Euskal Herriko gazta ekoizlerik handiena

2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Quesos Aldanondo enpresaren jabeek, Aldanondo familiak, 2006. urtean abiatu zuten suteak suntsitutako gaztandegia eraikitzeko ideia. Ordurako bazuten lantegi bat Araban, Araian, baina hango ekoizpena eta Euskal Herrian zituzten beste planta txikiagoetako gazta produkzioak lantegi bakar batean —Agurainen— bateratzea hobetsi zuten, eta Kaiku hartu zuten bidaide egitasmo horretarako.

Baina gaztandegi berri-berria lanean hastear zela, Kaikuk utzi egin zuen proiektua. Horren ondorioz, lantegia esne hornitzaile handirik gabe gelditu zen, neurri handiegiarekin eta atzera finantzatu beharra zegoen zor handi batekin. Zailtasunak hasi ziren, eta, besteak beste, ardi esnearen eta behi esnearen alorreko hainbat ekoizlek esan zuten arazoak zituztela salmentak kobratzeko.

Gaztandegiaren arazoak, neurri handi batean, Nafarroako Saiona taldearen etorrerak konpondu zituen 2016an. Egun, Saionarena da korporazioaren kapitalaren zati handiena, eta Aldanondo familiak zati bat dauka. Olaberriako plantaren eta banaketaren negozioa familiarena da, korporaziotik aparte.

Tuteran sortutako Saiona ezaguna da proiektu handiak egitegatik. Caparroson (Nafarroa) 5.000 buruko behi haztegi bat du, eta Sorian (Espainia) 20.000 abelburu hazteko etxalde bat egiteko asmoa du.

Quesos Aldanondo ere agertu izan da hedabideetan. 2006an, Idiazabal sor-markak auzitara eraman zuen, gazten etiketekin iruzurra egiteagatik. Azkenean Espainiako Nekazaritza ministerioaren isun batekin amaitu zen auzi hura. Artalde mistoetako esnearekin egindako gaztarentzat Etxegarate marka erabiltzea ere debekatu zion Jaurlaritzak Quesos Aldanondori, erosleek soilik latxaren esnearekin egindako sor-markako Idiazabalgo gaztarekin nahas zezaketelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.