Ion Orzaiz.
ANALISIA

Euskalduntzea, erdaldunen nahien menpe

2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentua izan da euskara plana onartzen lehena. Euskarabidea institutua hartzen duen saila izanda, gobernuko arduradunek «egoki» jo dute hura izatea «departamentu aitzindaria» euskara arautzeko prozesuan. Ana Ollo kontseilariak asteazkenean azpimarratu zuen hiru faktorek baldintzatu dutela gobernuaren planteamendua: bat, herritar guztiei zerbitzu egokia —euskaraz nahiz gaztelaniaz— emateko konpromisoa; bi, 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa; eta hiru, egungo lantaldeak dituen eskubideekiko errespetua. Euskara plana nola ezarriko den ikusita, ordea, badirudi zerbitzu elebiduna bermatzeko beharra bigarren lerroan ipini duela Olloren departamentuak, baita langile erdaldunen nahien menpe ere.

Urtebeteko prozesuaren ostean, gehienez bost lanpostutan hezurmamituko da eredu aldaketa departamentu «aitzindari» horretan. Kezkagarriena, baina, ez da euskarazko postuen kopuru zehatza, hizkuntza eskakizun berriak ezartzeko irizpide orokorra baizik, ez baitu ezertara behartuko: euskara eskakizuna jarrita ere, funtzionario elebakarrek ez dute betebeharrik izanen lanpostua aldatzeko edota euskara eskolak jasotzeko. Erdaldunen borondatearen araberakoa izanen da administrazioaren euskalduntze prozesua.

Jakina da euskara administrazioan arautzeko dekretua legealdi hasierako proiektua dela, baina hura aplikatzeko moduak hauteskundeek baldintzatua dirudi: finean, euskara gai arantzatsua izanda, gobernuak erabaki du euskaldunen eskubideak bermatzeko erabaki irmorik ez hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.