EBren inoizko isunik handiena Googleri, Androiden abusuengatik

Bruselak 4.340 milioi euroko zigor ekonomikoa jarri dio, sakelako telefonoen merkatuan lehia askea oztopatzeagatik. AEBetako konpainiak errekurtsoa jarriko du isunaren kontra

Android sistema eragilearen ikonoa Googleren Mountain Viewko egoitzaren aurrean (AEB), 2015eko udan. EFE.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Marka propioa hautsi du Googlek. Atzo arte, AEBetako erraldoi teknologikoa zen Europako Batzordeak inoiz jarritako isun ekonomikorik handiena jasotako konpainia: 2.420 milioi euroko zigorra jarri zion iazko ekainean, bilatzaileen merkatuan monopolioen aurkako legeak hausteagatik. Atzodanik, Googlek jarraitzen du EB Europako Batasuneko historiako isunik handienen podiumean, baina pixka bat garaiagoa da orain lehen postua, ia bikoiztu egin baita zigorraren zenbatekoa: Bruselak 4.340 milioi euro ordaintzera zigortu du, frogatutzat eman duelako sakelako telefonoen merkatuan lehiakideen kontra abusuz jokatu duela Android sistema eragilearen bitartez.

ZERGATIK ZIGORTU DUTE?



Batzordearen bost urteko azterketaren arabera, Googlek legez kanpoko hiru jardunbide dauzka sakelakoen merkatuan, lehia askea urratzen dutenak.

Lehenik eta behin, Googlek sakelako telefonoen ekoizleei exijitzen die saldu aurretik gailuetan bi zerbitzu instalatzeko: Google Search bilatzailea eta Google Chrome nabigatzailea. Baldintza hori jartzen die beraien aplikazioak Play Storen sartu ahal izateko.

Bigarrenik, Bruselak konpainiari leporatu dio diru kopuru handiak ordaindu dizkiela telefono ekoizle eta sare mugikorreko operadore handienei, Google Search izan zedin telefonoan instalatutako bilatzaile bakarra.

Hirugarrenik, eta aurreko bi praktiken ondorioz, EBk egotzi dio ezinezko egin duela enpresa lehiakideek Android sistemaren ordezko bertsioak sortu eta garatu ahal izatea.

ZER KALTE ERAGIN DU?



Funtsean, bi kalte eragin ditu. «Googleren praktikak haren lehiakideei ukatu egin die beraien produktuak berritzeko aukera eta merkatuan lehiatzekoa. Halaber, Europako kontsumitzaileei ukatu egin die sakelako telefonoen merkatuko lehia eraginkor batek ekarriko lituzkeen onurez gozatzea. Hori guztia legez kanpokoa da Europako lehia arauen barruan», azaldu zuen, atzo, Margrethe Vestager EBko Lehiarako komisarioak.

ZER DIO GOOGLEK?



Ukatu egin du Bruselak leporatu diona, eta iragarri du errekurtsoa jarriko duela isunaren kontra. «Androidek aukeratzeko askatasun handiagoa sortu du guztientzat, ez alderantziz», argudiatu du Al Verneyk, multinazionalaren bozeramaileak.

Gehiago ere esan du, telefonoak Googleren zerbitzuak instalatuta ekarri arren, kontsumitzaileentzat erraza dela, nahi izanez gero, multinazionalaren produktuak kentzea eta beste batzuk instalatzea.

ETA ORAIN ZER?



Konpainiak isuna ordaindu beharko du, eta Googlek 90 eguneko epea dauka isuna eragin dioten praktikak aldatzeko. Ez badu portaera aldatzen, beste isun prozedura bat ireki dezake Europak, egun bakoitzeko 10,3 milioi euro artekoa izan daitekeena. Alphabetek —Googleren jabeak— munduan daukan eguneko fakturazioaren %5 litzateke kopuru hori.

ALDATU EGINGO DA SISTEMA?



Bruselaren zigorrak eskatzen du Androiden kontratuetako legez kanpoko puntuak ezabatzeko. Edonola ere, goizegi da jakiteko nola aldatuko den Androiden funtzionamendua Europan. Googlek tarifa bat kobratu beharko luke bere softwarearen kostuen truke, eta telefono ekoizleei askatasun handiagoa eman beharko lieke Androiden gaineko beraien bertsioak garatzeko; izan ere, Androiden iturri kodea publikoa da: oinarrizko ezaugarriak dauzka, baina ez dauzka Googleren aplikazio eta zerbitzu esklusiboak.

Beste aukera bat da Googlek Appleren eredua imitatzea, eta Android sistema bakarrik multinazionalaren Pixel telefonoetan erabiltzea. Nolanahi ere, aldaketak ez dira berehalakoan etorriko.

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA ANDROID?



Interneten munduko trafikoaren erdia baino gehiago sakelako telefonotik egiten da gaur egun, eta munduko eskuko telefonoen %80k Android sistema eragilearekin funtzionatzen dute, Googleren zerbitzu eta aplikazioekin. AEBetako erraldoiak 2007an sortu zuen Android, eta balio izan dio mahai gaineko ordenagailuen merkatuan zeukan nagusitasuna bermatzeko sakelako telefonorako trantsizioan. Bruselaren iritziz, ordea, abusuz lortu du merkatuko nagusitasuna.

ISUN GEHIAGO JASO DITZAKE GOOGLEK?



Bai. Ez da Europako Batzordeak Googleri jarritako lehenengo isuna, eta baliteke azkena ere ez izatea. Izan ere, beste abusu batzuk ere aztertzen ari da EB. Batetik, Adsense iragarkiena: webguneetan publizitatea jartzeko sistema da Adsense, eta hori baliatzen duten webguneei ez die lagatzen Googleren lehiakideen publizitaterik sartzen. Bestetik, bilaketa espezializatuaren kasua dago: irudien edo mapen bilaketan ere Googlek nagusikeriaz jokatu ote duen ikertzen ari dena.

BADU ZERIKUSIRIK GERRA KOMERTZIALAREKIN?



Ez du zerikusirik muga zergen gerrarekin, lehia askeko arauak urratzearekin baizik. Hala ere, testuinguruak beti du garrantzia, eta AEBen eta EBren arteko tentsio une batean dator Bruselaren zigorra. Etxe Zuriak tentazioa izan dezake isunaren aitzakia erabiltzeko muga zergen beso borrokan indartsuago erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.