Ezinezko maitasunak eta estilo ariketak

Park Chan-wook zuzendari hegokorearrak thriller eta melodrama generoak uztartu ditu bere azken film luzean, 'Heojil kyolshim'-en

Tang Wei, alargundu berria, eta Park Hae-Il, heriotza ikertuko duen polizia, filmeko pasarte batean. HEOJIL KYOLSHIM.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
2004a zen. Cannesko jaialdian (Frantzia) bere Mendekuaren Trilogia izeneko bigarren filma aurkeztu zuen, Oldboy. Telebista bat bakarrik duen gela batean bahituta urteak igaro dituen negozio gizonaren istorioa. Epaimahaiaren sari nagusia irabazi zuen, eta Mendebaldean gutxi batzuek ezagutzen zuten zinemagile hegokorearraren lana mundu osora zabaldu zen. Ordurako eginak zituen bost film luze, baina Park Chan-wook izenak Oldboy-rekin lortu zuen nazioarteko sona.

Parken azken film luzea, Heojil kyolshim, ospea eman zion jaialdi berean lehiatu zen iaz, eta zuzendaririk onenaren saria lortu zuen. Ordutik sari eta izendapen ugari jaso ditu, tartean muntatzerik onenari saria Valladolideko Semincin (Espainia). Oscar sarietan Hego Koreako ordezkaria izango da.

Hae-joon-en eta Seo-rae-ren istorioa kontatzen du Heojil kyolshim-ek. Lehena Poliziako detektibea da, eta mendi batetik erorita hil egin den gizon dirudun baten kasua ikertzen ari da. Erori egin zen, bere burua bota zuen edo bota egin zuten argitu behar du. Horretarako, hildakoaren emaztea, Seo-rae, galdekatuko du, eta haren jarrera hotzak gizonaren hilketaren susmagarri bilakatuko du. Txinatik migratutako emakumearen eta polizia hegokorearraren artean dagoen desirak eta erakarpenak interes eta susmo joko batean murgilduko ditu bi protagonistak.

Thrillerraren eta melodramaren artean egiten du dantza Park-en azken lanak. Bi protagonisten arteko maitasun istorioa ezinezkoa da; hilketa baten ikertzailea eta ikertua dira, horrek dakartzan inplikazio etiko eta profesional guztiekin. Melodrama. Eta ikerketa bera; kontatutakoak, ikusitakoak, mesfidantza eta susmoak, dirudiena eta ez dena. Thrillerra. Zinemagile hegokorearrak bi generoek eskaintzen dituzten bideak arakatu nahi izan ditu.

Tresnen erabilera bikaina

Horixe da kritikak Parken azken lanean gehien goraipatu duen arloa. Ikus entzunezko hizkuntzak ematen dituen aukerekin oso neurritsua ez izateagatik da ezaguna zinemagile hegokorearra. Haren filmografia luzean erabil zitzakeen trikimailu tekniko eta artistiko denak erabili dituela esan daiteke. Heojil kyolshim ez da atzean gelditzen. Zuzendariak zinemak eskaintzen dituen baliabide guztiak erabili ditu, eta haiekin gozatu egin du. Horrela, sekuentziarik grisenei ere —istorioak aurrera egiteko garrantzitsua den zerbait azaltzeko beharrezkoak diren, baina artistikoki gehiegi ematen ez duten sekuentzia horiek, esaterako—, kolorea eman die soinua, muntaketa edo argazki zuzendaritza baliatuta.

Erabili ditu kamera angelu pentsaezinak, plano batetik hurrengorako muntaketa burutsuak, momentu ezberdinetako soinuen gainjartzea, ikuspuntu aldaketak. Hilketaren ikerketarako erabilitako tresnek ere istorioa kontatzeko era ezberdin bat ekarri dute, horrela, sakelakoek, grabatutako ahots mezuek, itzultzaile digitalek eta pantailek protagonisten arteko geruza berri bat gehitu dute. Hurrenkeran egindako estilo ariketak dira, eta, aldi berean, denak laguntzen du filmaren tentsio, zalantza, eta susmoa eraikitzen.

'HEOJIL KYOLSHIM(DECISION TO LEAVE)'
Zuzendaria: Park Chan-wook.
Gidoilariak: Jeong Seo-Gyeong, Park Chan-wook.
Aktoreak: Tang Wei, Park Hae-Il, Go Kyung-pyo.
Generoa: Intriga.
Urtea: 2022.
Iraupena: 138 min.
Herrialdea: Hego Korea
Estreinaldia: urtarrilaren 20an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.