Indarkeria matxista

Indarkeria matxistagatik egindako salaketak %4,8 igo dira Hegoaldean

Iaz 7.888 salaketa jarri zituzten Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako emakumeek polizia etxeetan. 2018ko datuekin alderatuta, zigor epaien ehunekoa %3 hazi zen 2019an

2018ko Donostiako Aste Nagusian indarkeria matxistaren kontra egindako mobilizazio bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Igor Susaeta.
Donostia
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako emakumezkoek 7.888 salaketa jarri zituzten iaz polizia etxeetan indarkeria matxistagatik. 2018ko datuekin alderatuta %4,8 igo da ehunekoa, duela bi urte 7.527 salaketa jarri baitzituzten. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren indarkeria matxistarako behatokiak urteroko txostena atera zuen atzo. Horren arabera, Espainiako Estatuan 10.000 andretik 67k salatu zuten indarkeria matxista iaz. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, kopurua apalagoa da, 10.000tik 54k salatu baitzuten.

Salaketek egindako bideari dagokionez, Hego Euskal Herriko epaitegietan 1.198 zigor epai ebatzi zituzten epaileek. %3ko igoera egon da, 2018an 1.155 izan baitziren. Absoluzioei dagokienez, berriz, 2018an 93 sinatu zituzten epaileek, eta iaz 76 izan ziren; hau da, %18,2ko jaitsiera izan da.

Biktimen babes neurrien eskaerei begiratuta, epaileek abiarazitako espedienteetan %6ko igoera egon zen Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 2018ko datuekin alderatuz gero. 833 kasutan, neurriak hartu zituzten biktimentzat, eta beste 352 kasutan, ez. Horrek esan nahi du kasuen %40etan epaileek baztertu egin zutela babes neurriak ezartzea.

1.377 epaitu

Epaitutako pertsonak kontuan hartuta, 2018an 1.391 izan ziren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako epaitegietan, eta iaz, 1.377; alegia, jaitsiera oso apala izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.