Pastor
DARWIN ETA GU

'Sempre Vic'

2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Katalunian izandako atxiloketek terrorista bihurtu dituzte CDRak, ezer gertatu aurretik. Zelaak terrorismoa kondenatzeko eskatu dio Torrari, bere nagusi Sanchezek bezala. Eta unionistek Viceko atentatuaren argazkiak atera dituzte Kataluniako Legebiltzarrean.

1991ko maiatzaren 29an bonba-auto bat leherrarazi zuen ETAk Viceko kuartelaren kontra. Hamar pertsona hil ziren, horietako bost adin txikikoak. Urte batzuk geroago grafiti bat irakurri nuen Donostian, hamaika interpretazio izan ditzakeena: Sempre Vic!

Bartzelonako Olinpiar Jokoak izan baino urtebete lehenago izan zen atentatua. Hurrengo hilabeteetan Espainiak errepresioari ekin zion Katalunian. Garzonek aginduta, 45 lagun atxilotu zituzten. Prentsak aho batez txalotu zuen sarekada —Manuel Vazquez Montalban zenak baino ez zuen aurkako hitzik esan, El País egunkarian—. Atxilotuek torturak salatu zituzten, baina gure epaileak ez ikusiarena egin zuen. Azkenean, Estrasburgok Espainia zigortu zuen salaketa horiek ez ikertzeagatik —Euskal Herriko zenbait kasurekin gertatu den bezala—.

Oraingo operazioa ordukoaren ildoan doala uste du Kataluniako jende askok. Independentismoa kriminalizatu egin nahi du Madrilek. Jendea izutu, preso politikoen aurkako epaiaren bezperan. Nola jokatuko dute katalanek etorkizunean? Lluis Llach kantariak argi adierazi du desobedientzia dela esparru independentista zabaltzeko modu onena. Joan Tardak eta Xavier Domenechek beste ñabardura batzuk azaldu dituzte krisia konpontzeko, Angels Barcelo kazetariak idatzitako Entre Ítaca e Icaria solasaldi-liburuan: «katalanismo ezkertiarra» bultzatu behar da, eta akordioa lortu «Espainiako klase popularrekin».

Ea, bada: Espainiako klase popularrei berdin izan die, orokorrean, 1512 eta 1714tik hona Euskal Herrian eta Katalunian gertatu denak. Espainiako klase popularrek nahiko lanak dituzte euren arazoekin. Eta hor daude Belen Esteban eta telebistako zaborrarekin —munduko leku gehienetan bezala—: Gran Hermano VIP, Sálvame naranja, Sálvame limón edo Cómeme elmelocotón. Espainiako klase popularrek «¡Muera la libertad, vivan las cadenas!» oihukatu zuten duela 200 urte, Fernando VII.a despota inutilaren alde, frantsesen aurka. Espainiako klase popularrek ez dituzte haien sistema politikoa eta ongizatea arriskuan jarriko Espainiaren menpeko herriek autodeterminazio eskubidea lortzeko. Ez dute Madril geldiaraziko horregatik, zergatik eta polaco eta levantapiedras batzuen ustezko eskubideengatik.

Espainiako klase popularrek, currito-ek, edozein alderdiri ematen diote botoa. Voxi ere bai. Eta ustez hurbilen duten alderdiak ez du bere buruaz beste egingo gure alde agertuta. Ez dio Segoviako herritarrari esango: «Lehenik, katalan eta euskaldunen arazoa konponduko dugu; gero helduko diegu zuen arazoei». Pablo Iglesiasek Kataluniako erreferendumaren aukera baztertu du PSOErekin izandako negoziazioetan. Areago: koalizio gobernuan egongo balitz eta sozialistek 155.a berriz ezarri nahi balute, haien lidergoa «errespetatu» egingo lukeela esan zuen joan den astean, Antena3 telebistan. Espainiako klase popularrak? Egoera latza dugula esan nahi ez baduzue, tira. Baina ez etorri, mesedez, Espainiako klase popularren amuarekin.

Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean Katalunian izan zen elkartasun mugimendu handiena, Euskal Herritik kanpo. Espainiako klase popularren sostengua? Hitz bigunekin esanda: ez zen Kataluniakoaren mailara iritsi, inondik inora ere. Ekinaldi horietako bat Vicen egin zuten. Josep Muste izan zen hitzaldiaren antolatzaileetako bat. Bartzelonan hartu gintuen, autoan. Hitzaldiaren ondoren, herrian afaldu eta hiriburura buelta. Ez zigun taxi bat hartzen utzi. Beste 60 kilometro gauaren erdian. Garzonek 1992an agindu zuen operazioan atxilotu eta espetxeratuetako bat izan zen Josep. CUPeko kidea da orain. Guardia Zibilaren kuartelaren kontrako atentatua gaitzetsi ez izana gogorarazten diote oraindik. Vic, sempre Vic.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.