Egiaz eta begiaz

Gabriel Arestiren arau-haustearen abantailak

Manuel Mariak 'Bidea nostalgia bat da' izendatu zuen bere poema liburuetarik bat. Hantxe idatzia utzi zuenez, Bilbo Handia, edo Babel Handia, gurutzatu zuen oroimenean txingarra bezain bizi Gabriel Aresti Segurolaren hitz magiko itzalezin bat zebilkiola. Galegoak eta euskaldunak iragan mendeko 70eko hamarraldiaren hastapenean.

Galizia Etxeko atarian, Rosalia eta Castelaoren omenezko eskultura. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Barakaldo
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Gabriel Aresti da 1970ean Manuel Mariari gaztelaniaz idazten ari, euskarara iraulia: «Txorakeria bat da, garrantzi handirik ere ez du, baina atsegin dut auzia eta uste dut zeuk ere gogoko izango duzula. Garbi esanik, euskaldunek eta galizarrek antipatia handia diote elkarri. Ez naiz sartuko horren arrazoiak aztertzera, egunen batean ikertuko dut gaia, agian. Oraintxe esan dezakedan gauza bakarra da egoera horrek min handia egiten didala eta guk intelektualok gauza guztian eta gauza bakoitzean lagundu behar dugula antipatia hori desager dadin eta, gorrotoaren eta haserrearen ordez, bi herrien artean nagusitu daitezen elkarlana, elkar ulertzea eta errespetua. Horregatik, hirugarren urtez, lehiaketa batean ere epaile ez izateko eta jendaurrean nire lumaren fruituengatik baizik ez agertzeko araua hautsi, eta Barakaldoko Galizia Etxeko Breogan ipuin lehiaketako epaile izango naiz. Gainera, aurtengo jai egitarauan emateko kolaborazio bat ere eskatu didate oraintxe transkribatuko dizudan gutun maitagarri baten bidez: 'Komunitate honek uste du Euskadiko herriarekin bateratua egonik, nork bere balioei eutsiz eta bestearenak errespetatuz, atsegin litzatekeela jai egitarauan herri horren lagin adierazgarri bat izatea. Hargatik zuzentzen gatzaizkizu zeuri'. Jai egitarau bat gauza txikia da, baina uste dut oinarrian egiten diren kultur adierazpenok direla egiaz garrantzizkoak. Hargatik egin nahi izan dut hori baino gehiago: artikuluxka eskas bat egin ordez, nahiago izan dut gaiari zuzen heltzen dioten poema pare bat idatzi. Lehena, mezu bat izango litzateke, berton bizi diren galegoei zuzendua, eta, bigarrena, berdin, baina euskal herrikoei. Jakina, jendeak niri ulertzea nahi badut, jatorriz gaztelaniaz idatzi beharko nituzke poemok. [Xurxo] Martinezekin [Crespo] hitz egiten ari nintzela, poemak euskarara eta galegora itzultzea bururatu zitzaigun. Aipu handiagoa emanez (...) itzulpena zeuk egitea pentsatu genuen, hobeto egingo zenuelako eta, bestalde, zure izena baliatuz nire mezua indartuko zenukeelako. Eta, orduan, hirugarren poema bat idatzi behar zela bururatu zitzaidan, zeu ere bi herrioi zuzendurik, eta horixe da mesede berezi bezala eskatzen dizudana, euskarazko poema hauek galegora itzul diezazkidazula, batetik, eta egin diezadazula, bestetik, poema bat nireen ildo berean, guztia ere aipaturiko jai egitarauan ager dadin eta ahots sendo bat osatu dezagun, biona batera, injustizia honen kontra altxatzeko, zeina baita euskaldunek eta galegoek Euskadin elkar gorrotatu eta erdeinatzea. Gero, guztiarekin, berrehunen bat aleko tirada egingo nuke —azala barne, zure poemak eta nireak bildurik, zein bere itzulpenarekin—, ehun euskal intelektualen eta beste ehun galegoren artean banatzeko».

Bi poetek ere beren poemak idatzi zituzten, bi Gabriel Arestik eta bat Manuel Mariak. Idatziagatik ere, ordea, ez zen hiru poemak bilduko zituen liburuttorik osatu, berrehun aleko tiradarik ez, Aresti orduz lehen hil zelako, 1975eko ekainaren 5ean.

Beharrik, hortxe dira hiru olerkiak, «Arestiren bihotz onaren eta elkartasunaren lagin», Raul Rio Diazek idatzi zuenez.

