Zubietako errauste planta. Lanen geratzea auzitan

Errauste planta ezin zela egin esan dute Intxaurrandietak eta Errazkinek

Espainiako Kontuen Auzitegian deklaratu dute bi buruzagi ohiek; bizi guztiko zigor ekonomikoa jar diezaiekete. GHK-ko egungo buruek jarria da salaketa: «botere desbideraketa» oker larritzat dute

Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta, atzo, kontuen auzitegira iristen; erdian, Bilduk osatu zuen foru gobernuko ahaldun nagusia: Martin Garitano. J. DANAE / FOKU.
arantxa iraola
Madril
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Sakelako telefonoaren dardarak estimutan izan dituzte egunotan Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko buruzagi ohiek: babes premian. 2013an partzuergoko presidentea zen Intxaurrandieta, eta Ingurumen diputatua Errazkin. Biek iragarri zuten Zubietako errauste planta egiteko lanak gerarazteko akordio bat hitzartu zutela, eta auzipetuta daude orain erabaki horren harira. Beren bizitza goitik behera baldintzatu dezakeen auzibide batean sartuta daude: 46 milioi euro arteko zigorra jaso dezakete, bizi guztiko kondena ekonomikoa. Kritika ugari eragin ditu bi buruzagi ohien kontrako auzibideak, eta babesa ematera joan zitzaizkien hainbat lagunen atxikimendua jasota sartu ziren atzo Espainiako Kontuen Auzitegira, Madrilen. Elkartasun mezu bakoitzak emandako «indarra» nabarmendu zuten biek saiora sartu aurretik. Ondoren, epailearen aurrean, haien jardun politikoan hartutako erabakia defendatu zuten, haren legezkotasuna. Intxaurrandieta: «Aukera guztiak aztertu genituen. Une hartan genuen aukera bakarra kontratua etetea zen». Antzera, Errazkin: «Errauste planta egin izan balitz, guztiz defizitarioa izango litzateke». Gogoratu zuten handiegia zela aurreko legealdian plangintza bidez antolatu zen planta, hainbat txostenek ziotela hori.

Saioko ikusleen artean, egungo Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio egon zen, GHKren egungo ordezkarietako bat. Buruzagi ohien aurkako salaketa haiek jarritakoa da, eta adierazi zuen ezin zutela saihestu: «Botere desbideraketa oso larria da. Oso gutxitan gertatzen da, zorionez. Baina kasu honetan gertatu zen, eta horrek kalte ekonomikoa ekarri zuen». Pozik zegoen atzoko saioan entzundakoekin: «Kalte ekonomiko handia izan zela argi ikusi da». Kritikak eta protestak egon dira auzipetzearen harira, baina, beste ezeren gainetik, erabakiaren ondorioz Gipuzkoak izan dituen arazoei erreparatu behar zaiela esan zuen: «Denbora asko galdu zen, eta diru asko. Hori ezin zen edonola utzi». Epaiketan mintzatu ziren bi auzipetuak eta aldeek deitutako hainbat lekuko; tartean Denis Itxaso egungo Kultura diputatua. GHK-ko kide zen Bilduk bertan gehiengoa zuen sasoian, eta dimisioa eman zuen, hartzen ari ziren erabakiekin kritiko. Alde bakoitzak deitutako bi aditu ere aritu ziren. Ondorioak aurkeztea besterik ez zaie falta orain bi aldeei, baina atzo ez zuten izan horretarako astirik.

Bilduk foru gobernuan egin zuen legealdiko erabaki garrantzitsuenetariko bat izan zen, zalantzarik gabe, errauste planta egiteko kontratua bertan behera uzteko enpresekin hitzartu zen akordioa. Horren ondorioz, babesa erakutsi nahi izan zieten foru gobernu hartako ordezkariek; han zeuden, hain justu, Martin Garitano ahaldun nagusi ohia eta Garbiñe Errekondo Funtzio Publikoko diputatu ohia. Garitanok gogoratu nahi izan zuen hondakinen kudeaketa berri baten aldeko borondatea irmo adierazia zuela Bilduk, eta bete egin behar zuela. «Gu bozetara joan ginen programa oso zehatz batekin, besteak beste gai horrekin, eta hala irabazi genituen hauteskundeak, aise irabazi ere. Horrek esan nahi zuen kontratu bat genuela botoa eman zutenekin: Intxaurragak eta Errazkinek bete egin zuten kontratu hori».

Mendekua eta mehatxua hitzak usu erabili dira egunotan auzibide hau deitoratzeko, eta horien itzala ikusten duela onartu zuen: «Honen atzean dagoen mezua zera da: 'Kudeatu egin behar duzue, baina gobernatu ez; gobernatu betiko botere faktikoek egingo dute'». Errekondok ere nabarmendu nahi izan zuen auzibide honen existentzia bera dela kezkagarria: «Mandatu politiko bat, programa politiko bat aurrera eramateagatik horrelako ondorioak izateak politika bera darama parametro desegokietara».

EH Bilduko Espainiako Kongresuko parlamentari Marian Beitialarrangoitia ere joan zen buruzagi ohiei babesa azaltzera. «Proiektua gaindimentsionatuta zegoela agerian geratu da denborarekin, beraz arrazoia eman beharko liekete Ainhoari eta Iñakiri». Atzo ere egin ziren bi buruzagi ohiei elkartasuna erakusteko keinuak: ilunabarrean, Lezon egin zen mobilizazio bat. Hango zinegotzia da Ainhoa Intxaurrandieta. Elkartasun mezu gehiago ere izan ziren; adibidez, LAB sindikatuarena.

'Swap'-en itzala

Errauste plantaren auziak ezagun egin ditu swap produktu finantzarioak; maileguak-eta emateko eskatzen dituzte usu bankuek, eta errauste plantaren jatorrizko egitasmoan halakoxeak hitzartuta geratu ziren. Eta, azkenean, hura egin ez arren, pagatu egin behar dira. Atzoko saioan galdera eta erantzun asko egin ziren horien inguruan; izan ere, hamarkada askotako zama ekonomikoa izango dira Gipuzkoarentzat. Bi adituk ikuskera aski ezberdinak eman zituzten horien inguruan. Salaketa jarri dutenentzat txostena egin duenak esan zuen halakoak «obligatorioak» direla, eta errauste planta egin ez izanak bihurtu zituela zama. Auzipetuentzat jardun zuen adituaren aburuz, okerra hasieratik halakoak kontratatzea izan zen. «Akats larria izan zen horiek hitzartzea jakin gabe zehazki zein izango zen egutegia». Eta, hain justu, kontratatu ziren bozen atarian; hondakinen inguruko politika berrien gaineko aldarriak inoiz baino ozenago zebiltzan sasoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.