Itzulia, ez zeharkaldia

Eguraldia dela eta, Kontxako hondartzan egin behar izan dute Pasealeku Berriko igerialdia 560 lagunek. Marcos Godoy izan da lehen gizonezkoa, eta Amaia Iriarte lehen emakumezkoa. Parte hartzaile askok ez dute lehen aldia izan, eta, beste behin ere, bi hondartzak zeharkatzeko gogoz geratu dira.

560 lagunek hartu zuten parte atzo Kontxan egin zen igerialdian, txano laranjak eta berdeak jantzita. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun

Jende ugari dago Donostiako Kontxako hondartzan, uretara begira. Batek baino gehiagok eskertuko lituzke prismatikoak, zaila egiten baita txano laranja eta berdeak aurkitzea. «Hara, han daude!», esan dio emakume batek bere alabari, urrutira seinalatuz. Pasealeku Berriko igeriketa zeharkaldiaren B plana da.

Dena ondo lotua dute antolatzaileek eguraldiak eta itsasoaren egoerak Pasealeku Berriko igerialdia zapuztu ez dezaten. Zurriolan hasi eta Kontxan amaitu behar zuen, baina, eguraldiaren eraginez, Kontxako hondartzako uretan egin dute, han daude igerian 560 parte hartzaileak. Hiru kilometroko bidea osatuko dute, buien inguruan. Itsasontzi txikiak uraren erdigunean daude, buiek inguratuta, eta itsasoaren erritmoan mugitzen dira, balantzaka.

Talde berdearen eta laranjaren ordenan ez da aldaketarik egon, ordea. Txano berdedunak irten dira lehenengo, 12:00etan: azken hiru urteetan hiru kilometroko zeharkaldiren bat 52 minuturen buruan amaitu dutenak dira. Bi minutu geroago, gainerakoak sartu dira uretan, laranja koloreko txanoa soinean.

Amaia Iriarte izan zen igerialdia osatu zuen lehenengo emakumea. Juan Carlos Ruiz / Foku

53. minutua betetzear zela hasi dira txano berdedunak helmugako arkura iristen. Marcos Godoy izan da lehena. Bigarren sailkatua iristear zela, ordea, arku puzgarria husten hasi, eta zintzilik dagoen kronometroa erori egin da, eta bost bat lagunen denbora galdu dute.

Itsasoaren egoerak planak aldatu arren, itsaslasterrak ez dituzte oztopo izan haietako batzuek. Igerialdiko lehenengo emakumea izan da Burlatako (Nafarroa) Amaia Iriarte: «Hasieran, gaizki zegoen itsasoa, baina, irla pasatu ondoren lasaitu da, eta oso gustura joan naiz hortik aurrera». Helmuga zapaldu eta berehala hasi da Iriarte batarekin eta bestearekin solasean, irribarretsu.

Beste batzuei, ordea, gogorragoa egin zaie helmugarako bidea. Oñatiko (Gipuzkoa) Juan Kruz Kortabarriak bi kilometro inguruko bira izatea espero bazuen ere, igerian konturatu da gehiago izango zirela. «Nahiko luzea egin zait, egia esan», adierazi du Kortabarriak. Urteak daramatza ekitaldian parte hartzen.

Giroa, aparta

Txano laranjadunek zein berdedunek nabarmendu dute gustuko dutela zeharkaldiko giroa. «Oporretako aste bat Donostian pasatzen dudanez, urteak daramatzat parte hartzen, oso giro polita egoten delako», adierazi du Kortabarriak.


Jende ugari joan zen helmugara, igerilariak animatzera. Juan Carlos Ruiz / Foku

Donostiako Malen Arrietak ere helmugako giro «ona» nabarmendu du. Berezko ibilbidea egiteko gogoz geratu da bere bigarren aldian: «Hurrengo urtean berriro saiatuko gara!».

Bada eguna talde giroan bizi duenik ere. Bata laranja eta bestea berdea izan arren, elkarrekin daude helmugan Aranoko (Nafarroa) Erramun Galparsoro eta Donostiako Igeldo auzoko Joseba Soroa. «Hamahirugarrenez-edo» egin dute gaur igeri elkarrekin, eta urtero inguruko herrietako aurpegi ezagunak topatzen dituzte: «Beti jende berdintsua ikusten dugu, eta gustatzen zaigu beste herrietako jendearekin aurkitzea». Haiek ere sortzen den giroagatik errepikatu ohi dute: «Giroa da hemengo gauzarik politena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.