Hotza sartzen ari zaio etxean

Eibarrek duela urtebeteko antzeko zenbakiak dauzka, baina bada datu bat kezkatzeko modukoa: Ipuruan dabil eskas, eta etxeko puntuak ezinbestekoak ditu mailari eusteko helburua lortzeko.

Eskuinean, Pape Diop Eibarreko jokalaria, atsekabetuta, Alavesek gola lortu eta gero. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Oso kolpe gogorra izan da partida hau galtzea», esan zuen Jose Luis Mendilibarrek igandean, Ipuruan Alavesen aurkako derbia 0-2 galdu eta gero. Azken unean sartu zizkioten golak Eibarri, eta galtzeari beste zama bat gehitu zion punturik gabe geratzeko modu zital horrek. Horregatik guztiagatik, eta sailkapenean taldea atzean delako, ezkortasun mezuak ugaritu egin dira taldearen inguruan.

Zenbakiak izaten dira taldeen ibiliei argazki zehatza ateratzeko baliabide ona, eta Eibarren kasuan, balio dezakete datuek ezkortasuna pixka bat orekatzeko. Izan ere, aurreko denboraldian, garai honetan, antzeko zebilen taldea. Baina ñabardura batzuk badira, eta kasuren batean, oso kontuan hartzekoak.

Jokoa eta jokalarien ekarpena aztertzea ez da hain zehatza, gehiago izan dezakeelako subjektibotasunetik. Baina alor horretan ere ari da taldea informazioa bidaltzen, eta nola jokoaren ondorio izaten den askotan emaitzen gurpil zoroa, bada informazioa horretan ere taldearen ibiliari argazkia ateratzeko.

IPURUAN, ESKAS
Aurreko sasoianbaino puntu gutxiago

Datu hau kezkagarria da. Etxeko puntuak dira mailari eusteko helbururen zutabe. Hala izan zen aurreko denboraldietan. Orain, ordea, kontrakoa esaten dute zenbakiek. Aurreko sasoiarekin alderatuz, zazpi puntu gutxiago dauzka lortuak taldeak Ipuruan, zazpi partida jokatu eta gero. Lau zituen irabaziak, bat berdindua eta bi galduak. Orain, aldiz, bakarrean izan da aurkaria gainditzeko gai, eta hiruna dira berdindu eta galdu dituen partidak. Etxetik kanpo etxean baino hiru puntu gehiago atera izana oso adierazgarria da, Ipuruan nola ari den azaltzeko.

JAITSIERA, GERTUAGO
Hiru puntura baino ez

Ezkortasunari haizea ematen dio datu horrek, beste zenbaki orokorrak antzekoak izan arren. Iragan sasoian, hamabigarren zen Eibar garai honetan, eta, orain, hamaseigarren da. Aurreko denboraldian, hemezortzi puntu zeuzkan, eta, orain, hiru gutxiago bakarrik. Orduan, garai honetan, bost partida zituen irabaziak, hiru berdinduak eta sei galduak. Sasoi honetan, lau dauzka irabazita, hiru berdinduta eta zazpi galduta. Hamabost gol sartu zituen aurreneko hamalau partidetan, eta, egun, bat gehiago; kontra hemeretzi zituen, eta 23 orain. Ez da ezberdintasun handirik, baina jaitsieratik kanpo dagoen bigarren taldea baino ez da, eta Celta azken-hirugarrena hiru puntura du bakarrik.

AKATSEN ZIGORRA
Aurkarien pagotxa

Azken denboraldietan ia beti agertzen den aldagaia azaldu da orain ere: akats larriak eta opariak. Horrelakoak aipatzea atezaina eta atzelariak egurtzeko erabili izan ohi da, eta atzelariek egin dituzte akats batzuk, baina aurrekoek egindakoak ez dira txikiagoak izan. Gola sartzeko aukera garbi bat huts egitea, adibidez, edota gola sartzeko taldekidea bakarrik denean baloia hari ez pasatzea ere okerra eta opariak dira; garesti ordaintzen direnak, gainera. Edo zelai erdian baloia galtzea berreskuratu eta segituan, erditik jokatzeagatik, hegaletik joan beharrean, Alavesen lehen golean bezala.

