Alberto Gines. Eskalatzailea

«Abiaduran dut hobetzeko tarterik handiena»

Ginesek 2019ko azaroan lortu zuen Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea, Okzitaniako Tolosan (Frantzia). Eskalada estreinakoz izatekoa zen olinpiar kirola. COVID-19a dela eta, datorren urtera arte atzeratu behar izan dituzte Jokoak. Baina Gines irrikaz dago lehiatzeko eta hobetzen segitzeko.

EKAITZ ANDA.
Unai Ugartemendia.
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Iruñean izan da egun hauetan Alberto Gines eskalatzailea (Caceres, Espainia, 2002). Rocopoliseko horma izan da azken hamar egunetan haren babeslekua. Bikain ezagutzen du horma hori, askotan izan baita han lehiatzen. Abiadura ondo prestatzeko ahaleginean dihardu Olinpiar Jokoei begira.

Nolatan Euskal Herrian?

Espainiako selekzioarekin egonaldi bat egitera etorri naiz Iruñera, Rocopoliseko horman abiadura lantzeko asmoarekin. Mikel Linazisororekin, Eric Lopezekin, eta hautatzaileekin nago hemen. Nire kasuan, Olinpiar Jokoetara begira bideratutako egonaldia izango da.

Azarora arte txapelketarik ez edukita, entrenamenduetan jarri behar arreta, ezta?

Abuztuaren hasieran, lehiatzen ibili nintzen Brianconen [Frantzia], baina, oraingoz behintzat, azaro hasierara arte ez gara berriro ere lehiatuko. Errusian Europako Txapelketa izango da, baina oraindik ere ez da ziurra jokatuko den ala ez. Denontzat ere urte arraroa izaten ari da.

Dena normal joan balitz, Olinpiar Jokoak ere lehiatuta egongo zinen...

Bai, hala da. Olinpiar Jokoez gain, Munduko Kopako beste hamar bat proba ere jokatuak behar nituen jada. Jokoetara begira, hori zen asmoa, baina pandemiak dena pikutara bota du. Lehiatu gabe egotea oso arraroa da; nire kasuan, urte asko dira alde batetik bestera nabilela, eta orain etxean egotea oso arraroa egiten zait. Arrokan eskalatzeko baliatzen ari naiz denbora. Ez da gehien motibatzen nauena, baina, lehiaketarik ezean, horretan jarraitu beharko dut.

COVID-19a gogorra izaten ari da denentzat. Zuk, 17 urterekin, nola eraman duzu geldialdia?

Ondo esango nuke. Uste baino hobeto moldatu nintzen egoerara. Okerrenak lehen bi asteak izan ziren. Bartzelonako Goi Errendimenduko nire fisioterapeutak positibo eman zuen, eta nik ere bi aste pasatu behar izan nituen etxeko logelan itxita. Hilabete asko neramatzan familia ikusi gabe, eta berdin jarraitu behar izan nuen beste bi astez. Ondoren, Extremadurako Gobernuak lanean jarraitzeko materiala ekarri zidan etxera, eta dena errazagoa izan zen.

Bartzelonako Goi Errendimenduko zentroa aipatu duzu. Zu zara han eskalatzaile bakarra. Nolatan joan zinen Bartzelonara?

Nire aitaren ideia izan zen. David Macias entrenatzaileak esaten zidan Caceresen entrenatzen jarraitzeak ez zuela zentzurik. Dena urruti gelditzen zitzaidan. Aitak eskaera egin zuen badaezpada, baina ez genuen batere esperantzarik. Azkenean, eta inork espero ez genuenean, beka bat eman zidaten. 2018tik nago han, eta oso gustura nago, oraingoz behintzat.

Gaur egun goi mailako eskalatzailea bazara, aitarengatik izan da.

Berak sartu ninduen honetan, bai! Betidanik eskalatu izan du aitak. 14 urterekin hasi zen bere koinatuarekin, eta, nahiz eta urte batzuetan geldirik egotea tokatu zitzaion, urteen poderioz berriro ekin zion eskalatzeari. Urte askotan, elkarrekin joaten ginen eskalatzera, eta, orain lanarengatik denbora gutxiago duen arren, berak eraman izan nau leku guztietara. Hari zor diot dena.

Gogoan al duzu aitarekin noiz joan zinen lehenbizikoz eskalatzera?

