Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. Erreakzioak Euskal Herrian

Erkorekak dioenez, Jaurlaritzan ez dago «jarrera bakarra»

2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kataluniako buruzagi independentisten kontrako zigorraz galdetuta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du Jaurlaritza bi alderdik osatzen dutela, eta koalizio horretako alderdi bakoitzak —EAJk eta PSE-EEk— baduela bere «jarrera eta sentsibilitatea» auziaren inguruan.

Edonola ere, Erkorekak gogora ekarri du Iñigo Urkullu lehendakariak «jarrera argi eta irmoa» adierazi zuela afera honetaz joan den astelehenean, epaia ezagutarazi zutenean.

Bi alderdien arteko desadostasunak Gipuzkoako Aldundira ere iritsi dira. Joan den astelehenean, epaia jakinarazi zutenean, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenteak —jeltzaleak dira biak— kritikatu egin zuten, eta PSE-EEko Eneko Anduezak «Gipuzkoako gizartearen aniztasuna ez errespetatzea» leporatu zien.

EAJren EBBren lehendakari Andoni Ortuzarrek, berriz, esan du epaiak «ondorio larriak» ekarriko dizkiola Kataluniari, baina Espainiari ere bai. «Epai honek nora eramango gaitu? Inork pentsatzen al du herenegun [igandean] baino hobeto gaudela?», galdetu du Ortuzarrek.

Berriro ere, «elkarrizketaren» aldeko aldarria egin du Ortuzarrek, «auzi nazional eta politikoa» konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.