PRESIOAN, IRREGULAR
Ez da jarrera bakarrik

Mendilibarren jokatzeko ereduan ezinbestekoa da aurkariaren zelaian jokatzea, eta lortu du hori taldeak denboraldi honetan ere. Baina ez etenik gabe. Partida berean, batzuetan gai izan da aurkaria haren zelaian preso edukitzeko, baina beste batzuetan, ez. Baloia galdu eta segituan azkar berreskuratzeko lanean irregular dabil taldea. Ezinbestekoa zaio Eibarri indargune hori berreskuratzea; bestela, atzeko lerroa erabat salduta geratzeko arriskuak hirukoiztu egiten dira, oso aurreratuta jarri ohi duelako entrenatzaileak. Presioa egitearena pentsa daiteke jarrera kontua bakarrik dela, eta neurri batean hala da. Baina egoera taktikoek ere eragina daukate. Izan ere,, erasoko mugimenduak edonolakoak eta edonorakoak badira, baloia galtzean jokalariak ez daude ondo jarrita presioan azkar joateko. Edo ez da gauza bera hegalean eta aurrean baloia galdu beharrean erdiko esparruan eta zelai erdian galtzea. Hegaletatik jokatu eta erdiraketak ateratzea ere behar-beharrezkoa du taldeak, atzelariek urruntzen badute ere, baloi horretara azkar joateko presioan jokaldiaren atzetik daudenak.

JOKALARI BERRIAK, IKASTEN
Denbora behar dute

Zaldibarko entrenatzailearen bereizgarri horiek eta beste hainbat ez dira asko erabiltzen beste taldeetan. Horrek esan nahi du udan iritsitako jokalariek denbora behar dutela ikasgai horiek guztiak barneratzeko, eta hala gertatu izan zen aurreko denboraldietan ere. Gogoan izan behar da, adibidez, Joan Jordani eta Ruben Peñari zenbat kostatu izan zitzaien hamaikakoan lekua hartzea eta taldearentzat jokalari garrantzitsu bihurtzea. Horretan dabiltza Edu Exposito eta Alvaro Tejero, esate baterako. Ikusten dadoainak badituztela, eta Mendilibarren jokoari neurria hartzea denbora kontua izango da. Beste horrenbeste gertatzen ari zaio Quique Gonzalez aurrelariari ere. Bestelako egoera da Esteban Burgos eta Roberto Correa atzelariena, lesioen zama gehitu baitzaie berriak izateari.

ZEUDENAK, ERDIZKA
Gorabehera gehiegi

Eibarrentzat ezinbestekoa da taldean zeuden jokalariek berenonena ematea. Oraingoz, hor dabiltza, erdizka bezala, ezin onena emanda bezala, oraintxe ondo baina hurrengoan ez. Hori ere gertatu izan zen aurreko sasoietan, eta denborarekin etxekoak jarri egin dira puntuan. Jokalari guztiak dira beharrezkoak, baina, adibidez, Sergi Enrichek sasoi ona berreskuratzea ezinbestekoa da taldearentzat. Lesioak tarteko, kostatu egin zaio taldean sartzea, eta ari da pixkanaka onera etortzen. Zelai erdian ere koska bat gorago behar lukete ibili Pape Diopen eta Gonzalo Escalantek, ezinbestekoa baita bien jardun ona taldeak lan ona egin dezan, defentsan eta erasoan. Lehen erakutsitakotik urrun dabilena Takashi Inui japoniarra da. Beste muturrean dabil Fabian Orellana txiletarra, erasoko jokoan itsasargia baita. Golegilerik onena da lau golekin, eta asistentzia gehien ere hark eman ditu: lau.

EZ DAUDENEN ZULOA
Jordan eta Peña falta

Eibarren diru kutxari ondo etorri zaizkio Joan Jordan eta Ruben Peña Sevillak eta Vila-realek erosi izana, baina zelaian zulo handia utzita joan dira. Ezinbesteko jokalariak ziren Mendilibarrentzat, eta orain ez daude. Peñaren erasoko ekarpenaren laurdenik emateko gai ez da Pablo De Blasis argentinarra, eta nahikoa egiten du berea ez duen lekuan jokatzen ari baita: atzealdeko eskuin hegalean. Tejero bere onera etortzean, agian inor ez da Peñarekin oroituko, baina bitartean, zuloa handia da. Beste horrenbeste esan behar Jordanen eta haren ordezko posible Expositoren inguruan. Gaia badutela ikusten zaie, gutxienez, biei. Baina erakutsi egin behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.