Ana Zamorano. Bidaiaria

«Bidaiariak gutxirekin bizitzen jakin behar du»

Munduko bazter asko ezagutzen ditu jada Ana Zamoranok. Gurasoekin hasi zen bidaiatzen, eta ezin du bizitza imajinatu hori gabe. Bizikletaz egiten du gaur egun.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
Bilbo
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ez da ohikoa Ana Zamorano bidaiaria (Sodupe, Bizkaia, 1992) etxean luze harrapatzea. Bilbon dago egun hauetan. Asiara egingo duen bidaia antolatzen dabil azkenaldian, eta, hitzaldi batzuk eta lana tarteko, ez du denbora askorik izaten libre. Hitz errazeko emakumea da, eta begiek dir-dir egiten diote bidaiez hitz egitean.

Nondik datorkizu bidaiatzeko zaletasuna?

Gurasoengandik datorkit. Ni baino hiru urte gehiago dituen beste ahizpa bat daukat, eta nik 10 urte nituenetik bidaiatu izan dugu gurasoekin. Gure amak beti hitz egiten zigun munduko kultura askotaz; eta nik ere dokumental asko ikusi eta liburu asko irakurri ditut betidanik. 10 urte nituenetik 18 urte bete nituen arte, ia Europa guztia ezagutu genuen. Hori guztia izan da gaur egun aukeratu dudan bizitzara eraman nauena.

Nola bidaiatzen zenuten gurasoekin?

Urtean bi bidaia egiten genituen. Hegazkinean edo autoan bidaiatzen genuen, eta, ondoren, herrialdean bertan garraio publikoan ibiltzen ginen. Ez genuen gaur egun bidaiatzen dudan moduan bidaiatzen, baina ikasketa handia izan zen niretzat. Kultura ezberdinak ezagutzeko, asko bidaiatzea ezinbestekoa da.

Historia oso gustuko omen duzu.

Bai, oso. Nire birraitona gerran fusilatu zuten, eta aitonak ere gerrako istorio asko kontatzen zizkigun. Asko erakarri izan nau beti jendea nola bizi den, behar asko duen jendea nola bizi den... Gure aitonak hutsetik hasi behar izan zuen, eta beti kontatzen zuen gerrako seme bat izan zela, eta izugarriak pasatu behar izan zituen. Arazo sozialek ere beti erakarri izan naute, eta, 18 urte bete nituen egun berean, boluntario gisa hasi nintzen lanean.

Zein izan zen zure lehen bidaia?

Nikaraguara joan nintzen. Lehen aipatu bezala, 18 urte bete baino hilabete lehenago, udalean aipatu zidaten boluntariotza programa bat egin nahi zutela Nikaraguara joateko, eta ea animatzen nintzen hara joatera. Bazekiten ni oso abenturazalea nintzela. Hori baino lehenago, auto-stop egiten, Alemania zeharkatu nuen, lagun bat han bizi zenaren aitzakian. Tren estazioetan ere lo egin behar izan genuen, eta Polizia ere etorri zen zer egiten genuen galdetzera. Bidaia hark asko kateatu ninduen. Horrela joan nintzen Nikaraguara. Hiru joan ginen Sodupetik. Gizarte lan bat egitera joan ginen. Hilabete bat egon ginen han, baina asko markatu ninduen. Han konturatu nintzen mundua gehiago ezagutu nahi nuela, eta Hego Amerikan hastea erabaki nuen.

Eta joan zinen Hego Amerikara.

Nikaraguatik itzuli ondoren,Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasten hasi nintzen unibertsitatean. Bidaiatzeak eta hasitako ikasketek aukera ematen zidaten proiektu berriak sortzeko. Bigarren bidaian El Salvadorrera joan nintzen, eta hiru hilabete egon nintzen han. Oso gogorra izan zen. Han, gertutik ezagutu nuen El Salvadorreko abortuaren legea, eta, horri esker, emakume asko ezagutzeko aukera izan nuen: 13-14 urterekin haurdun geratutako neskatoak, beren aitaordekoek bortxatutakoak... Esperientzia oso gogorra izan zen, baina, aldi berean, oso aberatsa izan zen. Hitzaldi asko egin genituen hainbat eskolatan, eta, gaia hori bera zen; haurdunaldiaren prebentzioa nerabezaroan.

