Babesa noiz iritsiko zain

Asilo eske dabilen emakume nigeriar baten istorioa kontatu du Franck Berry zuzendari irlandarrak 'Aisha' filmean

Letitia Wright, filmeko protagonista. Migratzaileentzako egoitza batean bizi da, Dublinen, eta ama Nigeriatik Irlandara eraman nahi du. AISHA.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Aisha Nigeriako emakume gazte bat da. Urtebete inguru darama Dublinen bizitzen, eta ile apaindegi batean egiten du lan, laguntzaile bezala. Bere herrialdetik ihes egin behar izan zuen, gizon batzuek aita eta anaia erail ondoren. Orain Aishak dirua bidaltzen dio ezkutuan dagoen amari, eta ama Irlandara eramateko intentzioa dauka gazteak. Asilo eskaera egin du nigeriarrak, eta erantzun bat jaso bitartean arau zorrotzak dituen egoitza batean bizi da: linbo antzeko batean dago, fisikoki herrialdean, baina haren parte izateko eskubiderik gabe. Bertan hasiko da lanean Conor, kartzelatik atera berri den mutil gaztea, eta, asilo eskaera egin duen jendearekin hitz egitea debekatuta badu ere, Aisharen laguna egingo da.

Aisha Frank Berry zuzendari dublindarraren hirugarren film luzea da. Drama sozialak landu ohi ditu Berryk. Komunitatearekin eginiko filmetan, dokumentalgintzan eta irakaskuntzan du eskarmentua, eta haren filmek beti izan ohi dute kritikarako lekua.

Michael Inside filmerako ikertzen ari zela —Irlandako zigor sistema eztabaidan jartzen zuen bigarren film luzea—, jakin zuen Irlandako Justizia Departamentua arduratzen zela, bai kartzelez eta baita immigrazioaz ere.

Haritik tiraka, Direct Provision deituriko sistema polemikora iritsi zen: sistema horrek asilo eske dabiltzanei oinarrizko beharrak asetzen laguntzen die, eta bizitzeko leku bat ematen die, ostatu edo hotel izandako eraikinetan; egoitza horiek, ordea, enpresa pribatuek kudeatzen dituzte, dirua irabazteko asmoz. Berryk egindako ikerketan eta elkarrizketetan ikusi zuenaren arabera, bertako langileak ez daude prestatuta pertsona zaurgarriekin lan egiteko. Negozioaren arauak zaintzaren gainetik daude.

Sistema arazo

Babes eske iristen diren migratzaileek jasan behar dituzten burokrazia prozesu amaigabeak ditu oinarri zinemagile irlandarrak. Duintasuna eta gizatasuna kolokan jartzen dituzten prozesuak dira, baina Aishak gogor eutsiko dio, bere azken helburua ahaztu gabe: ama babestea. Film horretan, era guztietako injustiziak bizituko ditu emakumeak, eta bata bestearen atzetik jasan beharko ditu, ezer egiteko aukerarik izan gabe.

Franck Berry zuzendariak, ordea, ez ditu pertsonaia gaiztoak eraiki nahi izan. Arazoa sisteman dagoela azpimarratzen saiatu da, ez sistema hori jarraitzen duten gizabanakoetan. Eta, hala ere, gizartearen ezjakintasuna eta, batez ere, ez jakin nahi hori argitara ekarri ditu, norbere herrialdearen erosotasunean ikusi nahi ez dituen gauzak ere badaudela azalduz.

Ken Loachen estiloaren antzera, Berryren zuzendaritzak ez du ikusgarria izan nahi; argazkia, musika eta muntatzea ia ohartezinak dira, baina irlandarraren enpatiaz beteriko detaileek eta aktoreen lanak indarra ematen diote babesa noiz iritsiko zain dagoen emakumearen kontakizunari.

'AISHA'
Zuzendaria: Frank Berry.
Gidoilaria: Frank Berry.
Aktoreak: Letitia Wright, Abdul Alshareef, Josh O'Connor .
Argazkia: Tom Comeford.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 94 minutu.
Herrialdea: Irlanda.
Estreinaldia: ekainaren 30ean estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.