Errusiako Munduko Kopa

Etxeko afrikarra

Bryan Idowu Nigeriako atzelaria Errusian jaioa da, eta han bizi da. Beltza da, eta arrazakeria jasan izan du Errusiako futbolean, baina egoera asko hobetu dela dio, eta Munduko Kopa lagungarria izango dela.

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Errusiarra, beltza eta hiztun ona da, eta haren iritzia, oso interesgarria. «Bazter guztietan aurkitu dezakezu jende ona eta txarra. Ezin duzu esan herrialde oso bat arrazista dela gutxi batzuengatik. Errusian errazago aurkituko duzu arrazakeriaren aurka dagoen jendea eta harrera ona egingo dizuna. Hori bai, Errusian badaude ergelak, jakina, baina haiek ez dute euren burua arrazistatzat jotzen. Hemen ez dago, beste herrialde batzuetan bezala, beltzen esklabotzaren historiarik. Txantxa moduan hartuko dute, arrazakeria zer den ere jakin gabe». Bryan Idowu da (San Petersburgo, Errusia, 1992 ), Nigeriako selekzioko ezker atzelaria, San Petersburgoko semea, eta gaur etxean jokatuko du Argentinaren aurka.

Idowu da Nigeriako selekzioaren aurpegia Munduko Kopan. Errusieraz hitz egiten duen bakarra da. Errusian jaio eta hiru urterekin Nigeriara joan bazen ere, seirekin itzuli zen San Petersburgora. «Ingelesez eta igboeraz hitz egiten nuen, eta, sei hilabeteren buruan, beste klasekideek bezain ondo nekien errusieraz». Haren aita unibertsitate garaian joan zen Errusiara, eta ama errusiar-nigeriarra da. Berak ere herritartasun bikoitza du, eta Nigeriarekin jokatzea erabaki zuen. «Nigan fede gehiago erakutsi zutelako aukeratu nuen». Eta horrek ez dio lagundu, Errusiako ligako taldeek Errusiako selekzioarekin jokatu dezaketen sei jokalari izan behar baitituzte zelaian une oro.

Egun, Amkar Perm taldean jokatzen du, Ural mendilerroaren alboan, baina Idowu Zenit San Petersburgoko harrobian trebatu zen. Han ez zen lehen taldera iritsi, eta ez daki bere azalaren koloreak eraginik izan zuen. «Zeniten jokatuko zuen lehen beltza izango nintzela zioten, baina, 15 urte bete nituenean, jende batek esan zidan niretzat zaila izango zela lehen taldera iristea, nire arrazarengatik». Zeniten zaleak, Errusiako beste talde batzuetakoak bezala, behin baino gehiagotan izan dira zigortuak irain arrazistengatik. «Agian, maila ematen ez nuelako izan zen. Baina han lan egiten duen jendeak ez du ezer esaten; ez dakigu zaleei entzuten dieten ala ez. Dena den, ez lituzkete jokalari beltzak hartu beharko arrazistak ez direla erakusteko bakarrik, ondo jokatzen dutelako baizik». Ezaguna da 2012an Zeniteko muturreko zaleek «Zeniten koloreetan ez dago beltzik» izenburuko eskutitz bat bidali ziotela zuzendaritzari, jokalari beltz edo homosexualik ez fitxatzeko eskatzeko.

Idowu ez da inozoa; behin baino gehiagotan egokitu zaio zelaietan irain arrazista edo tximu oihuak entzutea, eta badaki estadioetan arazo hori existitzen dela. Umetan ere arrazakeria kasu pare bat jasan zituen San Petersburgon, eta badaki arazo hori hor dagoela, baina egoerak hobera egin duela uste du. «Kalean kaskamotzak ikusten banituen korrika irteteko esaten zidaten gurasoek. Beldur ziren, eta ni ere bai. Pare bat aldiz egokitu zitzaidan. Entzun nituen beltzen aurkako eta Uzbekistango jendearen aurkako erasoen historiak, baina 2004. edo 2005. urtean kaskamotzak desagertu egin ziren, eta kalean lasai ibiltzen hasi nintzen».

Idowuk, baina, errusiar gizartearen eta estadioetako muturreko zaleen arteko banaketa egin du. «Nik jende ona izan dut beti inguruan. Lagun multzo ona eskolan; kalean futbolean nirekin aritzen ziren bizilagunak bikainak ziren. Kalean gertatu izan zait jendea begira gelditzea, arraroa egiten zitzaielako, baina Errusian ni beti sentitu naiz etxean. Mundu guztiak egin dit ongietorri».

Alde horretatik, eta errusiar moduan, Munduko Kopak herriari mesede handia egingo diola uste du. «Beste herrialde batzuetako jendearekin harremana estutzeko balioko du. Errusiar gutxik dute atzerrira bidaiatzeko aukera, baina mentalki irekiak dira. Nik uste dut zale multzo guztiei harrera beroa egingo dietela hirietan. Aukera aparta da hau herrialdearentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.