Kontinenteez galdetuta, Afrika al da oraindik ere kontinenterik ezezagunena?

Agian bai. Zambian eta Senegalen egona naiz, eta Marokon, Tunisian eta Egipton ere egon nintzen gurasoekin. Ugandan ere 3.000 metroko sumendi batzuetan egon nintzen. Asko maite dut Afrika, eta ziur nago Asia igaro ondoren berriro ere joango naizela.

Zuk oso gaztetatik aukeratu duzu horrela bizitzea. Zein izan dira zure erreferenteak?

Bidaiatzen hasi nintzenean, ez nuen erreferenterik. Urteak joan urteak etorri hasi naiz erreferenteak izaten. Ez nuen emakume erreferenterik; bueno, agian, Edurne Pasaban izan zen niretzat erreferenterik handiena. Egun batean, egunkari bateko azalean ikusi nuen, etaberak egiten zituen gauzak egiteko irrika sartu zitzaidan. Mendiak asko erakarri izan nau beti, baina gurasoak ez ziren oso abenturazaleak. Inoiz ez ginen mendira joaten. Andeetako zeharkaldia Mexikon amaitu nuenean, mutil bat ezagutu nuen, eta gutun astrala irakurri zidan. Hark esan zidan nondik zetorkidan zaletasun hori. Nik ere ez dakit oso ongi nondik datorkidan abenturarako zaletasuna. Gaur egun, Annemarie Schwarzenbach eta Ella Maillart bidaiari beteranoak izan daitezke nire erreferenteak, eta, etxetik gertuago, Josu Iztueta. Ezagutu dudan jende guztiari Iztuetari buruz hitz egin izan diot.

Ingalaterran ere denbora bat eman zenuen, ingelesa ikasten.

Aukeratu nuen bizitzarako, ezinbestekoa ikusten nuen ingelesa ondo menderatzea. Leedsen egon nintzen, bulego batean lanean. Oso lan gogaikarria zen! Bi urte iraun nuen. Urte eta erdi neramanean, eta Islandia zeharkatzeko bidaia batean nengoela, estaldurarik gabeko gune bat garo ondoren, nagusiaren berrogei dei galdu nituen. Orduan konturatu nintzen ez nuela horrelako bizitzarik nahi. Lana utziko nuela esan nienetik beste hiru hilabetez lan egin behar izan nuen. Amaigabea egin zitzaidan denboraldi hura!

Bizikleta da bidaiatzeko zure garraioa. Zergatik?

Banekielako gustatu egingo zitzaidala! Inoiz ez nintzen bizikletazalea izan, eta ordura arte ez nuen bizikletan ibiltzeko ohitura. Zirrikitu guztietara iristea gustatzen zait, ez dut ezer galdu nahi, mendietara iritsi nahi nuen... Horretarako, bizikleta garraiobide bikaina da. Gaur egun, babesle batzuk ere baditut bidaiak egiteko garaian laguntzen didatenak; Schoffel arropa marka, ToutTerrain bizikleta, Pinion bizikleten aldaketen marka...

Bizikletan egin zenuen lehen zeharkaldia Andeetan egin zenuen.

Hego Amerika bidaia luze bat egiteko utzita neukan. Aukera ederra iruditzen zitzaidan bizikletan ibiltzea eta Hego Amerika zeharkatzea. Hori egitea erabaki nuenean, informazio bila hasi nintzen. Ez neukan helburu zehatzik, baina banekien zein herrialde igaro nahi nituen; Txile, Argentina, Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbia. Norabide bat izatea gustatzen zait, nahiz eta askotan gauzak inprobisatu behar izan. Eta hemen ere horrela izan zen. Kolonbian amaitu beharrean, Mexikon amaitu nuen. Hasieran, bederatzi hilabeterako edo urtebeterako joan nintzen, baina urte eta erdira luzatu zen.

