Hektareako ekoitz daitekeen mahats kopurua handitu du Errioxa sor-markak

Uzta aurreikuspen onak dituztela argudiatuta, hektarea bakoitzeko %2 mahats gehiago biltzea baimendu du kontseilu arautzaileak

Arnaitz Lasarte.
2015eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Aurten, uzta aurreikuspen onak dituzte, eta salmenten bilakaera ere «positiboa» da. Bi arrazoi horiek aipatu ditu Jose Maria Daroca Errioxa sor-markaren kontseilu arautzaileko presidenteak ekoizpenaren gehieneko kopurua igotzeko. Iaz, hektareako 6.955 kilo mahats beltz ekoitzi ahal izan zituzten marka horren barruan diharduten upategiek. Aurtengorako, %2 handitu dute kopurua.

ABRA Arabako Errioxako ardogileen elkartea gisa horretako neurrien aurka agertu izan da behin baino gehiagotan, haiek ez baitute bat egiten «produkzio masibora bideratutako negozio ereduarekin». Hain justu, Arabako ardogileak euren botiletan Arabako Errioxa identifikazioa jartzen ahalegindu dira azken hilabeteetan. Sor-markako kontseilu arautzaileak, ordea, behin eta berriz ukatu diote eskaera.

ABRA elkartearen arabera, Arabako Errioxako upategiek ezaugarri «bereziak» dituzte:upategi txikiagoak dira, mahasti gutxiagorekin egiten dute lan, eta ekoizpen masiborik gabe. Hori dela eta, beharrezko ikusten duteidentifikazio berezi bat. Duela hilabete kaleratutako ohar batean, sor-markatik ateratzeko aukerari ez zion aterik itxi elkarteak.

Darocak atzo hartu zuen kontseilu arautzaileko presidente kargua, eta, besteak beste, aipagai izan zituen elkarteen arteko «desadostasun» horiek. Adierazi zuen bere zereginetako bat izango dela desadostasun horiek konpontzea, «guztiak batuago egoneta senti daitezen».

Ehun kiloko, 70 litro

Bil daitekeen mahats beltzaren gehieneko kopurua igo dute. Ez, ordea, mahats zuriarena. Iaz, hektarea bakoitzeko 9.630 kilo biltzea baimendu bazuten, aurten %3 gehiago bildu ahal izango dute. Mahats kiloko egin daitekeen ardo kopurua, berriz, bere hartan utzi dute: 100 kilo mahatseko 70 litro ardo egin ahal izango dituzte upategiek. Kontseilu arautzaileak hainbat azterketa egiten dizkie urte osoan, eta,irizpideren bat betetzen ez badute, neurriak hartzeko eskatzen diete.

2015. urtearen inguruko lehen hilabeteen balorazioa ere egin zuten atzoko agerraldian. Darocaren esanetan, gaur egun «oso ona» da mahastien egoera, eta, azken orduko ezusterik ezean, uzta ona espero dute aurten. Garaiera altuan dauden mahastietan soilik daude «zenbait irregulartasun», ekainean egindako euriteengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.