Datorren asteko estreinaldiak

Ipuinetakoa ez den gaztelua

Benchimol argentinarrak dokumentala eta fikzioa nahastu ditu gaztelu bat heredatu duten ama-alaba batzuen istorioan

Justina Olivo eta Alexia alaba, etxandiaren aurrean eguzkia hartzen. EL CASTILLO.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Martin Benchimol dokumental bat grabatzen ari zen, eta, halako batean, El castillo filmeko pertsonaia bat gehiago den etxearekin topo egin zuen, Argentinako Panpan. Bertan Justina Olivo ikusi zuen, eta, zuzendariaren hitzetan, bere klase aurreiritziak zirela eta, etxearen jabea nor zen galdegin zion. Emakumeak, bera zela erantzun, eta etxearen istorioa kontatu zion Benchimoli.

Justina Olivo jatorri indigena duen emakume argentinar bat da. Bizi guztia igaro du El Castillo deitzen dioten etxe hartan zerbitzari lanean. Gazteluak hamabi gela eta sei bainugela ditu, altzari eta objektu baliotsuz beteta dago, eta 60 hektareako lursaila du inguruan, behi eta guzti. Justinaren lana eskertu nahian, etxearen jabea zen emakumeak herentzian utzi zion, baldintza batekin: sekula ez zezala saldu edo utzi.

Benchimolek Justina ezagutu zuenean, hura Alexia alabarekin joan berri zen gaztelura bizitzera. Bi emakumeen istorioaz maitemindurik, haiei buruzko film bat egiteko materiala biltzen hasi zen. Zazpi urte igaro zituzten elkar ezagutzen. Zinegileak, informazio nahikoa bildu zuenean, gidoi bat idatzi zuen, baina grabaketa lau urtez luzatu zen: eszena batzuk grabatzen zituzten, Benchimolek irudiak editatu eta gidoia moldatzen zuen, eta handik urtebetera elkartzen ziren berriro ere grabatzeko. Gidoiak zuen moldagarritasun hori bereziki garrantzitsua zen Alexia alabaren kasuan, etorkizunerako zituen planak asko aldatu baitziren grabaketan zehar.

Hala sortu zen El castillo doku-fikzioa. Justinaren eta Alexiaren bizitzan oinarritua dago, eta filmean agertzen diren gertaera guztiek errealitatea dute abiapuntu. Benchimolen lan prozesu luze hartan, eszena batzuk unean bertan gertatzen ari zena behatuz sortu ziren, eta beste batzuk fikzioa dira: denen artean istorioan txertatu nahi zuten egoera erabakitzen zuten, eta, testurik idatzi gabe, Justinak eta Alexiak lehen aldiz bizitzen ariko balira bezala berregiten zuten.

Benchimolek ipuin ukitua duen istorio bat kontatzen du. Gutxinaka hondatzen ari den ipuin bat. Izan ere,dotorea eta sendoa izan zen gazteluaren aztarnak besterik ez dira gelditzen: hoditeria hondatuta dago; euria egiten duenean, ontziak jarri behar dituzte lurrean, eta altzariak plastikoz estali; paretetako margoa erortzen ari da; sabaian hezetasuna hedatzen ari da... Oparia zirudien etxea karga bilakatu da Justinarentzat, ordaindu ezin duen karga bat, alabak askatzeko erregutzen dion karga bat. Egoera bitxi horretan bizi diren ama-alaben arteko harremana erretratatzeaz gain, El castillo-k klase dinamikez eta Argentinan gatazka sozial horrek oraindik daukan pisuaz hausnartu nahi du.

'EL CASTILLO'
Zuzendaria: Martin Benchimol.
Gidoilaria: Martin Benchimol.
Aktoreak: Dokumentala da, Alexa Olivoren eta Justina Olivoren parte hartzeekin.
Argazkia: Nicolas Miranda.
Generoa: Dokumentala.
Urtea: 2023.
Iraupena: 78 minutu.
Herrialdea: Argentina.
Estreinaldia: urriaren 6an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.