Isobaren mapei arretaz begira

Asko dira sare sozialetan eguraldia iragartzen dutenak: inolako diru asmorik gabe, zaletasun hutsez, isobarei begira egon, eguraldia aztertu, eta horren berri ematen dute. Hala ibiltzen dira Jonathan Lopez, Iker Ibarluzea, Mensegal Baz eta Joseba Ona, eta «oso gustura» ematen diete eguraldiaren berri euren jarraitzaileei.

JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun

Jonathan Lopez: «Kasik, hitz egiten hasi aurretik begiratzen nien hodeiei»

Meteorologia zalea da Urnietako (Gipuzkoa) Jonathan Lopez. «Meteorologiaren afizionatu bat naiz beste gauza askoren artean, eta asko gustatzen zait mendiaz eta naturaz gozatzea». Hala dio @urnietameteo-k, haren Twitterreko profilak. Urnietako eguraldia iragartzen du bertan, eta jendeak haren Twitter kontuari jarraitzen dio eguraldiaren berri jakiteko.

Meteorologia zalea bai, baina ez da meteorologoa. DBHra arte egin zituen ikasketak, eta banatzaile gisa dabil egun. «Baina meteorologiarekin edota eguraldiarekin zerikusirik duen ezer ez nuen ikasi, eta ez dut horretan inoiz lanik egin».

Eguraldiaren inguruan duen zaletasuna ez da oraingo kontua, ordea. Izan ere, txiki-txikitatik datorkion afizio bat da eguraldiarena: «Pentsa! Kasik, hitz egiten hasi aurretik begiratzen nien hodeiei, tenperaturari, euriari eta edozein fenomeno meteorologikori». Gerora hasi zen, poliki-poliki, gaiaren inguruan gehiago jakin nahian, eta eguraldiaren gaineko informazio gehiago bilatu eta eskuratzen. «Hasieran, telebistaren bidez lortzen nuen eguraldiari buruzko informazioa, eta, gero, Interneten bidez. Horrela joan nintzen hain gustuko dudan gai honen gainean trebatuz neure burua».

Lopezen ustez, oso baliagarri zaizkie sare sozialak meteorologia iragarpenei, xehetasun asko eman baitaitezke, haren iritziz: «Eguraldia iragartzeko oso tresna ona dira sare sozialak, betiere idazten ari den horrek gaia kontrolatzen badu». Meteociel eta Meteored webguneetatik ateratzen ditu bere aurreikuspenak, eta askok erreparatzen diete egunero: 1.200 inguruk, hain zuzen. Jarraitzaileek galdetu, eta berak erantzun; hala aritzen da egunero Lopez.

Azpimarratu du bera ez dela meteorologo profesionala, baina horren inguruan informatzea gustatzen zaio, «eta batez ere fenomeno meteorologiko garrantzitsu edo bereziren bat gertatzen denean». Informazio hori guztia irudiz eta bideoz hornitzen du, gainera, Lopezek. Izan ere, elurteen, euri zaparraden, kazkabarren eta paisaia ederren irudi eta bideoz josita dauka bere Twitter kontua.

Jon Urbe / FOKU

Iker Ibarluzea: «Irabazi asmorik gabe eta oso gustura egiten ditut eguraldi iragarpenak»>

Denbora da eguraldiari begira bizi dela Ibarrako (Gipuzkoa) Iker Ibarluzea. Naiz irratian eta Tolosaldeko Atarian ematen du egunero eguraldiaren berri, eta baita bere Twitter kontuan ere. Hiru milatik gora jarraitzaile ditu @ibarrameteo kontuan, eta egunero egiten die horiei guztiei eguraldiaren abisu. Eta baita haiek Ibarluzeari galdetu ere. Are gehiago orain, Korrika Euskal Herria zeharkatzen ari den honetan: «Ostiralean oraingoz zer eguraldi, Iker? Ordiziatik orduan pasatuko baita Korrika». Hartu-eman bat da, azken batean.

«Txiki-txikitatik datorkidan afizio bat da eguraldiarena». Hala azaldu du Ibarluzeak. «5 edo 6 urte nituenean hasi nintzen Euskal Telebistan eguraldia ematen zutenean arretaz begiratzen eta entzuten. Orduan sortu zitzaidan meteorologia edo eguraldi kontuei buruzko jakin-min hori». Hala ere, kozkortu zenean hasi zen «zeruari begira bizitzen», 13 edo14 bat urterekin: «Nerabezaroan hasi nintzen eguraldi iragarpenak begiratzen eta aztertzen».

Gaur egun, egunero ematen du eguraldiaren berri Ibarluzeak Twitter bidez. Zenbat gradu izango diren, tantaren bat eroriko ote den, zerua estalita edo oskarbi egongo den, eta baita haizeak nondik joko duen ere; xehetasun guztiekin kontatzen du berak. «Uste dut informatzeko tresna ona dela Twitter, ondo erabiltzen bada, noski». Zaletasun hutsez egiten du, gainera. Izan ere, meteorologiako masterra egin zuen, baina geografia ikasi zuen. Dena den, gaur egun gustuko du jendea eguraldiaz informatzea: «Irabazi asmorik gabe baina oso gustura egiten ditut eguraldi iragarpenak, informazio hori guztia eskuragarri izan dezan jendeak».

Iragarpenak egiteko, Meteociel webguneko eredu meteorologikoetan begiratzen du, oro har; eta horiei interpretazio bat ematea du pasio. «Pare bat formula erabiltzen ditut egoera nahasiagoa den garaietarako». Ezin da, ordea, egunero asmatu zer eguraldi egingo duen, eta Ibarluzeak badu erantzun bat horretarako: «Guk nahiko garbi utzi izan dugu beti eguraldi iragarpena aurreikuspen huts bat dela, azken finean. Hau da, ez da zientzia zehatz bat; eta jendeak ulertzen du hori».

