Gogoeta ziklo bat egingo du EHGAMek, aro berri bat hasteko

Urriaren 27tik azaroaren 6ra hausnarketa egingo dute, Bilbon, Hernanin, Arrasaten eta Izarran

Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
EHGAM sexu askapenerako erakundeak «puntu eta koma bat» jarri asmo du bere ibilbidean, «Euskal Herriko sexu-askapen mugimendua ernarazi zuen hazi hartatik» 45 urte igaro diren honetan. «45 urte geroago, ziurgabetasun eta prekaritate sozialaren, oinarrizko eskubide urraketen eta gorroto diskurtsoen eta eskuin faxismoaren gorakadaren giroan, historikoki EHGAMen eskuz esku pasatu den lekukoa hartzera gatoz», azaldu dute. Aldaketarako prest daude: «EHGAM berrirudikatzen, birpentsatzen, birformulatzen, berrarmatzen, berreratzen eta berramesten laguntzeko», KOSA —Koronabirus Osteko Sexu Askapena— hausnarketa saioa egingo dute urriaren 27tik azaroaren 6ra. Izen ematea datorren astean zabalduko dute, EHGAMen webgunean.

KOSAk hiru helburu nagusi izango ditu, ohar bidez azaldu dutenez: hizpide hartzea «Euskal Herriko sexu askapen mugimenduaren beharrei oso lotuta dauden gaiak»; EHGAMen ekintza politikoarekin bat egiteko deia egitea «pertsona eta subjektibitate disidente sexu-generiko guztiei» —egun antolatuta nahiz antolatu gabe daudenei—; eta ibilbide berria birpentsatzea. «EHGAMek puntu eta koma bat idatziko du gaur bere historian, eta ziklo berri bat irekiko du. Aro berri honetan, gure ekintza politikoak gure aurrekoen printzipio emantzipatzaile eta eraldatzaile berdinei heldu nahi die», nabarmendu dute.

Hausnarketa zikloaren egitaraua ere zehaztu dute: urriaren 27an eta 30ean eta azaroaren 4an saioak egingo dituzte Arrasaten, Hernanin (Gipuzkoa) eta Izarran (Araba). Ondoren, azaroaren 6an, Bilbon elkartuko dira, hausnarketa zikloa amaitzeko. Hainbat mahai inguru antolatu dituzte egun horretarako: 10:00etan, Genero disidentziak deiturikoa; 12:00etan, Kultura ez heteroarautua, eta 15:30ean, LGBT+ euskaraz eta euskaratik: gure borroketan euskarak duen lekuaz eztabaida saioa. Azkenik, «EHGAM berramesteko unea»izango dute, 17:30ean hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.