Bai, nola ahaztu! 3 urte-edo izango nituen, eta arreba ere gurekin etorri zen. Lehen igoeran, arrebak ia luze guztia osatu zuen; ni, berriz, metro pare bat igo, eta erori egin nintzen. Egun hartan, beldur pixka bat hartu nion eskalatzeari, egia esan behar badut! Baina gehiagotan hasi ginen joaten, eta arrebarekin lehia sutsuak izaten hasi nintzen [barrezka]. Goraino igotzea lortu nuen lehen aldian, behera jaitsi, eta azkar batean amari deitzera joan nintzen.

Caceresen badago eskalatzeko ohiturarik?

Ditugun baliabideak kontutan hartuta, uste dena baino eskalatzaile gehiago dago. Zaletasuna badago.

Oraindik ere oso gaztea zara, baina urte asko daramatzazu lehiaketetan.

Bai, 10 urte nituenetik lehiaketetan nabil. David Maciasekin hasi nintzenean, 12 urte izango nituen, eta orduan hasi nintzen Espainiako Kopan lehiatzen. Handik urtebetera, Europako Kopan lehiatu nintzen, eta orduan hasi nintzen dena serioago hartzen. Konturatu nintzen ikaragarri gustatzen zitzaidala, eta, ahal banuen behintzat, honetaz bizitzen saiatu nahi nuen. Hala ere, jauzirik handiena Bartzelonara joan nintzenean eman nuen. Familia uztera nindoan, eta erabat sartu nintzen eskaladan. Nire ibilbidean inflexio puntu bat izan zen hura.

Gogorra izan al zen aldaketa?

Bai. 15 urte besterik ez nuen, eta hasieran oso gogorra egin zitzaidan. Zentroan, gehienek eginak dituzte entrenatzeko taldeak, eta ni nintzen eskalatzaile bakarra. Bakarrik nengoen, ez nuen inor ezagutzen, eta, gainera, ni ere ez naiz oso pertsona irekia. Are gehiago, esango nuke nahiko barnerakoia naizela. Orain ezberdina da. Nire logela kidea ezagutu nuenetik, atletismoko taldean sartu naute, eta haiekin pasatzen dut denbora gehiena. Bestalde, Bartzelonara ere ondo moldatu naiz. Caceresekin alderatuta, oso hiri handia da, askoz ere jende gehiago dago, denerako metroa hartu behar da...

Nolakoa da zure egun arrunt bat?

Ez dugu beste munduko ezer egiten! 08:00ak aldera jaikitzen naiz, eta azkar batean gosaltzera jaisten naiz, 08:20 aldera berriz ere martxan jartzeko. Gimnasiotik pasatu ondoren, bazkaltzera joaten gara. Arratsaldean, berriro ere entrenatzera, eta, gauean, afaldu ondoren, zerbait ikasteko aprobetxatzen dut. Hura amaitzean, ohera. Egun gehienak horrela igarotzen ditut.

Urte askotan, Euskal Herriko eskalatzaileen aurka aritu zara lehian. Nola ikusten dituzu?

Oso indartsu daude! Hain leku txikia izateko, eskalatzaile asko dago. Maila handia dute, esaterako, Linazisorok, Carreterok, Esparta anaiek... Gauzak zail jartzen dizkidate txapelketetan!

Zer espero duzu Jokoez?

Kuriositate handia daukat halako kirol ekitaldi handi bat ezagutzeko. Eskaladan, ez dago olinpiar izatearen sentsaziorik, inoiz ez delako olinpiar kirol izan. Gure ametsa orain dela lau urte besterik ez zen hasi. Baina Bartzelonan konturatu naiz, atletismoko jendearekin gehienbat, zenbateko garrantzia duten Olinpiar Jokoek. Hemen, denek horrekin amesten dute. Lau urtetik behin jokatzen dira, eta edozein kirolarirentzat egon daitekeen ekitaldirik handiena da. Askok lau urteko lana egun gutxitan jartzen dute jokoan.

Kolpe handia izan al zen atzeratu egingo zirela jakitea?

Gehienok espero genuen erabakia izan zen. Inork ez genuen hori gertatzerik nahi, baina uste dut erabakirik zentzuzkoena izan dela, zalantzarik gabe. Gaur egun, ezin dut imajinatu ere egin haiek jokatzea! Jokatu gabe ere gauzak okertu egin dira. Pentsa jokatu izan balira.