Zer oroitzapen dituzu?

Nire bizitzako unerik gozoenak izan zirela gogoratzen dut! Neure burua ezagutzeko balio izan zidaten. Hura errepikatzea oso zaila izango da. Dirua gastatu nuen, baina sekula ez dut dirua hain ondo gastatu. Aberats izateko modu asko daude, eta nik argi daukat dirua interesatzen zaidala gutxien.

Everest (Nepal, Himalaia, 8.848 metro) eta Annapurna (Nepal, Himalaia, 8.091 metro) mendien oinarrizko kanpalekuetan ere egona zara. Altuerak erakartzen al zaitu?

Bai, asko. Baina, orain dela gutxi arte, arazo bat neukan: ez nuen ezagutzen alpinismoa egiten zuen inor. Ziurrenik, nerabezaroan edo gaztaroan baten bat ezagutu izan banu, alpinismo probatuta izango nuen. Izugarri erakartzen nau, baina altueran ibiltzen ikastea ezinbestekoa da. Bolivian Huayna Potosi [6.090 metro] mendia igotzeko aukera izan nuen. Izugarria izan zen abagune hori izatea!

Alpinismora lehenago ez ailegatu izanak pena ematen al dizu?

Baietz esango nuke. Oraindik ere gauzak egin ditzaket, eta Alpeetan ere igo nahi ditut 4.000 metroko batzuk. Andeetara itzultzeko asmoa ere badut.

Askok diote bidaiari ona izateko ezinbestekoa dela oso gutxirekin bizitzen jakitea. Iritzi berekoa al zara?

Bai, zalantzarik gabe. Esandakoa egia da. Ni, esaterako, begetarianoa naiz, baina Euskal Herrian. Kanpoan izatea niretzat ez da hain erraza. Esaterako, herrialde batera iristean, oilasko bat hiltzen dute zu iritsi zarelako; zer esan behar diezu, nik ez dut hori jan nahi? Ez! Begetarianoa izatea aukera bat da, eta hori herrialde aberatsetan bakarrik gertatzen da. Herrialdeetara egokitzea ere ezinbestekoa da; hori da bigarren baldintza bidaiari batentzat.

Arazo asko izan al dituzu bidaietan?

Batzuk bai. Bat kontatzekotan, Txile eta Argentina artean izandakoa aipatuko dut. Elur ekaitz batek harrapatu ninduen, eta kamioi batean sartu nintzen kamioilari batekin. Egun eta erdi pasatu zen kasu egin ziguten arte. Hogei kilometroko ibilbidea osatzeko hamabost ordu igaro ziren. Azkenean, eliza batean amaitu nuen lo egiten. Askotan gertatu izan zait pentsatzea: «Eta nik zer egiten dut hemen?»

Eta beldurra askotan sentitu al duzu?

Beldurra ez, baina askotan sentitu izan naiz oso zaurgarri. Baina hemen ere sentitu izan naiz horrela, nire herrian esaterako. Jende gaiztoa munduko leku guztietan dago; horretarako ez dago urrutira joan beharrik. Lasaitasuna kudeatzen ikastea ere oso beharrezkoa da. Beldurrak hartzen bazaitu, akabo, inoiz ez duzu bidaiaz gozatuko. Emakume gisa, oso egoera gogorrak bizi izan ditut, baina, aldi berean, beste emakumeen aldetik ere oso babestuta sentitu naiz. Gizon batzuekin oso esperientzia txarrak ere izan ditut, gehienbat alkohola tartean dagoenean. Mila begirekin ibili beharra daukagu beti.

Argi al daukazu bizitza hau nahi duzula?

Bai, zalantzarik gabe. Bidaietatik itzultzean lan handia egin behar izaten dut. Autonomoa naiz, eta, nahiz eta bidaiatzen aritu, lana egitea dagokit. Baina bai, bizitza mota hau oso gustuko dut gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.