Koronabirusa

Ostatuen barruko aldeak ezingo dira irekita egon Nafarroan

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak eman zuen atzo neurrien berri. VILLAR LOPEZ / EFE.
Arantxa Iraola - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak neurri gehiago iragarri zituen atzo, eta larunbatetik aurrera ezingo da tabernen eta jatetxeen barruko aldeetan kontsumitu. Terrazak, ordea, irekita egongo dira aurrerantzean ere; itxiera ordua 21:00etan mantenduko da, eta etxez etxeko zerbitzua, 22:30ean. Espazio pribatuetako bilkuretan ere murrizketak egin dituzte, eta elkartze horiek, bi bizikidetza unitatekoak izan beharrean, bakarrekoak izango dira. Salbuespen batzuk ere badira, ordea; hala nola menpeko pertsonei dagozkienak. Ezarritako bi neurriak, printzipioz, otsailaren 7ra arte egongo dira indarrean, eta gainerakoak berberak izango dira, besteak beste etxeratze aginduaren ordutegiak, baina agintariek ohartarazi zuten aldaketak egiteko aukera ere badagoela. Neurriak «astean behin» berrikusi ohi dituzte.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak esan duenez, izurritearen bilakaera «ez da positiboa»: kutsatzeen kopuruak eta positibo tasa izan zituen oinarri hori esateko. Erantsi zuen, gainera, ospitaleetako okupazioaren egoera oraindik «egonkorra» den arren, azken egunetan «igoera nabarmena» egon dela. Beraz, funtsezkotzat jotzen du «egoerari aurrea hartzea eta neurri berriak ezartzea». Santos Indurain Osasun kontseilariaren ustez, berriz, neurriak «agerraldi gehien atzeman dituzten eremuetan» hartu dituzte, eta uste du egoera horiek «kontrolatzen eta ebaluatzen» jarraitzea garrantzitsua dela. Hain zuzen, «aurretiaz eta arretaz aritzea» azpimarratu zuen. Azkenik, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun sailburuak ostalaritzako sektoreari bideratutako hamar milioi euroko diru laguntza baten berri eman, eta erantsi zuen datozen egunetan eskainiko dituztela xehetasun gehiago.

Helduko dira neurri gehiago ere. Gaur autonomia erkidegoetako osasun agintariek bilera dute Espainiako Osasun Ministerioko ordezkariekin, eta mintzagaietako bat izango da izurriaren kontrako neurri gehiago abiatzeko eskumena ematea autonomiei. Neurriak «berehalakotasunez» hartzeko ahalmena eskatuko dutela gogoratu zuen atzo, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazia du buruan duten neurrietako bat, besteak beste, etxeratze agindua 20:00etara aurreratzea dela.

Txertoari buruz

COVID-19aren kontrako 29.325 txerto jarri dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Sagarduik eman zuen datua, eta, bide batez, jasotako txertoen erdiak jartzea erabaki «egokia» izan zela adierazi zuen. Kritikak aditu behar izan dituzte jokatzeko modu horrengatik. Indurainek ere txertaketaren azalpenak eman zituen. Zahar egoitzetako 8.800 egoiliar eta 4.370 osasun langile txertatzen hasi direla adierazi zuen —lehen dosia jarri diete—, eta, txertoen horniduran aparteko eskasiarik ez bada, martxorako 41.000 pertsona immunizatu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.