Taldeko ugazaba eta ikurra da oraindik ere

Realak txanponaren bi aldeak dastatu ditu: Bartzelonaren aurka galdu, eta Rayoren aurka irabazi. Mikel Oiartzabalek egin du distira gehien: bi partidetan bi gol sartu ditu eibartarrak. Gaur, Levante izango dute aurkari.

Mikel Oiartzabal gola ospatzen, joan den igandeko partidan. J. MANTEROLA / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Nekaezina da Mikel Oiartzabal. Olinpiar Jokoetatik itzuli, bizpahiru egunez atseden hartu, eta sasoi betean da berriro: bi partidetan bi gol egin ditu, eta ez hala moduzkoak. Biak geldikako jokaldietan: bata faltaz, baloia eskuairatik sarera jaurtiz; eta bestea penaltiz, ohikoa duen lasaitasunarekin. Realeko kapitaina taldeko gidaria eta ikurra da oraindik ere. Realak Levanteren aurka jokatuko du gaur, Reale Arenan. Sasoiko bigarren garaipena lortu nahi du.

Eibarko aurrelaria ezinbestekoa da Realarentzat; are gehiago, aurreko jokalariak ez badabiltza fin. Alexander Isak da horietako bat. Suediarrari erritmoa eta baloiarekin zuen abilezia falta zaizkio. Bestalde, Januzajek denboraldiaurre paregabea egin bazuen ere, Rayoren aurkako lehian aulkian utzi zuen Imanolek, baita Portu ere. Biak ala biak gutxi nabarmendu dira denboraldi hasierako txanpa honetan. Barrenetxeak hartu du haien lekua. Donostiarrak ondo hasi du sasoia, baina gehiago eman beharko du hamaikakoan jarraitu nahi badu.

Aurreko lerroa ez ezik, erdiko hirukotea ere ez dabil aldarte onean. Zubimendi, Merino eta Silva gabe, Realak ez ditu gainditzen beste taldeen lerroak. Hain justu, hori gertatu zen Rayoren aurka: Imanolenek baloiaren jabetza izan zuten, baina sakontasunik gabe. Izan zituzten aukera bakanetakoak geldikako jokaldietatik etorri ziren. Silvak izan zituen lehiako bi aukera garbienak jokaldiz, baina ez zuen asmatu ate aurrean.

Levante, aurkari deserosoa

Levante ez da arerio erosoa, eta hala erakutsi zuen azken jardunaldian, Madrilen aurkako lehian: 3-3 berdindu zuten. Paco Lopezen jokalariek, lehen zatian Madril estutzeko ahalegina egin bazuten ere, atzeko lerroak batu zituzten bigarren zatian, eta atzean geratu ziren; kontraerasora noiz aterako zain. Orduan, Levante eroso sentitu zen, eta markagailua iraultzea lortu zuen. Alor horretan, Roger eta Morales aurrelariak arriskutsuak dira.

Imanolek tentuz prestatu du partida. Izan ere, iragan sasoian, Herrialde Katalanetatik esku hutsik etorri ziren Donostiara, 2-1 galduta. Partida hartan, Realak garesti ordaindu zuen atearen aurrean izandako eraginkortasunik eza.

Orioko entrenatzaileak 23 jokalariko deialdia egin du. Alexander Sorloth aurrelaria da berritasunetako bat, harrobiko Karrikaburu eta Turrientesez gain. Igor Zubeldia ere deialdian sartu da. Zerrendan sartu ez dena Jon Guridi izan da. Azkoitiarrak min hartu du, eta luze egon beharko du jokatu gabe.

Europa ligan, multzo zaila

Europa ligako zozketa atzo izan zen, Istanbulen (Turkia); hauek dira Realari egokitu zaizkion aurkariak: PSV Eindhoven (Herbehereak), Monako eta Sturm Graz (Austria). Lehen bi taldeak Txapeldunen Ligarako sailkatzekotan egon dira, baina ezin izan dute lortu Europako lehiaketa nagusirako txartela. Lehen ez bezala, multzoko lehena soilik sailkatuko da zuzenean final-zortzirenetara. Bigarrena, ordea, ez da zuzenean sailkatuko: kanporaketa bat jokatu beharko dute, Txapeldunen Ligako ligaxkako multzoetan hirugarren sailkatzen direnen aurka. Lehen jardunaldia irailaren 16an jokatuko dute.

REALA-LEVANTE
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Silva; Oiartzabal, Barrenetxea, eta Isak
Levante. Dani Cardenas; Son, Vezo, Rober Pier, Clerc; De Frutos, Radoja, Melero, Campaña; Roger, eta Morales
Epailea. Munuera Montero
Lekua. Reale Arena
Ordua. 19:30 (Movistar Plus).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.