San Juan, Aresti

Raul Rio Diazek berak idatzia da: «Arestik gogotik estimatzen zuen hona etorritako galegoen komunitatea eta, batez ere, Barakaldoko Galizia Etxea, Manuel Mariari aitortu zionez. Aresti Gregorio San Juan poetaren eskutik heldu zen Galizia Etxera». Gregorio San Juan (Melgar de Yuso, Espainia, 1928Bilbo, 2006), haurra zelarik heldu zen Bizkaira, eta Bilbo, Barakaldo eta Sestao artean ibili zen guztiz gehiena. Berak zioenez, palentziarra zen jaiotzez, galegoa bokazioz, baina «bizkaitar peto-petoa bihotzez». San Juanek galegoa zuen emazte, Rosaliaren zale amorratua zen, galegoz ikasi zuen eta poemak ere idatzi zituen galegoz. Eta balio du Gregorio San Juan aipura ekartzeak, berak piztu baitzuen nonbait ere Arestirengan literatura galegoarekiko interesa. San Juan berak proposatu zuen Breogan izeneko ipuin lehiaketa antolatzea, berak idatzi zituen sariketaren oinarriak ere eta, azkenaz beste, berak sartu zuen Aresti epaimahaiko, lehiaketa batean ere epaile ez izateko eta jendaurrean bere lumaren fruituengatik baizik ez agertzeko araua hautsaraziz Gabrieli.

Arestik gogoz eta gogotik bezain zorrotz bete zuen epaile-lana eta, behin, akta sinatzera ere ukatu zen, galegoz ageri ez zelako. Epaimahaiko idazkariak akta galegoz idatzi artean ez zuen Arestik hura sinatu.

Gabriel Arestiren eta Manuel Mariaren adiskidantzaz den bezainbatean, Suso Buxanen bitartez ezagutu zuten bi poetok batak bestea. Nolabait ere, Buxanek —zinez gaztea garaian—, jakin zuen Euskal Herrian bazela poeta bat oso ona, eta Harri eta Herri (1964) liburua utzi zion Manuel Mariari. Hura irakurri eta guztiz harritu zen galegoa Raul Rio Diazek dioskunez. «Eta Mariak Arestiri idaztea erabaki zuen, eta gutunarekin batera, Canciós de lusco ó fusco e Documentos personais (Betokerraren kantuak eta Dokumentu pertsonalak) lana igorri zion». Huraxe izan zen Manuel Maria Gabriel Arestiri zuzendu zitzaion lehen aldia, eta, inondik ere, 1969 da urtea, bilbotarrak urte hartako maiatzaren 7an idatzi baitzion lehenbizikoz Mariari. «Biziki eskertu behar dizkizut zure gutunean nire poesiaz esaten dituzun gauza gozoak. Ez dut uste merezi dudanik, baina, dena den, adore ematen dit liburua zuri gustatu izanak. Eskertu nahi dizut, halaber, zure liburuak bidaltzeko izan duzun adeitasuna, atsegin handiz irakurriko dizkizut, egiaz. Zure hizkuntzan hitz egitera ez ausarturik ere, erraz antzean uler dezaket. Nire aldetik ausarkeria bada ere, epaile ere izan naiz Barakaldoko Galizia Etxeak antolatu ohi duen galegozko ipuin lehiaketan».

Manuel Mariaren ipuina lehian

Urte berean, artean 1969an, Manuel Mariak ipuin bat aurkeztu zuen erran delako Bregoan ipuin lehiaketan: Carta a un amigo que vive no extranxeiro (Gutuna erbestean bizi den adiskide bati). Ipuinak egiazko gertakizun bat du oinarri, zeinaren arabera Margarita Ledo Andionek Portugalera ihes egin behar izan baitzuen Galiziako aberri egunaren propaganda egiteagatik. Manuel Mariaren ipuinak ez zuen lehiaketa irabazi —Dario Xohan Cabanaren Conto parvo en tres tempos e medio (Ipuin laburra hiru denbora eta erdian) lana saritu zuten—, are, Mariaren istorioa ez zen finalera ere heldu, besteak beste Aresti aipatzen zuelako, bilbotarra epaimahaiko zela Mariak ez jakinki.

Halaxe adierazi zion hurrengo eskutitzean Arestik berak Mariari: «Zure ipuina ikusi dut. Ipuin ona, baina izan dira hobeak. Nire ustez, onena, iazko irabazleak, Muruais delako batek, aurkeztutakoa izan da. Diote Muruais horrek kapitalari saldu diola bere burua, baina oso erraza da halakoak esatea, nitaz ere esaten dute, eta, aldiz, inoiz baino okerrago nabil. Beste ipuin bat ona, ikasle gazte batena, galego txar batean literatura ona egin zuena. Ordea, esan didatena da harrigarriena, irabazleak hamabost urte baizik ez dituela. Zure ipuina atsegin izan nuen oso, baina ezin izan nuen azkeneko botaziora eraman, zeren gainerako bi epaimahikoen iritziz nire zehar-aipamena egiten baitzenuen aski argiro. Dena dela, penagarria da zenbait jenderekin batera izan beharra epaimahaiko, batez ere lanaren balio literario edota politikoaren gainetik —niretzat gauza bera baitira—, munstrokeriak arima galegotzat hartzen dituztenekin. Euskaldun bat baino gehiago bidali izan dut inoiz antzarak ferratzera antzeko gauzengatik, baina oraingoan inoren etxean nengoen», erran nahi baita, Barakaldoko Galizia Etxean.