Endika Portillo / FOKU

Mensegal Baz: «Itzela da meteorologia, baina emakumeak falta dira jardun honetan»

Erizaina da Mensegal Baz gasteiztarra. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasi zuen, eta Erizaintza gero. Pasio berezi bat pizten dio naturak, ordea, eta horrekin lotutako zenbait jarduni eskaintzen dio bere denbora librea. Jakin-min handiko pertsonatzat dauka bere burua, eta betidanik eman dio arreta askotariko esparruen gainean jakiteak: marrazketa, arkeologia, meteorologia... «Gustatzen zaizkidan gaien inguruan etengabe ikasten saiatzen naiz beti».

Haren iritziz, naturak pizten dion pasioak piztu dio meteorologiarako zaletasun hori. «Ekaitz baten, hodeien eraketaren, depresioen, ziklogenesiaren edo hodei moten atzean dagoen alderdi zientifikotik eta teknikotik haragoko interesa nuen». Eguneroko bihurtu zuen interes hori orain zazpi urte: «Nire bikotekideak eta biok sare sozialetan kontu bat sortzea erabaki genuen, Araban bakarrik oinarritutako eguraldiaren dibulgazioa egin ahal izateko». @arabamet du izena bikotearen kontuak, eta Arabako bizilagunei eta kontuari jarraitzen dion orori naturak eta meteorologiak pizten dien grina helarazteko bide gisa erabiltzen dute.

3.700 jarraitzailetik gora ditu Twitterren @arabamet-ek. Bikote baten zaletasunaren erakusleiho gisa hasi zenak oihartzuna lortu du Araban. «Sinestezina iruditzen zait honaino iritsi izana; gure zaletasunak partekatzeko ilusioarekin hasi ginen, eta pixkanaka eraldatuz eta haziz joan da denbora igaro ahala». Euskalmeten bilatu ohi dute informazioa, baina beste meteorologia eredu ofizial batzuekin alderatu ohi dute informazio hori, «aurreikuspena Arabara egokitzeko».

Bazen ustez, helburu sozial bat ere betetzen du euren kontuak: «Gure Twitter kontua Arabarren topagune bat da, eta jarraitzen digun jendearen eta gure herrien bozgorailu izatea nahi dugu. Jarraitzaile fidelak ditugu, kontuan hartzen gaituztenak, eta horrek oso zoriontsu egiten nau».

Hala ere, etsipen tonu bat darabil Bazek, meteorologiarena jardun «zoragarria» bada ere horretan diharduten gehienak gizonezkoak direlako: «Itzela da meteorologia, baina emakumeak falta dira jardun honetan».

Maialen Andres / FOKU

Joseba Ona: «Nire helburua da jendea iragarpen fidagarri batekin joatea mendira»

Elektronikako bi titulu lortuak ditu Donostiako Joseba Onak. Ez da inoiz meteorologo profesionala izan, ez baitu horri lotutako ikasketarik egin inoiz. Oso zalea da, hala ere, haurra zenetik. Haren aitonak arrantza maite zuen, eta ondo gogoan du Onak harekin arrantza egitera joaten zenekoa: «Lehenengo, zizareak bilatzen genituen hondartzan, eta, gero, arrantzan aritzen ginen». Lotura estua du ordutik meteorologiarekin. «Aitonarekin arrantzan egitera joaten nintzenean, kontrolpean izaten nituen mareak, eta orduak eta orduak pasatzen nituen zeruari begira».

Onaren arreta pizten zuten eguraldi kontuek, eta azaldu du eskolara joan aurretik irratian aditzen zuela eguraldia goizero: «Eskolara joan baino lehen, Jose Ignacio Alvarez Usabiagaren iragarpena entzuten nuen; artean, 85eko elurtea». Alvarezek esandakoak koaderno batean biltzen zituen Onak, eta bertan idazten zituen eguraldi kontuak: tenperatura, haizea, presioa... Geroago zabaldu zen Internet, eta orduantxe hasi zen eguraldi zalea, bere kasa, isobara mapen interpretazioak egiten.

Onaren zaletasuna umetan piztu zen, eta gaur egun bi blogen jabe da. Donostia eta inguruetako eguraldia iragartzen du horietako batean (@meteogros). Bestean, berriz, @meteoformigal izenpean, Pirinioetako eguraldiaren berri ematen du: «Astean bi aldiz egiten dut Pirinioetako eguraldiaren iragarpena eski denboraldian». Arrakasta handia lortu du blogak, Onaren ustetan «ezinbestekoa baitu jendeak eskiatzera joateko eguraldia jakitea». Nabarmendu duenez, blog horri jarraitzen dion jende asko ez du ezagutzen, baina jarraitzaile guztiei mintzo zaie egunero, hala ere: «Nire helburua da jendea iragarpen fidagarri batekin joatea mendira». Twitter bidez egiten ditu eguneroko iragarpenak, haren ustez «tresna ona» baita eguraldiaren berri emateko.

Maite du meteorologia. Ikasi zuen aitonarengandik eta baita Alvarez Usabiagarengandik ere. Zehatza izatea gustatzen zaio: «Euskal Herriak fenomeno lokal asko ditu: enbatak, itsasoko lainoa... Epe motzean aztertu behar dira mapak, hurrengo eguneko iragarpenetan xehetasunik falta ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.