Zornotzan jokatuko da Euskal Herria kopako finala, irailaren 1ean

Athletic eta Reala ariko dira, 16:00etan hasita. Sarrerak salgai daude 'www.ehkirola.eus' helbidean, zazpi euroren truke

Jokalari eta antolatzaileak, finalaren aurkezpen ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Zornotza
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Egutegian gorriz markatua dute Athleticek eta Realak irailaren 1a. Denboraldi-aurreko prestaketari azken ukituak emateko, txapel bat jokoan duen lagunartekoan lehiatuko dira, Euskal Herria kopako finalean. Zornotzan (Bizkaia) jokatuko da, Urritxe zelaian, 16:00etan. ETBk zuzenean emango du partida.

Euskal Herria koparen zortzigarren ekitaldia da aurtengoa, eta, aurreko zazpi aldietan bezala, zuri-gorriak eta txuri-urdinak ariko dira finalean: seitan nagusitu da Athletic, eta behin Reala. Urtez urte hazten doan txapelketa da Euskal Herria Kirola elkarteak antolatutakoa. Aurten, esaterako, hamahiru talde aritu dira borrokan; iaz, sei izan ziren.

Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako koordinatzaileak atzoko aurkezpen ekitaldian aurreratu zuen «goi mailako» finala izango dela. Zurutuzak harmailak «beteta» ikusi nahi lituzke. Gaineratu zuen abuztu hasieran jokatutako gizonezkoen Euskal Herria txapelaren «arrakasta» emakumezkoen koparen «ibilbidearen ondorio» dela.

Sarrera zazpi euro ordaindu beharko da, eta dagoeneko salgai daude www.ehkirola.eus helbidean. Hala ere, 14 urtetik beherakoek eta Amorebieta futbol taldeko bazkideek doakoa izango dute sarrera. Abuztuaren 28tik aurrera, sarrerak Urritxen erosi ahal izango dira. Egunean bertan ere eskuratzeko aukera egongo da zelaiko txarteldegian.

Aurten, berritasun bezala, zozketak egingo dira han biltzen direnen artean. Sari nagusia: datorren urtean Frantzian jokatuko den Munduko Koparako bi lagunentzako bidaia, sarrerak eta egonaldia. Aldi berean, ikurrin bat ere oparituko zaie garaileei; Zurutuzak azaldu duenez, «euskal selekzioaren falta aldarrikatzeko».

Festa eta jai giroa izango dira nagusi, beraz, Zornotzan. Garbiñe Etxeberria Realeko ordezkariak, ordea, esan zuen ez dela komeni finala «festa hutsa» izatea: «Eliteko partida bat da, eta merezi duen garrantzia eman behar zaio». Juan Luis Fuentes Athleticeko ordezkariak, berriz, argi utzi zuen irabazi egin nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.