Koronabirusa. Hondartzak

Lainoak ugari, bainulariak ez hainbeste

Sorosleak lanean hasita daude Bizkaian eta Gipuzkoan, segurtasun neurri bereziekin. Estreinako egunean ez da aparteko arazorik egon, jende gutxi ibili delako

Sorosle bat lanean, atzo, Ereagako hondartzan (Getxo). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Gotzon Hermosilla - Paulo Ostolaza
Getxo/Zarautz
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Sorosleek jarduna hasi dute Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzetan, baina, ezohiko uda honetan gauza gehienak bezala, arau eta segurtasun neurri bereziekin. Estreinako egunean, eguraldiak ez du askorik lagundu, eta jende gutxi ibili da hareatzetan; hortaz, ez da aparteko arazorik egon bainularien arteko tarteari eusteko gomendioa edo kirola egiteko debekua betearazteko.

Ereaga hondartzan (Getxo, Bizkaia) jende gutxi dabil: sargori dago, baina ez da hondartzarako egun peto-petoa, zerua lainoturik dagoelako. Gehienak paseatzen ari dira, edo umeekin jolasean: hondartzan etzanda daudenak dozena erdi bat baino ez dira, eta uretan, neskato bi baino ez. Bizkaiko Foru Aldundiak prestatu duen aplikazio berezian, hondartza «ia hutsik» dagoela ageri da.

Baina xehetasun batzuek adierazten dute egoera ez dela guztiz ohikoa. Sarrera batzuk itxita daude; dutxak ez daude erabilgarri, eta hondartzan jarritako kartel batzuen bidez ematen dute arauen berri: «distantzia soziala» gorde behar da, lehorrean zein uretan; gehienez, hiru ordu eman daiteke hondartzan; garbitasun neurriak areagotu egin behar dira, eta gaixotasunaren sintomak izanez gero hondartzara ez sartzea gomendatzen da.

Ibai Fernandez Bilbotik etorri da, neoprenozko jantzia soinean, igerian egiteko asmoz: «Gaur, eguraldiagatik eta astegun buruzuria denez, ia ez dago jenderik, baina niri ondo iruditzen zait neurriak hartzea, batez ere asteburuetan. Hiru ordu uztearena ondo iruditzen zait; denbora nahikoa dela uste dut».

Txema Perez eta alaba luzaketak egiten ari dira hondar gainean. Leioatik (Bizkaia) etorri dira, eta, diotenez, astean pare bat aldiz etorri ohi dira, «normalean, hondartza honetara, hauxe delako hurbilen daukaguna». Bainatzea edo eguzkia hartzea baino gehiago, «paseatzea» dute gogoko, «eta are gehiago garai hauetan».

Perez ere bat dator hartutako neurriekin: «Gauzak dauden bezala egonda, horixe da orain dagokiguna: batez ere, zuhur jokatzea. Espero dezagun hau guztia pasatzea eta egoerak hobera egitea, baina, oraingoz, zenbat eta segurtasun neurri gehiago, orduan eta hobeto».

Nere Bilbao Algortan (Getxo) bizi da, eta umearekin etorri da hondartzara, bizikletaz. Arrigunagara (Getxo) joateko ohitura handiagoa dute, baina oraingoan Ereaga aukeratu dute: «Gaurkoa hirugarren eguna da. Aurten ez gara hondartzara askotan etorri».

Bilbaori ere beharrezko iruditzen zaio neurri batzuk hartzea, baina desorekak daudela begitantzen zaio: «Umeentzako parkeak itxita daude, eta horri ez diot zentzu handirik ikusten: bitartean, taberna guztiak gainezka daude».

Bilbaok ere badu gogoa dena «normalduz» joan dadin, «baina horretarako beharrezkoa da neurriak hartzen jarraitzea. Ea apurka-apurka aurrera goazen, atzera joan beharrean; nik ez dut neure burua ikusten berriro konfinamenduan».

Hondartzan hiru sorosle daude, baina prentsari adierazpenik ez egiteko agindu diete. Bulegoan, erantzuna berbera da: badirudi azken boladan ohiko bilakatzen ari dela Bizkaian zerbitzu publikoetako langileei prentsarekin hitz egiten ez uztea.

Hondartza, hesituta

Zarautzen (Gipuzkoa), itsasertzean eserita dauden Gorka Iriondok eta Iñigo Mujikak ez dute adierazpenik egiteko arazorik. Sorosleak dira, eta gaur dute denboraldi berriko lehen lan eguna.

Oraingoz, ez dute nabaritu aldaketa nabarmenik joan den urtetik hona: «Distantziak mantentzeko eskatu digute, eta ahal den neurrian laguntza behar dutenak sorosleen basera bideratzeko. Erreskateetan ere pertsonak atzetik hartzeko gomendatu digute, baina ez da erraza izango neurri hori betetzea; tentsio handiko uneak izaten dira».

Hamasei dira Zarauzko hondartza zaintzeko ardura duten sorosleak; haien koordinatzaileak herenegun zabaldutako bideo baten arabera, gutxiegi. Mujikaren iritziz, «aurten ere atzerapauso bat eman du udalak», eta, Iriondoren ustez, «gutxieneko zerbitzuekin jolasten» ari dira: «Hondartza lasai dagoenean, ez dago arazorik, baina itsasoa harrotzen denean eta jende gehiago biltzen denean, egoera oso zailei egin behar izaten diegu aurre».

Hamasei dira aurtengo sasoian Zarauzko hondartzan jardungo duten toldozainak ere. Atzo hasi ziren lanean, baina ez betiko zereginean: hondartzako sartu-irtenak kontrolatzea izango da haien eginkizun berria.

Oier Mutiozabalek ez du aspertzeko betarik izan bere lehen lanegunean: «Jada kazetariok egiten didazuen hirugarren elkarrizketa da!». Izan ere, deigarria da irudia: hondartza hesituta dago—zazpi sarbide soilik ditu 2,8 kilometroan—, gaztaina saltzaileen etxoletan sartuta daude toldoetako langileak, eta lepotik zintzilik kontagailu bat dute, une oro hondartzan zenbat lagun dauden zenbatzeko. «Oraingoz, gustura» daude toldozainak, baina aitortu dute ez dakitela zer moduz funtzionatuko duen sistema berriak: «Orain martxa hartzea da asmoa, udako egun zailak iristen direnean prest egoteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.