak» ez direnak dituzte jomugan. Donostiako geltokian frogatu dut, aste honetan: kale-jantzian doan lagun parea gerturatu zaio azal iluneko emakumeari. Paperak erakusteko. Hamar minutu geroago gazte bat, hori ere oso zuria ez, inguratu dute bi lagunek.

Berrogei urte pasatxo izango dituzte biek. Burusoila bata; iletsu eta bizarduna bestea. Geltokiko monitoreari argazkia egin diot. Kasualitatea: irudiaren beheko aldean bi gizonen bizkarrak ageri dira. Lagun bati bidali diot. «Esan ez bazenit, ez nuen jakingo poliziak direla». Horixe. Bizardunak beherantz jantzita ditu prakak, ipurdia ia izter erdiraino luzatuta. Eta bisera bat.

Gaztetan kuadrillako lagunak atxilotu eta ordu batzuen buruan libre utzi zituztenean komisarian gertatua azaldu zidan horietako batek: «Halako batean antinuklear bat sartu da ni galdekatzen ari ziren gelan, eta kristoren zaplaztekoa eman dit». «Antinuklearra?». «Bai. Ile luzea zuen, eta nuklearrik ez leloa zuen poltsa bat zeraman». Beste lagun batek zorte txarragoa izan zuen. Itxura hauskorra atzeman zioten poliziek. «Zerbait badute, honek kantatuko du», esan zuen uniformedun batek. Harentzat gorde zuten galdeketa latzena. Elektrodoak ezarri zizkioten. Zer esanik ez zuela ohartu, eta libre utzi zituzten guztiak. Gure lagunak hiru hilabete pasatu zituen masturbatu gabe. Behintzat, ez zen itsu geratu. Belarrien atzean, barrabiletan eta zakil-mokoan elektrodoak jartzea zer da: torturak, tratu txarrak ala polizia gehiegikeriak?

Orain beste era batera mozorrotzen dira antinuklearrak, torturatzaileen ondorengoak: hipster, rockero, anti ez dakit zer... Baliteke Kukuxumusu kamiseta janztea. Edo Ahobizi dioen txapa. Belarriprest zeu izango zara, deskuidatzen bazara, prest izan beharko duzulako belarria belarrondoko ederra jasotzeko.

Ehizan dabiltza geltokietan, bestelako azala edo itxura dutenen atzean. Ez da soilik hemen gertatzen. Duela 15 urte Bartzelonatik Osloko aireportura heldutako hegazkineko zortzi bat lagun eraman gintuzten gela batera. Itxura eskandinaviarra zuten bidaiari guztiak —ehundik gora— arazo barik pasatzen ari zirela ikusi nuen kristaletik. «Soilik azal iluna duten bidaiariak ekartzen dituzue hona?», galdetu nion poliziari. «Norvegiako Polizia arrazista dela esaten ari zara?». «Ikusten ari naizena esaten ari naiz, besterik ez». Ziega batean itxi ninduten ordubetez, nire pasaportea ondo aztertzeko aitzakiaz.

Erne etorkin eta pobre itxura baduzu. Kontua da gero eta behartsu gehiago daudela. Bazterkerian daude eta jazarri egingo dituzte geltokietan gora eta behera hasiz gero. Caritasen arabera, 90.000 lagun daude pobrezia larrian EAEn. Kanpokoak? Hemengoak? Berdin dio. Goseak kolorea izan dezake, baina ez du aberririk: behar gorriak mugak hausten ditu eta duintasuna txikitzen du. Muturrera eramaten du sufrikarioa.

Gipuzkoako kostaldeko herri batean bizi den lagun batek kontatu zidan bikotekideak Bilboko bazter-auzo bateko farmazian egiten duela lan. Egunero joan eta etorri ibiltzea merezi ote zuen galdetu nion. «Noski. Halako auzoetan farmazia bat izatea negozio ona da. Pobreak gehiago gaixotzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.