Zuretzat, hoberako ala kalterako izan da ez jokatzea?

Pertsonalki, uste dut ondo etorri zaidala atzerapena. Oraindik 17 urte besterik ez ditut, eta urte hau bikain etorriko zait esperientzia gehiago pilatzeko. Ikasteko urtea izango da aurtengoa, lehiatzeko aukera gutxi izango dugulako. Abiadura entrenatzeko primeran etorri zait. Geldialdi honekin, helduago iritsiko naiz Olinpiar Jokoetara.

Helburu jakinik gabe, gogorra al da entrenatzera joatea?

Helburua hor dago, eta argi daukat Olinpiar Jokoak direla. Hala ere, konfinamenduan ez nuen batere motibaziorik. Zera pentsatzen nuen: «Zertara joan behar dut entrenatzera, ez daukat-eta lehiaketarik?». Motibatzea kostatu zitzaidan, baina gurasoek asko lagundu didate horretan. Gainean izan ditut denbora guzti honetan, eta, bestela, ziur nago ez nuela ezer egingo. Hiru hilabeteak pasatu zirenean, eta berriro ere eskalatzen hasi nintzenean, konturatu nintzen baneukala arrazoi edo helburu argi bat, eta banekien ezin ninduela loak hartu. Motibazioak mugitzen nau gehienbat, eta, askotan, ez dakit ona edo txarra den hori!

Olinpiar Jokoak irabazteak eskalatzaile osoa izatea eskatzen du. Hiru modalitate izango dira: abiadura, zailtasuna eta blokea. Nola ikusten duzu zeure burua?

Oso oso zaila izango da txapeldun izatea, eta esango nuke podiuma ere ia-ia antzekoa izango dela. Nire helburua diploma bat lortzea izango da, eta, horretarako, laugarren, bosgarren edo seigarren postuan amaitu beharko nuke. Denborak esango du non gauden.

Olinpiar Jokoetara begira, zein dira zure helburu nagusiak?

Ondo eskalatzearekin konformatuko nintzateke. Ez dut postuarekin itsutu nahi. Ondo eskalatu, eta hogeigarren amaitzen badut, hala izan beharko du. Neure buruarekin lasai egon nahiko nuke Jokoak amaitzean. Oraindik gaztea naiz, eta aurrerago ere beste aukeraren bat izatea gustatuko litzaidake.

Eskalatzaile asko azaldu dira eskalada olinpiar kirol izatearen aurka. Zer duzu esateko?

Uste dut bateragarriak direla arrokako eskalada eta hormako eskalada. Lehian ibiltzen garenok ez dugu ezer arrokan aritzen direnen aurka. Uste dut denentzako lekua badagoela, eta ez dakit zergatik dagoen hainbesteko eztabaida gai horrekin. Bi mundu oso ezberdin dira. Gehiago esango nuke, ia-ia bi kirol ezberdin dira. Gauza askok harritzen naute. Garai batean munduko txapeldun izandako asko Olinpiar Jokoen aurka azaldu dira. Baina nola liteke hori? Nola liteke bizi guztia lehiatzen pasatu duen batek hori esatea?

Adam Ondra, berriz, buru-belarri ari da prestatzen.

Bai, onena da! Badago jendea eskalada Olinpiar Jokoetan ikusi nahi zuena, eta Ondra horietako bat dela esango nuke. Gogotsu ari da prestatzen, eta hori ere zerbaitengatik da.

Zure aldetik, abiadura izan daiteke gehien landu beharrekoa?

Zailtasunean ondo noa, nahiz eta beti dagoen zer hobetu. Blokean, oraindik ere asko ikasi beharra daukat, baina, bai, abiaduran daukat tarterik handiena. Pentsa, japoniarren batek edo bestek ia bost segundoan igotzen du hamabost metroko horma! Bestalde, gutxien motibatzen nauen modalitatea da, eta horretan jartzea asko kostatzen zait. Egun hauetan, Linazisororekin, Eric Lopezekin, eta Isaac Estevez hautatzailearekin ari naiz, eta motibazioa etorri zait berriro ere.

Helburuak hor dituzu, baina amestu, zerekin amesten duzu?

Olinpiar Jokoak irabaztearekin! Nire helburu nagusia da etorkizunera begira. Oraindik ere urte asko ditut aurretik, baina aukerak ere ez dira alferrik pasatzen utzi behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.