Europak Espainia «zuzenduko» duela uste dute eragile gehienek

Erredakzioa
2015eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiak kritika ugari eragin ditu euskal eragileen artean. Etxerat elkarteak premiazko balorazioa egin du ohar batean, eta salatu du «eskandalu juridiko berria» dela epaia: «Espainiako estatuak giza eskubideak urratu ez ezik, Europako legedia ere urratuko du, gustuko ez duelako». Elkartearen ustez, legearekin «tranpa» egiten ari da Espainia, neurriak kalte egindako 50etik gora lagun espetxean mantentzeko apustu garbia eginez. Horrez gain, Etxerat-ek deitoratu egin du presoen senideek lehendakariaren eta Jaurlaritzaren babesa jaso ez izana.

EH Bilduk, berriz, aurrerabiderik ez dio ikusten epaiari, eta uste du Parot doktrinaren antzeko amaiera izango duela. «Gure esku dauden tresna guztiak erabiliko ditugu amaiera berbera izan dezan, baina Estrasburgora jo gabe», esan du Julen Arzuagak.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, salatu du Espainiako Gobernua bultzatzen ari den lege erreformekin presoen gizarteratze prozesuak «eragotzi» nahi dituela. Josu Erkorekak ohar batean ziurtzat jo du Europak «zuzendu» egingo duela ebazpena, Parot doktrinarekin egin zuen bezala. EAJk ere antzeko irakurketa egin du: «Espero dugu justiziak Espainiako iruzur berri hau zuzentzea». Gainera, jeltzaleek «iraganaren eta mendekuaren» alde egitea egotzi diote PPri.

EAren iritziz, epaiak erakusten du estatuak tresna oro erabiltzen dituela «bakea eta normalizazioa oztopatzeko». Aralarren ustez, berriz, Europako araudia urratzen du epaiak, eta ziur da Europak bertan behera utziko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.