Eskia

Ilusioan murgilduta jarraitu nahi dute

1980ko hamarkadan Ainhoa Ibarra Europako eskiatzaile onenekin lehiatzen ibili zenetik, ez da Euskal Herriko emakumerik izan goi mailako eskian. Baina, badirudi Sara Murorekin eta Arrietta Rodriguezekin hori aldatu egingo dela hemendik gutxira.

SARA MURO.
Unai Ugartemendia.
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Sara Murori (Donostia, 2002) etxetik datorkio eskiarekiko zaletasuna. Amak txikitatik eskiatzen zuen, eta, lehenik, senarrari eta, ondoren, etxeko hiru txikienei sartu zien eskirako harra. «4 edo 5 bost urterekin ipini nituen lehenbizikoz eskiak. Denbora-pasan ibiltzen ginen lehen urteetan. Baina 12 urterekin lehiatzen hasi nintzen, eta ez naiz geratu». Antzeko kasua da Arrietta Rodriguezena. (Donostia, 2002). Gurasoak kirolari petoak izan ditu betidanik. Amak maila goreneko taekwondoan egin zituen urte asko, eta aitak ere saskibaloian igaro zituen urterik onenak. Baina biek zaletasun bera zuten: eskia. Baqueirara (Aran ibarra, Herrialde Katalanak) egindako irteera batean maitemindu ziren kirol horretaz, eta bertan etxe txiki bat erostea erabaki zuten. Alabei eskiatzen erakustea besterik ez zitzaien falta. «Uste dut 2 urterekin jada jarri zizkidatela eskiak gurasoek. Ondoren, haurtzaindegian ikastaroak egiten hasi nintzen, eta 5 urterekin Aran ibarreko eski taldeansartu nintzen. Han egin ditut urterik gehienak», azaldu du Rodriguezek.

Eskiak mendian egoteko eta abiaduraz gozatzeko aukera ematen zion Murori, eta biak oso gustuko zituen txikitatik. «Eguraldi ona egiten zuen egunetan, oso gustura joaten nintzen eskiatzera. Elurra edo lainoa izaten genuenean, berriz, nahiago izaten nuen etxean gelditu. Halere, oso umetatik ikaragarri gustatzen zitzaidan eskiatzea». Muroren antzeko bizipenak ditu Rodriguezek ere. «Askatasun sentsazioa sentitzen nuen txikitatik. Dena kontrolpean duzun sentsazioa izan dut, eta gaur egun ere antzera pasatzen zait».

8 urterekin iritsi zitzaion Rodriguezi lehian hasteko aukera. Azkar hasi zen lasterketak irabazten, eta 14 urterekin jada Espainiako txapelduna izan zen bere mailan. Ondoren, 16 urterekin, hirugarren izan zen maila absolutuan. Gerora, CETDIn (Neguko Kirolen Teknifikazio Zentro Espezializatua) eta Aragoiko selekzioan egin zuen urtebete. Baina urtebeteko denbora besterik ez zen pasatu Espainiako selekzioaren deia jaso zuen arte. «Espainiako selekzioaren jarraipen taldean sartzeko aukera izan nuen. Geroztik, bertan nabil. Gaur egun emakumeen taldean nago».

Muro ere oso gazterik hasi zen lehiatzen, 12 urterekin. Baina 16 urte bete arte ez zuen besteen gainetik ibiltzeko aukerarik izan. Jakako (Aragoi, Espainia) Mayencos klubean ohartu ziren lehenbizikoz Muroren gaitasunez. Konturatu ziren bazuela eskiatzeko erraztasuna. Aste Santu batean egindako ikastaro batean erakutsitako mailarekin, harrituta utzi zuen bertako prestatzaileetako bat. «Ondo ikusten ninduela aitortu zidan, eta ea goi mailako lehiaketetan parte nahi nuen esan zidan. Amari azkar batean esan nion baietz, probatu egin nahi nuela», ekarri du gogora lehen lehiaketa haietaz mintzatzean. Goi mailako eskiatzaileekin ibilitako lehen aldi haietan izandako «presioa» eta «estutasunak» ez ditu berehala ahaztuko. «Handik gutxira konturatu nintzen saiatuz eta orduak sartuz etorkizunean haiekin ibil nintekeela».

