Koronabirusa

Eragozpen bat txertoa lortzeko prozesuan

arantxa iraola
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
COVID-19ari aurre egiteko txerto bat lortzeko bidean, beti nabarmendu da, ikerketa prozesuan dauden proiektuen artean, Oxfordeko Unibertsitatea AstraZeneca botika konpainiarekin batera garatzen ari dena; atzo, ordea, ikerketaren arduradunek adierazi zuten eten egin behar izan dutela txertoa zer moduzkoa den ikusteko martxan duten saiakuntza klinikoa, parte hartzen ari den pertsona bat eritu egin delako: «azalpenik» atzeman ez dioten gaitz bat duela adierazi dute, eta horregatik hartu dutela erabakia.

Konpainiako arduradunek esplikatu dute halako gorabeherak gertatzen direla zenbaitetan ikerketetan, eta «arta» osoz aztertu behar direla, ondo bideratze aldera. Oxford eta AstraZeneca lantzen ari diren txertoa ikerketaren hirugarren fasean dago orain; justu produktu bat merkatu atera aurreko fasea izaten da, eta oso garrantzitsua haren segurtasunaren gaineko bermeak ondo finkatzeko. Agian pertsona hori «kasualitate baten ondorioz» erituko zela adierazi dute, baina ondo aztertu behar dela zer gertatu zaion. Ikerketa «independente» bat egingo dute jazotakoaren inguruan, eta horren emaitzen ostean erabakiko dute ea prozesuarekin aurrera jarraituko duten.

Txertoen garapen prozesuko hirugarren fasean milaka pertsonari jartzen zaizkie dosiak, hor ikusten delako zer ondorio izan ditzakeen. Oxford eta AstraZeneca lantzen ari diren txerto honetan, esaterako, 30.000 pertsona ari dira parte hartzen saiakuntza klinikoaren fase honetan; berariaz hautatuak, gainera, hainbat soslaitakoak. Geografikoki ere banatuta daude: Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuetan, Brasilen eta Hegoafrikan. COVID-19aren kontrako txerto eraginkor bat lortzeko ahaleginetan beste 30 proiektu ere badira orain mundu zabalean, baina Oxfordeko honen inguruan aparteko esperantza adierazia dute maiz osasun agintariek eta adituek. Txertoaren dosiak erosten hasteko operazioak ere abian dira.

«Masiboki», 2022an

OME Osasunaren Mundu Erakundeak nabarmendu du txertoa lortzeko prozeduretan tankera horretako etenak ez direla ezohikoak izaten, eta beharrezkoa denean horrelako atzera pausoak egiteak berebiziko garrantzia duela produktuen «segurtasuna» bermatze aldera. Erakundeko zientzialari Soumya Swaminathanek, bestalde, ohartarazi du gutxienean bi urte itxaron beharko dela COVID-19aren kontrako txertoak «masiboki» jartzen hasteko. Esan du ondo lehenetsi beharko dela txertoa aurrena nori jartzen hasi, eta agian heldu den urtearen erdialderako zenbait pertsonari jarri ahalko zaiela, baina argi adierazi behar dela populazio guztiarengana heltzeko prozesua luzeagoa izango dela: «Askok uste dute heldu den urtearen hasieran guztia konponduko duen panazea bat iritsiko dela, baina ez da horrelakorik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.