DESAGERTUAK

2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Behartuta desagertutako hamalau pertsonaren kasuak bildu ditu Foro Sozialak:

Agertu gabekoak

Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia eta Fernando Quiroga. Hiru gazte galiziarrak Irunen (Gipuzkoa) bizi ziren; 1973an desagertu ziren, Ipar Euskal Herrian.

Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur.Behobian desagertu zen, 1976ko uztailean. ETA pm-ko zuzendaritzako kide zen. Ez dago argi nork desagerrarazi zuen: batzuek ETAri egotzi diote, eta beste batzuek, estatu indarkeriari.

Tomas Hernandez. Hendaian desagertu zen, 1979ko maiatzaren 15ean.

Jose Miguel Etxeberria Alvarez, Naparra. 1980ko ekainean desagertu zen. ETAko eta Komando Autonomoak erakundeetako kidea zen. BVEk jakinarazi zuen bahitu eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) ehortzi zuela. Oraino ez dute haren hilotza topatu.

Jean Louis Larre. 1983ko abuztuan desagertu zen Landetan, Frantziako Poliziaren aurka izandako tiroketa baten ostean. Iparretarrak erakundeko kide zen.

Gerora agertutakoak

Jesus Martinez Martinez eta Jesus Maria Gonzalez Ituero. Hendaian (Lapurdi) desagertu ziren 1976ko apirilean. Espainiako Poliziako kide ziren. Urtebetera topatu zituzten, Angelun (Lapurdi).

Bernardo Bidaola Atxega, Txirrita. 1976an desagertu zen, eta hilabetera aurkitu zuten hilik; Poliziaren arabera, bere buruaz beste egin zuen, baina 2018an egindako autopsiak ziurtatu zuen ezetz.

Joxean Lasa eta Joxi Zabala. 1983an desagertu ziren Ipar Euskal Herrian. GALen lehen ekintza antolatua izan zen; hamahiru urtera aurkitu zituzten kare bizian lurperatuta, Alacanten (Herrialde Katalanak).

Mikel Zabalza. 1985eko urriaren 16an atxilotuta eraman zuten Intxaurrondoko kuartelera, eta polizia etxetik irten gabe desagertutzat jo zuten. Gorpua hogei egunera topatu zuten Bidasoa ibaian, aurrez miatuta zegoen toki batean.

Jon Anza Ortuñez. 2009ko apirilean desagertu zen; gorpua urtebetera topatu zuten. ETAk publikoki salatu zuen desagerpena, eta Espainiako eta Frantziako estatuei egotzi zien errua; oraindik ez da argitu gertatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.