Gaztetatik etxetik kanpo

15 urterekin aldendu zen lehenbizikoz Muro gurasoengandik. Donostiako Santo Tomas lizeoa utzi, eta Jakara ikastera joateko hautua egin zuen. Eskiarekin saiatzeko ordua zen. «Askotan triste egoten nintzen, gehienbat bakarrik nengoelako. Ikasketetan ere euskaraz ikasi nuen ordura arte, eta han gazteleraz ikasi behar nuen; ni nintzen euskaldun bakarra. Denborarekin, oso gustura sentitzen hasi nintzen, eta bakarrik bizitzeak arduratsuago bilakatu ninduen». Ikasketekin batera, Aragoiko selekzioan sartzeko aukera ez zuen alferrik galdu, eta CETDI (Neguko Kirolen Teknifikazio Zentro Espezializatua) zentroko programan dabil geroztik. Bide bertsua egin zuen Rodriguezek ere orain dela bi urte. Jakarako bidea hartzea erabaki zuenean. Bera ere Santo Tomas lizeoan ikasitakoa da, baina urtebete besterik ez zen egon Jakan ikasten. «Aragoiko Gobernuak baldintza hobeak eskaintzen zizkidan aitzakiarekin, urtebete pasatu nuen Jakan ikasten eta eskiatzen» argitu du Rodriguezek.

Ikasketak eta kirola uztartzea tokatu zitzaien Batxilergoko azken bi urteetan Murori eta Rodriguezi. Goizean entrenatzea, eta gauean ikastea zen Muroren egunerokoa. «Iazko urtea oso gogorra izan zen niretzat. Unibertsitatean sartzeko proba egin behar nuen, eta eskiak kentzen didan denborarekin, oso presio handia sentitu nuen. Neguan ia ez gara klasera joaten, eta horrek lan handia egitea eskatzen du».

Saiatzeak izaten du saria gehienetan, eta, hautaproba gainditu ostean, gaur egun Medikuntza ikasten dihardu Euskal Herriko Unibertsitatean. Rodriguez ere egoera berean izan zen. «Oso denbora gutxirekin ibili nintzen iaz, eta azken urtea bi zatitan egitea erabaki nuen. Banekien iaz eta aurten asko bidaiatuko nuela, eta, alde horretatik, orain lasaiago nabil». Unibertsitatera sartu aurreko azken urtea izango du ikasturte hau.

Goi mailara iristeko ametsa

Unibertsitateko lehen urtea izaten da goi mailako kirolari gehienentzat urterik erabakigarriena. Errendimenduko kirolak eskatzen duen entrenamendu ordueiunibertsitateko orduak ere batu behar zaizkie kirolari gehienen egunerokoan. Askorentzat, beren biziko apustua izaten da kirolean jarraitzeko hautua. «Oso erabaki zaila da, baina nik badakit hau dela egin nahi dudana. Saiatu beharra daukat. Nire esku dagoen guztia egingo dut». Alde horretatik, aipatu bezala, lasaiago dabil Rodriguez. Erraldoian eta eslalomean lehiatzen da, eta uztailean hiru aste pasatu zituen Saas Fen (Suitzan) egonaldi batean. Ondoren, etxera itzuli zen egun batzuetarako. Abuztuaz geroztik, beste hamar egun baino ez ditu igaro familiarekin. «Nire bigarren etxea da. Klaseetara joateko denborarik ere ez dut izan oraindik!».

