Hizki txikia, ertz askoko informazioa

Milaka elikagaiz beteta daude supermerkatuetako apalak; aukera amaigabea da mota bereko elikagaien kasuan ere. Ontzien eta bilgarrien itxura bainoago, haien ezaugarriak hartu behar dira kontuan bata ala beste hautatzerakoan: osagaiak, nutrizio balioak eta jatorria, besteak beste.

Aitziber Aizpuru nutrizionista. IZARO ZINKUNEGI BARANDIARAN.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Azpeitia
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun

Esne osoa, erdigaingabetua eta gaingabetua; aurreraxeago, zereal, fruitu lehor eta lekaleetatik eratorritako edariak: arrozetik, almendratik edo sojatik, kasurako. Ez da falta ekologikorik eta laktosa gabekorik ere. Halakoa da esneen saila supermerkatuan, eta ez da salbuespena, amaigabeko aukera baitago gainerakoetan ere. Produktu bat ala bestea, marka hori ala hura? Etiketetan dago erantzuna.

Kolorez, irudiz eta mezuz beteta daude apalak; marka bakoitzak berea, helarazi nahi duen mezuaren arabera. Bada, ordea, letra txikiagoarekin idatzitako informazioa ere, eta hara jo behar du kontsumitzaileak: «Nutrizio etiketek erosi behar dugun produktua ezagutzeko balio dute: jatorriari, osagaiei eta nutrizio balioari buruzko informazioa ematen digute», azaldu du Aitziber Aizpuru Bereziartua nutrizionistak. Nutrizio aholkularia da Aizpuru Azpeitiko Eliku zentroan (Gipuzkoa).

«Informazioa boterea da», argi du Aizpuruk. Haatik, bilgarrien itxura baztertu eta etiketatara jo behar da. Osagaien zerrenda ikus daiteke han, eta badira kontuan izan beharreko gauzak hura irakurtzean: «Zerrendako lehenengo osagaia da produktuak gehiena duena». Hori jakinik, ezustekoren bat har dezake kontsumitzaileak; esaterako, kakao hautsetan. «Askotan, kakaoa baino azukre gehiago izaten dute», esan du nutrizionistak. Hurrenkeraz gain, haien kopurua ere aztertu behar da. «Zenbat eta osagai gehiago eduki, produktu hori prozesatuagoa izango da». Osagai gutxikoen aldekoa da bera, eta askari bat jarri du adibiderako: «Barra energetikoak baino, ogi zati bat eta intxaurrak hobeto».

Osagaiek nola, nutrizio balioen taulak ere baditu bere ñabardurak. Buruhauste ugari sortzen dizkio zenbaiti kaloria kopuruak. Hala uste dute batzuek: «Zenbat eta gutxiago, hobeto»; beti ez da horrela, ordea: «Dena ez da kaloria kopurua; konposizioari ere erreparatu behar diogu: adibidez, kaloria gutxi badu, baina horiek gehitutako azukreetatik badatoz, ez du interesik nutrizio aldetik». Halakoetan hobe da kaloria gehiago izanagatik osasuntsuagoak diren produktuetara jotzea; fruitu lehorretara, kasurako.

Kaloriak bezalatsu, gantzak ere kontuan izan behar dira, eta ez kopurua soilik, baita nolakoak diren ere. Nutrizio taulan, batetik, produktuaren gantz kopuru osoa zenbat den azaltzen da; bestetik, haietatik gantz aseak zenbat diren, baita hidrogenatuak ere. Horretan jarri behar da, hain justu, arreta: «Hidrogenazioa prozesu bat da, eta handik trans gantzak sortzen dira; gaixotasun kardiobaskularrak dituztenentzako kaltegarriak dira». Halere, Aizpuruk azaldu duenez, gantz guztiak ez dira kaltegarriak: gantz asegabeak dira horiek, eta oliba olioak, ahuakateek, arrautzek, arrain urdinek eta abarrek dituzte.

Azukreari buruzko informazioa ere jasotzen da etiketetan. Munduko Osasun Erakundeak dioenez, azukre gehiegi kontsumitzen da. Horren ondorioz edo, «%0 azukre» edo «azukrerik gabe» gisako mezuak nabarmentzen dituzte, baina badute «zerbait ezkutuan», nutrizio aholkulariak argitu duenez: «Osagaietan sarri ez da azukrerik azaltzen, baina badauka. Hori jakiteko metodo bat osa amaitzen den osagairik baduen begiratzea da: destrosa, maltosa, sakarosa, fruktosa...». Jarabeak, melaza eta halakoak ere azukreak dira.

Izen bat ala bestea, ez dago zalantzarik zenbait produktuk azukre ugari dutela; jogurtek, esaterako. Erresuma Batuko Leeds eta Surrey unibertsitateek egindako ikerketa baten arabera, freskagarriek adina azukre dute jogurt gehienek; bereziki, umeentzakoek. Bat dator Aizpuru ere: «Umeek ez dakite zer den jogurta; jogurtak esnea eta hartzigarriak soilik dauzka, gainerakoak sobran daude». Fruta nahasiz lor daitezke zaporeak, haren iritziz. Beste argibide bat ere eman du: «Posible da azukrea osagaietan ez agertzea, eta, aldiz, nutrizio taulan bai; kasu horretan, esnearen berezko azukrea da». Honako hau da ondorioa: gehitutako azukrea da saihestu beharrekoa.

Jogurtak bezala, urdaitegiko produktuak topa daitezke hozkailuetan. Proteina kantitate handiko elikagaiak dira hestebeteak. Halere, ustekabekoren bat har daiteke ontziratutako urdaitegiko produktuak aztertzean: «Bularkia hartu, eta bularkia %45 dela jartzen du. Zer da gainerakoa?». Ura, fekulak, azukrea eta bestelakoak izaten dira.

