Telesailak

Izuaren maitasunezko sorginkeria

'Bly Manor' izenburupean eta antologia formatuan itzuli da 'The Haunting' telesaila, 'Hill House' estreinaldi goratuaren ostean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Publikoaren zein kritikaren onespena eskuratuta, 2018ko telesail esanguratsuenetako bat bilakatu zen The Haunting of Hill House. Etxe sorginduen kontzeptu klasikoari tiraka, zama psikologiko handiko familia drama bat ondu zuen Mike Flanagan sortzaileak, gizakien kezka, beldur eta mamu pertsonalak erdigunera ekarrita.

Telesailaren jarraipen eskariak asetzeko, gidariek antologiaren alde egin dute: amaiera propioa duen istorio bat denboraldi bakoitzeko. Hill House etxea atzean utzita, Bly Manor da sorginkeriaren egoitza berria. AEBetatik Erresuma Batura igaro da telesaila.

Nobedade nagusietako bat gidoiari loturikoa da. Hill House Shirley Jacksonen izen bereko nobelatik abiatu zen, baina Flanaganek istorioari eginiko ekarpena izan zen giltzarri. Bly Manor, berriz, itzal handiko Henry James idazleak osaturiko lanen bilduma da. Aurrez, Jack Clayton zuzendari britainiarrak egokitu zuen istorio berbera pantaila handian, 1961eko The Innocents filmean.

Dena den, funtsean, The Haunting sagako bigarren denboraldi hau ez da horren ezberdina. Lehen minututik nabari da Flanaganen zigilua, giro misteriotsuaren aldeko hautua. Gainera, jarraitzaileek modu abegikorrean ikusiko dituzte lehen eszenak; izan ere, Hill House telesailean protagonista izandako hainbat aktore ageri dira, pertsonaia berrien larruazalean.

Flanaganen unibertsoan ez dira etxeak sorginduta daudenak, haietan bizi diren pertsonak baizik. Rebecca izena du Bly Manorreko zaindari hil berriak, eta ez da kasualitatea, Alfred Hitchcocken oihartzuna sekulakoa baita. Beste hainbati Alejandro Amenabarren The Others etorriko zaie burura telesaila ikustean, edota azken urteetan beldurrezko generoan harrera beroa izan duen Ari Aster zinemagilearen Hereditary filma.

Flanaganek, ordea, bere bidea egin du. Telesaileko gertakizunak flashbackez josi ditu, eta horren ondorio dira mami dramatiko handiko pasarteak. Elkarrizketak egiazko egin ditu, eta irudiak esanahi sinbolikoz bete. Hori gutxi balitz, trebetasunez gidatu du istorioa haurren begietatik ere; euren mundua, helduena eta bien arteko ezberdintasunak maisutasunez marraztu ditu.

Finean, pertsonaia bakoitzaren begiradak aparteko garrantzia du haren zein ingurukoen nortasuna ispilatzeko orduan, eta, horri esker, are interesgarriago da Flanaganek ikusleari objektuen bidez luzatu dion jokoa. Ispiluei ez ezik, ateei, betaurrekoei, eraztunei... telesailak bizi berri bat eman die izatez elementu arrunt diruditen horiei.

Topiko dirudi etxe sorgindu baten erdian ezkutaketan jolasteak eta horren ondotik ikuslea ezusteko batekin izutzeak, baina telesaila gai da konbentzioetara gerturatu eta berehala kontrako bideari ekiteko, hartzailearen aurreikuspen oro iraultzeko. Emaitza zirraragarria da, iluna eta argitsua aldi berean, erromantze gotikoaren indarrak gidatua. Zaleek ederki gozatuko dute abentura, sekretuei estalkia kentzen hasi ahala.

'THE HAUNTING OF BLY MANOR'
Sortzailea: Mike Flanagan.
Aktoreak: Victoria Pedretti, Amelie Smith, Henry Thomas, T'Nia Miller, Kate Siegel.
Herrialdeak: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Izua. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.