Manuel Maria Barakaldon

Handik hiru urtera heldu zen lehen aldiz Manuel Maria Euskal Herrira. Saleta eta Lois Dieguez zituen bidaide. Bretainian izan ziren, eta Parisen, eta, bidean, Hazparnen, Francis Jammesen hilobiaren oinetan. Itzulian, Bilbon izan ziren «berariaz, Manuel Mariak artean ezagutzen ez zuen Gabriel Arestiri bisita egin nahi baitzion. Eta halaxe joan zitzaizkion Arestiri etxera, Toledoko alkazarra kaleko 46. zenbakira. Txirrina jo, eta Arestiren emazte Meli Estebanek ireki zien atea: 'Hemen bizi da Gabriel Aresti jauna?' galdetu arrotzek, eta Arestiren emazteak, Manuel Maria bizian ordu arte inoiz ikusi gabeak, galegoa Bilbora zetorrela ere ez zekienak: 'Zu Manuel Maria zara, ezta?'». Manuel Maria guztiz harritu omen zuen Meli Estebanen intuizio zorrotz edo musek igorritako dohain sotil hark.

Urte berean, Arestik Bilbora gonbidatu zuen Manuel Maria. Hiria, inguruko bazterrak eta komunitate galegoen tokiak erakutsi zizkion. Hitzaldiak eta errezitaldiak egin zituzten bateko eta besteko Galizia Etxeetan eta zenbait parrokiatan. Azken emanaldia Deustuko Unibertsitateko paraninfoan eskaini zuten. Eta istilua eta iskanbila. Arestiri eraso zioten, ez poeta gisa ez euskaldun gisa balio zuela esanez. Beste historia bat.

Haatik, urte gutxiren buruan helburua bete zuen Arestik: galegoak eta euskaldunak bata besteari lotu zituen, hein batean, bederen, beti ohi denez. Gabriel Aresti bera eta Manuel Maria gertatu ziren lokarri eta lekukotza eman zuten, besteak beste, Barakaldoko, Santurtziko, Laudioko, Trintxerpeko... Galizia Etxeek.

1974an, esaterako, Manuel Mariaren artikulu batek hornitu zuen Barakaldoko etxearen jai egitaraua, eta ondoko urteko maiatzean, letra galegoei buruzko hitzaldia egin zuen Bilboko Galizia Etxean. Gabriel Aresti, gaixo handi ordurako baina errezibitzera joan zitzaion tren-geltokira.

Manuel Maria bera ere, Galiziara itzuli eta egunetara eritu zen. Eta artean ezongi zela, 1975eko ekainaren 5ean, Bilboko etxearen ordezkari Paco Gonzalezen dei beltza jaso zuen etxean: «Gabriel Aresti hil da». Ez zituen berrogeita bi urte.

«Euskaldunek eta galegoek antipatia handia diote elkarri. Egoerak min handia egiten dit, guk intelektualok gauza guztian eta gauza bakoitzean lagundu behar dugu antipatia hori desager dadin eta, gorrotoaren eta haserrearen ordez, bi herrien artean nagusitu daitezen elkarlana, elkar ulertzea eta errespetua. Horregatik, hirugarren urtez, lehiaketa batean ere epaile ez izateko eta jendaurrean nire lumaren fruituengatik baizik ez agertzeko araua hautsi eta Barakaldoko Galizia Etxeak...».

Han-hemengo Galizia Etxeak, Santiago egunak eta letra galegoen ospakizunak. Rosalia de Castro eta Alfonso Castelao. Gabriel Aresti eta Manuel Maria eta ondoko soka luzea gaurdainokoa, eten ez dena.

1990ean Barakaldon, Trintxerpen eta Laudion izan zen Manuel Maria. Hitzaldiak egin zituen batean eta bestean. Barakaldoko Galizia Etxean izan zen, esaterako, maiatzaren 20an, Koldo Izagirre eta Karmelo Landa idazleak ezker-eskuin zituela, eta egun huraxe baliatu bertan ezartzeko euskaraz eta galegoz —haritzezko— plaka gogoangarria. «Este centro a Gabriel Aresti, poeta e amigo. Olerkari eta laguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.