Proteinez gain, gatz kantitate handia dute hestebeteek; ez dira salbuespena, produktu ugarik baitute. «Egunean bost gramo hartzea gomendatzen dute, eta bederatzi eta hamabi artean kontsumitzen ditugu batez beste», adierazi du Aizpuruk. Sarri, produktuak berak duen gatza izaten da, hots, ez da prestatzean botatakoa. Hori saihesteko, produktu freskoak kontsumitzeko aholkatzen du.

Ogia da, seguru asko, otordu guztietan kontsumitzen den elikagaietako bat. Osoko ogia da osasuntsuena, baina zer da zehazki? Aizpuruk azaldu duenez, «sei zereal», «osokoa», «zuntz askokoa» edo antzeko mezuak irakurtzean, produktua osokoa dela uste du kontsumitzaileak, eta ez da horrela: «Batzuetan, osoko irina izanagatik, irin findua ere izaten dute». Pastarekin ere antzeko zerbait gertatzen da: «Askotan produktuaren kolore iluna ikusita osokoa dela pentsatzen dugu, eta ez da; irin findua edukitzen dute, eta gero zuntza edo ahia botatzen diote».

Azken urteotan ugaldu egin dira elikagai ekologikoen apalak: edariak, zerealak, barazkiak eta bestelakoak aurki daitezke, EKO, BIO edo ORG laburduren bidez izendatuta. Zigilu berde bat daramate, eta baldintza batzuk betetzen dituzte; besteak beste, ez da pestizida, gehigarri edo ongarri kimikorik erabili, ezta transgenikorik ere. «Animalien ongizatea eta inguruarena ere babesten dute», gehitu du Aizpuruk. Produktua Europako Batasunekoa ez bada, «EB ez»jartzen du zigiluan, eta jatorrizko herrialdeko araudia betetzen du.

Ekologikoak, beti onak?

Horra artekoa argi dago, baina eztabaida ugariren iturri dira produktu ekologikoak. Batetik, elikagai ekologiko guztiak ez dira osasuntsuak, Aizpuruk argitu duenez: «Txokolatearen lehenengo osagaia azukrea bada, eta hura ekologikoa bada ere, ez da produktu osasuntsu bat». Produktu baten osagai ekologikoak izartxoarekin markatuta egoten dira; batzuetan osagai nagusia ez da ekologikoa izaten. «Kasu horietan ekologikoa dela esateak ba al du zentzurik?», gehitu du.

Jatorria ere kontuan izan behar da; esaterako, Peruko produktu ekologiko bat Euskal Herrian kontsumitzea zilegi al da? «Karbonoaren aztarna hori ez al dugu kontuan hartu behar? Zenbaitetan, jatorrizko herrialdean ez dute elikagai hori jateko aukerarik; kinoaren kasuan, adibidez. Hemen baditugu zerealak. Jasangarriagoa da, eta bertako ekonomia sustatzen dugu haiek kontsumituta». Euskal Herriko enpresek banatutako kontserbetan ere arreta jarri behar da, zenbaitetan beste herrialde batzuetan baitute jatorria produktuek.

Eztabaida horiei konposizioari eta nutrizio balioei lotua gehitu behar zaio. Aditu batzuen ustez, elikagai ekologikoek nutrizio -balio hobeak dituzte; aitzitik, beste batzuek aurkakoa defendatzen dute. «Barazki eta fruten kasuan argi dago ekologikoek fitokimiko gehiago dituztela», adierazi du Aizpuruk. Haren ustez, aberasgarria da eztabaida egotea, baina kontuan hartu behar da ekologikoek animaliak eta ingurua gehiago errespetatzen dituztela.

Horiek dira, gutxi-asko, elikagai bat eta haren etiketa ezagutzeko jarraibideak. Hain zuzen, etiketak erregulatzen dituen araudi bat dago Europako Batasunean: «Produktu bat hartzen dugunean, begi bistan egon behar du informazioak». Horregatik, tipografiak ere gutxieneko tamaina bat izan behar du. Halaber, alergenoak izan daitezkeen osagaiek ere nabarmenduta egon behar dute, letra lodiz, azpimarratuta edo harridura ikurrarekin.

Hori guztia izan behar da kontuan produktu bat ala bestea aukeratzerakoan, baina badira ezinbestean bete beharreko bi baldintza: «Mota bereko elikagaiak alderatu behar ditugu beti; adibidez, zerealak zerealekin. Bestalde, 100 gramoko nutrizio balioak dira alderatu beharrekoak, eta ez errazioak, tamaina ezberdinekoak izan baitaitezke», esan du Aizpuruk.

Etiketak irakurtzen jakitea beharrezkoa da elikadura osasuntsu eta orekatu bat izateko. Halere, haietatik aldentzearen aldekoa da Aizpuru: «Gero eta produktu gehiago daude, eta garrantzitsua da etiketak irakurtzen jakitea. Baina onena haiek irakurri beharrik ez izatea da. Guk, bizi garen tokian, hori egiteko aukera dugu; gure elikaduraren oinarria frutak, barazkiak, zerealak, lekaleak, arrautzak eta beste badira, ez dugu etiketarik irakurri beharrik».

Tokiko produktuak, freskoak eta garaikoak jateko aholkatzen du nutrizionistak. Horretarako, aurreko belaunaldiak ditu eredu: «Lau urrats atzera egin, eta gure aitona-amonen ohiturak berreskuratu behar ditugu». Urtaroen arabera jaten ikasi behar dugu, haren ustez: «Orain, intxaurrak eta sagar erreak jateko garaia da». Aurrekoak eredu izateaz gain, datozenei erakustea ere beharrezkoa ikusten du, «supermerkatutatik atera eta merkatura joanez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.