Martxoan, Espainiako txapelketen atarian, etxera itzuli behar izan zuten Murok eta Rodriguezek. Bigarrenak gogoan dauka iazko denboraldia bertan behera gelditu zen asteburua. «Andorran lehiatzen ibilia nintzen aurreko astean, eta aste guztia Baqueiran entrenatzen pasatu nuen txapelketari begira. Lasterketaren aurreko egunean, atseden hartzen ari nintzela, etxera itzuli behar genuela esan ziguten. Gurasoei deitu behar izan nien nire bila etortzeko».

Murok, udazkenaren atarian, Tignesen (Frantzia) hiru aste igaro ondoren, abenduaren 18aren eta 20aren artean jokatuko diren 2020ko txapelketak ditu buruan. Martxoan atzeratu ziren txapelketak izango dira jokoan Baqueira Bereten, eta bere onena eman nahi du. Nahiz eta oraindik ez dakien zein mailatan lehiatu beharko duen, podiumean sartzearekin amesten du.

Rodriguezek, berriz, oraindik ez daki Baqueiran egongo den. «Pentsatzen dut bertan izango naizela. Hala ere, lasterketa hobeak topatzen baditut, baliteke ez joatea. Hilabete honen amaieran hasiko gara ziurrenik lehiatzen, baina COVID-19arengatik oraindik ez dakigu non hasiko garen lehiatzen. Entrenatzaileari esan diot Italia aldera joatea gustatuko litzaidakeela, eta ea posible den».

Baina erronkak ez dira hor amaituko bi eskiatzaile gazteentzat. Gogotsu daude, eta ez dute motibaziorik falta. Azken urteetan Espainiako selekzioko jarraipen taldean egon ondoren, jauzia eman nahi du aurten Murok. Taldean sartzen saiatu nahi du, eta horretan dihardu buru-belarri. Hiru modalitatetan lehiatuko da aurten ere:eslalomean, erraldoian eta supererraldoian. Baina horretarako badaki gogor lan egin beharko duela. «Lehiatzen hasteko irrikaz nago», nabarmendu du helburuez galdetzean. Aurtengo ere erronkak zehaztu ditu; FIS zerrendako puntuak ahalik eta gehien jaistea, eta Espainiako selekzioan egoteko baldintzak betetzea. Urte gogorra izango dela badakien arren, laguntzaile dituen Uvex, Head eta Aragoiko Gobernuaren laguntza bermatuta izango ditu. Denboraldia hasteko, azaroaren 20an Suediara joango da lehen proba jokatzera. Ez du helburu zehatzik lasterketa horri begira: «Nire lekua zein den ikusteko balioko dit, eta hori bada zerbait».

Rodriguez ere dortsala jartzeko egunak kontatzen hasita dago aspaldian, eta entrenatzeari utzi eta lehiatzen hasteko irrikaz dago. Espainiako selekzioaren babesleez gain, bere laguntzaile nagusia den Salomonen laguntza bermatua du hasteko dagoen denboraldi berrirako, eta helburuak ere zehaztu ditu dagoeneko. Jada Espainiako selekzioan egoteak ematen dion babesarekin, lehenik FIS zerrendako puntuak jaisten saiatuko da hurrengo lasterketetan. Baina badu beste erronka nagusiago bat etorkizunerako. Martxoaren 2tik 11ra Banskon (Polonia) jokatuko diren Junior mailako munduko txapelketan egon nahi du.

Horretarako, hurrengo hilabeteetan buru-belarri saiatu beharko du. Baina ez du ezer baztertzen. «Munduko 50 onenen artean egon beharra daukat behintzat bertan egon nahi badut. Oso zaila izango da, baina badakit saiatuz gero aukerak izan ditzakedala», azpimarratu du Rodriguezek. Itxaropentsu dago, horrenbestez.

Juan del Campo, Adur Etxezarreta eta Aingeru Gara eskiatzaileekin batera, aintzat hartzeko eskiatzaileak izango dira hurrengo urteetan Rodriguez eta Muro. Oraingoz, eta emaitza onenen esperoan, ilusioa eta motibazioa sobera dute. Txikitatik ikasi dute zein den kirolean urratsak egiteko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.