Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Erresistentziak

2018ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Badira hilabete batzuk ordutik. Galdera zaharrei erantzun berriagoak bilatzeko dozenaka hedabidetako lagun zaharrak elkartzen dituen saio horietako batean nintzen. Bertan ziren zuzendariak eta kargu nabarmeneko beste profesional batzuk, eta tartean —kargu aipagarririk gabe— denetan gazteena ni. Komunikabideez eta lurralde kohesioaz ari ginela —edonor maitemintzeko moduko hizketagaia, bistan denez— otu zitzaidan entretenimenduzko saioen garrantzia aldarrikatu eta La Resistencia saioa adibide gisa aipatzea. Harriduraz erantzun zidan taldeko kide batek: «Hori nork ikusten du? Gazteek? Gazteak minoritarioak zarete».

Geroztik gogoan iltzatuta izan dut esaldia, eta ezinbestean, poza hartu dut gurasoek atal bat gustura ikusi dutela esan didatenean. Espainiako telebistetan maiz, baina halako saio batean inoiz gutxitan ikusi dugun bisitari batek eman die horretarako aitzakia; Iñaki Gabilondok. Abiapuntua ez da nolanahikoa: kazetaritza fakultateetan irakasten diren arauen pertsonifikazio behinena eta arau horiek guztiak hausten dituen aurkezlea, biak parez pare. Aurreikuspen guztien kontra, natural eta eroso, hogei minutuko solasaldi bizia osatuz.

Bistan da: elkarrizketatua urduritu eta absurdoaren eremuan inprobisatzera behartzea ez da kazetari baten ohiko egitekoa. Baina ikuslearen begietatik, Broncanok bisitari bakoitzari ateratzen dion zukua —eta izerdia— ez al da promozio kutsuko elkarrizketa askotan entzuten ditugun diskurtso memorizatuak baino egiazkoagoa? Ez al du protagonista bakoitzaren izaeraz beste elkarrizketa askok baino gehiago esaten? Galde-erantzun ariketa espektakulu bilakatzen dute, bai; baina eraginkorra eta originala da. El Hormiguero-ko Pablo Motosek ordezkatzen duen molde morbozale eta sentsazionalistaren aldean, finagoa ere bai.

Bat baino gehiago harritu badu ere, saioa gustuko duela dio Gabilondok. Elkarrizketa ikustea nahikoa da bien arteko errespetua eta konplizitatea antzemateko. 76 urterekin, badaki aurreiritziak utzita bere antipodetako estiloetan ere talentua eta ondo egindako lana bereizten. Alde ederrean geundeke —eta proposamen interesgarriagoak genituzke— galdera zaharrei erantzun berriagoak bilatzeko saioetara joan aurretik guk ere gaitasun hori gehixeago landuko bagenu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.